Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2009/11/02
Jaurlaritzak informazio-azterlan bat enkargatu du Barakaldoko tranbiari buruz
Urtean 4 milioi erabiltzaile izango dituen herriz kanpoko sistema bat izango da
Garraio sailak bilera egin zuen ekainaren amaieran Tontxu Rodríguez Barakaldoko alkatearekin eta tranbiaren aldeko plataformaren ordezkariekin, Barakaldoko tranbia egiteko dauden alternatibak aztertze aldera. Bilera hartan, egiten ari zen bideragarritasun-azterlana aztertu zen, eta orain emaitzak aurkeztu zaizkio Udalari.

Urri erdi aldera ETSk INECO ingeniaritzari eskatutako egingarritasun-azterlan bat amaitu dute. 25 alternatiba eta azpialternatiba aztertu ondoren, Barakaldon tranbia bat jartzeko behar besteko bidaiari-eskaria duen trazadura bat proposatu da.

Azterlan horren arabera, tranbia bideragarria izango da Barakaldon, Eskuinaldearekiko konexioa ahalbidetzen baitu, Urbinagan eraikiko den aldagunearen bidez.
 
Eusko Jaurlaritzak eta Barakaldoko Udalak aztertu duten proposamenak 13 geltoki izango ditu, eta Beurko, Lorategi Botanikoa, Erretuerto, Lutxana eta Galindo zerbitzuko ditu; hain zuzen ere, egun ez metro, ez tren-zerbitzu onik edo garraio publiko kolektibo egokirik ez duten auzoak.  Gainera, proiektu honek balio erantsi bat du; Ansion (BEC-en alegia), metroaren 2. linearekin lotuko da, eta hortaz, geltokiak hiri barruko eta kanpoko tren-sistemen aldagune gisa funtzionatuko du. Tranbiak 6 km baino gehiagoko trazadura izango du.

Beraz, hiri barruko zerbitzu soila baino askoz ere gehiago izango da. Urbinagan, Sestaon, aldagune baten bidez metroarekiko eta RENFEren aldirietako zerbitzuarekiko konexioa ahalbidetuko du, bai eta Leioa eta EHUko tranbiarekikoa ere.

Horregatik, proiektua bideragarria dela ikusirik, Garraio Sailak Barakaldoko tranbiak izango dituen behin betiko ezaugarriak zehazteko informazio-azterlan bat eginaraztea erabaki du. Azterlanak inbertsioak eta epeak planifikatzeko aukera emango duen trazadura finkatuko du. Azterlan horren emaitzak hamabost hilabete barru-edo aterako dira.

Jaurlaritzak erabaki du proiektu hau berreskuratzea, uste duelako tranbia Barakaldorentzat oso konponbide ona izango dela, eta herri horrek kalitatezko garraio-sistema publiko bat izateko aukera emango duela. Oraingoz egindako balioespenen arabera, urtean 4 milioi erabiltzaileri emango die zerbitzua (Bilboko tranbiak urtean 2,8 mikoi erabiltzaile ditu), eta horri esker, bidaiari gehiago erakarri ahal izango dira, ibilgailu gutxiago ibiliko dira hirian, kutsadura ere jaitsi egingo da, eta Barakaldo barruko zenbait alde eta auzoen arteko konexioa hobetu egingo da.

Baina gainera, Sailak Urbinagako aldagunearen garrantzia azpimarratu nahi du. Aldagune horri esker, ezkerraldeko bizilagunek, hasi Barakaldotik eta Santurtzira bitartekoek, konexio zuzena izango dute merkataritza-eremu handi batekin eta Eskuinaldearekin.  Ikasleak, esaterako, Bilbora sartu beharrik gabe, zuzenean joan ahal izango dira Leioara, eta han, tranbia berean, Unibertsitateraraino jarraitu. Eta bistan da horrek ikaragarri hobetuko duela, Barakaldoko eta, oro har, Ezkerraldeko eta Eskuinaldeko jendearen bizimodua.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzarik datorren urterako onartu dituen aurrekontuetan 400.000 euro gorde dira tranbia hau bultzatzeko.

Era berean, Iñaki Arriola sailburuak tranbia elkarrekin kudeatzea proposatu dio Barakaldoko alkateari.

Sailak, bestalde, horrelako proiektuak ekimen publikoak eta pribatuak elkarrekin finantzatzeko formulak ezartzen saiatuko da. Hala, bada, aditzera eman du Saila harremanetan jarri dela garraio kolektiboaren sektoreko eragile eta enpresekin lankidetza-alternatibak bilatzeko asmoarekin.

Bestetik, hilabete honetan bertan, Saileko ordezkariek bilera egingo dute Leioako alkatearekin, herri horretako tranbiaren proiektuarekin aurrera egiteko.

Eusko Jaurlaritzak onartu duen +Euskadi 09 planaren barruan 5 milioi euroko partida bat dago urtea amaitu baino lehen Leioako tranbiaren kotxetegiak eraikitzeko. Beraz, garbi dago Jaurlaritzaren asmoa dela Bizkaiko jende askorentzat hain garrantzitsuak diren bi proiektu horiekin aurrera egitea.