Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2010/02/02
Etxebizitzaren Aldeko Ituna - 1. Jardunaldia
Babes publikoko etxebizitzen sustapena eta lurzoru premiak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eskatuta, 2009ko azaroaren 23an Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala aurkezteko jardunaldia egin ondoren, eta jardunaldira gonbidatutako erakundeen ondorioak eta ekarpenak aztertu ondoren, pentsatu diren ardatz estrategikoak sakonki aztertuko dituzten lan-mahaiak antolatuko dira 2010eko otsailean.


Innobasquek dinamizatuko ditu egingo diren Jardunaldiak, eta honako hauek parte hartuko dute: agente ekonomikoek eta sozialek, alderdi politikoek, sindikatuek, mota askotako elkarte ugarik, sustatzaileek eta abar.

Gaur egin da lehen jardunaldia, Innobasqueren Zamudioko egoitzan, eta 60 lagunek baino gehiagok parte hartu dute jardunaldietan. Gaur parte hartu duten erakundeak honako hauek dira: eraikitzaileak, sustatzaileak, arkitektoak, aparejadoreak, ingeniariak, auzo-elkarteak, finantza-erakundeak, Gazteriaren Kontseilu Nagusia, Familia Ugarien Elkartea, kontsumitzaileak, alderdi politikoak, udaletxeak, sindikatuak, enpresaburuak eta abar.

Etxebizitzaren aldeko Ituna aurkezteko jardunaldian, garrantzitsuak diren kontzeptu interesgarriak agertu ziren World Coffee topaketaren barruan, eta horiek aintzat hartuta, ezarritako laguntza-sistemekin eta araudiarekin batera, Sailak hainbat hausnarketa egin zituen. Lehen Jardunaldi horren helburua da esku hartu duten agenteen eta Sailaren proposamenak eztabaidatzea eta horien gainean erabakitzea. Eztabaidatu diren gaiak, besteak beste, honako hauek izan dira:

1. Etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea

a) Zeintzuk izango lirateke eskubidearen titularrak
b) Zer ulertzen da etxebizitza duin eta egokia izatea kontzeptuarekin
c) Nola gauzatzen da eskubide hori:
d) Nork izango luke eskubide subjektibo hori

2. Erreserba espezifikoen eta kupoen berrikuspena eta proposamen berriak

3. Esleitzeko sistemak

4. Etxebizitzaren edukitze-erregimenak

5. Etxebizitza babestuaren definizioa eta eskuratzeko bideak

6. Lurrazal-eskubideko etxebizitzen salmenta-balioa bigarren eskualdatzean eta ondorengoetan. Lurrazal-eskubideko onuradunek lurzoruaren gaineko jabari osoa eskuratzeko aukera

7. Prezio-eredu berria. Konpentsazio-fondo bat sortzea

8. Lurzoruen egungo antolamendua

2. Mahaian aztertuko den arren, gai horri buruzko hausnarketa bat egin nahi da, ondorengo puntuen sarrera moduan.

Administrazioek hiri-plangintzako eta hiri-kudeaketako hainbat mailatan banatutako lurzoru-ondarea dute. Askotan, etxebizitza berriak emateko, lekuz aldatzeko, lurzoruen deskontaminaziorako, eta bestelako gauzetarako izapideek nabarmen atzeratzen dituzte jardunak, eta beste jardun-ildo batzuk pentsatu behar dira.

Bestalde, eraikitzeko aukerak dituen lurzorua oso mugatua da, eta Euskadiren kasu zehatzean, oso urria.

Gaur egun, argi dago soilik hazkunde estentsiboan oinarritutako etxebizitza-politika guztiz eutsiezina dela. Garatzeko errazagoa den arren, ez du laguntzen jada eraikitako guneen hobekuntzan, eta baliabide naturalen gastu handiagoa ekartzen du. Administrazioak jada dagoen hiria berritzearen eta eraberritzearen aldeko apustua egin behar du, zabaltzearen ordez.

Etxebizitza Sailak hiri-eraberritzeko eta udalerrien barne-erreformako lanak sustatzearen eta lehenestearen aldeko apustua egin nahi du, ordezkapeneko, hobekuntzako edo eraberritzeko jarduketen bitartez. Eremu degradatuak edo industria-erabilera zaharkituetara bideratutako eremuak eraberritzeko eta berrurbanizatzeko prozesuen eraginpeko areek bizileku-garapenerako guztiz erabilgarriak diren lurzoruez gabetzen dituzte udalerriak.

9. Urbanizazio-jardunak bultzatzea

Baliabideak bideratuko dira, hirigintza-plangintza duten udal-eremuak edo eremu pribatuak kudeatzeko eta urbanizatzeko, BOEak etxebizitza librearen erritmoa alde batera utzita gara daitezen.

10. Euskal hirigintza-sistemaren azterketa. Legeria aplikatzearen esperientziak

Otsailean eztabaidatu eta aztertuko diren ardatz estrategikoak honako hauek dira:

1. Babes publikoko etxebizitzen sustapena eta lurzoru-premiak.
2. Etxebizitzak eraberritzea eta hiri-berrikuntza.
3. Alokairu-parkea eta etxebizitza eskuragarrien stocka.
4. Etxebizitza-sustapen publikoari lotutako erakundeak.
5. Zerga, finantzaketa eta laguntzen arloko politika publikoak.

Hasitako prozesuaren helburua da etxebizitzaren arloan inplikaturiko agente publiko, sozial eta pribatu guztien arteko adostasuna lortzea, Euskadin hurrengo urteetan garatu beharreko ildo estrategikoak eta jardun-eremuak bideratzeko aukera emanez, eta Sailak aurten Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen Etxebizitzari buruzko Lege Proiekturako oinarri gisa balio dezan.

Jaurlaritzak uste du parte-hartzaile guztien lankidetza eta ekarpenak funtsezkoak direla helburu handi hori lortzeko.