Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Azken eguneratzea: 2009/06/25
Ezker Batuaren interpelazioa
Etxebizitzaren arloan krisialdiari aurre egiteko neurriak erretiratzeari buruzko interpelazioa dela eta, Arriola sailburuak erantzundakoa

Eskerrak eman nahi dizkiot interpelazioa aurkeztu duen legebiltzarkideari, aukera emateagatik, aurreko gobernuak martxan jarritako krisialdiari aurre egiteko neurrietarako formularioa webgunetik kentzera zerk behartu gaituen azaltzeko, topagune honetan.

Bizi dugun testuinguru ekonomiko eta sozial honetan, hainbat eta hainbat familiaren egoeraren larriaz Arana jaunak agertutako kezkarekin bat gatoz gu ere. Badakigu krisi ekonomikoaren ondorioz lanik ez duten familia osoak daudela, hipotekei aurre ezin eginik; eta egoera horren aurrean, ez Jaurlaritza, ez Etxebizitza Saila, ez dira soraio.

Aurreko gobernuak bultzaturiko neurriak, hipoteka ordaindu ezin zuten jabeei etxebizitzak berrerosteko ziren; etxebizitza libreen kasuan, etxebizitza erosi, etxebizitza babestu bihurtu, ordura arteko jabeak maizter gisa hartu bertan, etxebizitza erosteko aukerarekin; eta babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, etxebizitza berrerosi eta ordura arteko jabeak BIZIGUNE programan hartu, maizter gisa.

Aurreko gobernuak neurriak abiarazi bai, baina ez zuen kasu bat bera ere ebatzi. Asmoak onak ziren, baina neurriak martxan jartzen hasi, eta hara egoera:

30 eskabide zeuden, eta baloratu ondoren, 30 horietatik 5el aldeko txostena jaso zuten, baina beste 25ak ezetsi beharrekoak ziren, ez baitzituzten formularioan adierazitako eskakizunak betetzen.

Ez zegoen laguntza horien oinarririk emango zien onartutako araudirik, ez eta aurrekontu-izendapenik. Formularioarekin batera zetozen eskakizunak bakarrik dauzkagu, eta uste dugu hori ez dela aski, eta horrelako jarduketa batek babestuko duen araudia behar duela.

Ez dago neurri horiei aurre egiteko aurrekontu-partidarik. Neurriei bere horretan eutsi izan bagenie, aurrekontu aldetik diru dezente beharko zatekeen, indarrean dagoen Aurrekontuen Legean aurreikusita ez zeudenez, auskalo nondik kendu beharko genukeen dirutza hori.
Horiek horrela, pentsatu genuen ezinezkoa zela programa martxan jartzea, harik eta horretarako behar zen aurrekontua aztertu gabe, eta arau bidez oinarritu gabe, eta horregatik kendu genuen saretik.

Nolanahi ere, ez diogu inori kalterik egin, eta abiarazitako espedienteak ebatzi egin ditugu.

Kaleratu eta, hipotekak ezin ordainduz, beren etxebizitzak galtzeko zorian dauden herritarrei laguntzeko Sail honek ezarri asmo dituen neurriei buruzko galdera dela eta, esan beharra daukat zentzuzko politika bat bideratzeko asmoa dugula, alokatzeko ditugun etxebizitzen zati bat krisialdi ekonomiko eta finantzieroak irauten duen bitartean egoera sozial larriak konpontzeko erabiliko dituena. 

Ekonomia suspertzen hasten denean, aldi baterakoa izango den politika hori, pixkanaka desagertuz joango da.

Erosi, ez; aldi baterako alokatu, bai. Hori da krisialdiari erantzuteko proposatuko dugun neurria, eta gainera, arauz eta aurrekontuz behar bezala hornitua.

Denborak mugatua izango den salbuespen gisako bide bat behar du izan; zeren eta kontuan izan behar dugu, guk etxebizitza-beharrei erantzun behar diegula, eta 89.000 pertsona dauzkagula etxebizitza bat eskuratzeko zain. Eta hori guztia aurrera ateratzeko bi jardun-lerro izango ditugu:

1.- Enplegua galdu dutelako bankuak hipoteka gauzatu eta etxebizitza galdu duten pertsonei babestutako alokairuan eskainiko zaie etxebizitza bat, Bizigune programaren bidez.

2.- EAEko etxebizitza libreen sustatzaileei, bukatuta eta saldu ezinik, stockean dituzten etxebizitzen erabilera 5 urtetarako Eusko Jaurlaritzari lagatzeko aukera emango zaie, 27.000 €ren truke; etxebizitza horiek, enplegua galdu dutelako, bankuak hipotekaturiko ohiko etxebizitza kendu dieten pertsonei alokairu babestuarekin eskaintzeko baliatuko ditu Jaurlaritzak.