Ongi etorri guztiok ekitaldi honetara. Eskerrik asko bertaratu zareten guztioi.
1988an kaleratu zen BIDEGILEAK bildumaren lehen sorta. 1988an lehen bilduma kaleratu zenetik gaur arte, 19 urte hauetan zehar, ehun eta hirurogeitik gora bidegileren bizitza, obra eta pentsamenduari buruzko dibulgazio-lanak idatzi eta argitaratu dira bilduma honetan. Ehundik gora dira, baita ere, lan hauetan idazle izan ditugunak. 19 urteren bueltan dagoenekoz ezaguna da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bilduma honen eskutik bultzatzen duen helburua: euskalgintzan, gure hizkuntzari lotutako ekimenetan, era batera edo bestera aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak, eta haien lana eta pentsamendua ezagutzera ematea, horixe da dibulgazio-lanen bilduma honen helburua.
Gaur hemen beste bi (44 - 45) aurkeztera etorri gara: beste zortzi bidegile bikain gehiagoren lana aitortzea eta modu erraz, didaktiko eta erakargarrian ezagutzera ematea lortu da liburuxka hauetan. Eta hori horrela da zazpi idazlek egin duten lanari esker.
Bidegileak bildumaren egiteko nagusietariko bat hain zuzen ere hainbaten lana aitortzea da, eta bidegile horiei buruz hitz egin aurretik, beste ezertan hasi baino lehen, niri dagokit hainbatek egin duten (duzuen) lana aitortzea eta eskertzea, eskerrak ematea. Eskerrak eman nahi dizkizuet gaurko bi sorta hauetan jasotako zortzi bidegileen familiartekoei eta lagunei. Eskerrak bihotzez eta aipamen berezia zuei lan hau egin ahal izateko eman duzuen laguntzagatik, eskaini duzuen informazioagatik, idazleen esku jarri dituzuen material eta argazkiengatik. Eskerrik asko.
Eskerrik asko, baita ere, nola ez, idazleoi, zortzi bidegile hauen berri herritarrei modu gozagarrian, atseginean eta nekerik gabe jaso ahal izateko modua egiten asmatu duzuelako. Eskerrik asko idazle lanetan aritu zareten zazpi lagunoi.
Eskerrik asko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Miren Dobaran zuzendariari, eta teknikariei, bereziki Roman Berriozabali eta Txetxu Lopez de Sosoagari.
Eskerrak emateaz gain atsegin zait labur bada ere (hitz ematen dizuet ez zaituztedala hitzaldi luze batekin aspertuko) gaurko zortzi bidegile hauek luzatutako haria hartuta gogoetatxo bat egitea.
Askotan hartzen dugu ahotan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Hizkuntza Politikako ardura dugunok; izan ere horixe baita euskal erakundeen hizkuntza politikaren nondik norako nagusiak finkatzen dituen plangintza-erreminta. Horrela, etengabe aipatzen ditugu Plan Nagusi horretako hiru helburu nagusiak -belaunaldien arteko euskararen transmisioa, erabilera, bizitzako esparru guztietan gertatzea nahi dugun erabilera, eta kalitatea-. Horrekin batera, behin baino gehiagotan esan izan dut hainbatek adierazi izan duten honakoa: hizkuntza batek -gurea barne, gurea ez baita salbuespen bat- iraungo badu bere alde behar dituen hainbat oxigeno iturriren artean, guztietariko bat bera ere gutxietsi gabe baina nahitaez, ezinbestez behar dituela honako hiru zutoinok: belaunaldi batetik besterako transmisioa, norbere hizkuntza alboan utzi ordez baliozkotzat hartzea eta hala estimatzea, eta erabiltzea. Eta horrekin lotuta, beste ororen gainetik, oroitarazten dugu arrakasta izan nahi duen edozein hizkuntza politikak, bat egin behar duela gizartearen nahiarekin eta gogoarekin. Alegia, erakunde publikoen ahaleginak berak bakarrik ez dezakeela askorik gizartea lagun ez badu. Eta geure buruari aitortzen diogu azken 20/25 urte hauetako aurrerapausoak, beren argi-itzal guztiekin, horrexeri zor zaizkiola: herri-erakundeek eta gizarteak, gizartearen gehiengo zabal batek eta erakundeek, bat harturik jardun dutelako.
Badakigu, ordea, kontuak ez direla beti horrela izan. Eta, hala ere, hizkuntzak iraun egin du, galerak galera transmisioa bermatu egin da. Iraute horretan, hizkuntzaren transmisio-lanetan, sarritan aitortu eta goretsi dugu emakumeen lana (duela gutxi Korrikaren aurkezpen gisa egindako kultura ekitaldietan, esaterako), andereñoena, gurasoena ere bai. Eta hori guztia ezinbestekoa zen; pertsona horiei guztiei esker lortu baita euskarak XXI. mendera arte irautea.
Baina, nahikoa al zen hori? Ezetz esango nuke. Euskal gizartea mendebaldeko gizartea baita; eta mendebaldeko gizarteetan nekez uler daiteke nola egin dezakeen hizkuntza batek -euskarak- 1968az geroztik egin duen jauzia (eta data bat hartzeagatik, Euskara Batuaren abiapuntutzat hartzen dugun urtea aipatu dut), oinarrian mendez mende datorren etxeko transmisioa baino ez badu. Etxeko transmisioa beharrezkoa eta garrantzitsua da, baina ez da nahikoa aurrerantz egiteko eta urteotako aurrerakada esplikatzeko.
Ezin dugu ahaztu 1950az geroztik jaiotakoek (eta data hau ere konbentzionala da, noski) aukera izan dugula ikasteko, unibertsitatera joateko, Europako beste herrialde eta gizarte batzuetako kultura mugimenduak, musika, zinea... ezagutu eta gozatzeko. Euskara mundu horietan guztietan zeharo arrotz izan balitz, askoz zailagoa izango zen (agian ezinezkoa ere bai) gaur duguna izatea (hein handi batean euskaraz irakasten duen unibertsitate publikoa, euskaraz idazten duen idazle sorta bikaina, euskal argitaletxeak, euskaraz diharduten hedabideak, kultura eskaintza egunetik egunera zabalagoa euskaraz...).
Eta zergatik izan da posible euskarak etxetik kanpo ere lekua izatea? Lourdes Iriondo, Julian Lekuona edo Imanol Larzabal bezalakoak izan ditugulako, Maurizia Aldeiturriaga bezalakoak izan ditugulako; euskararen aldeko hizkuntza politikarik egin zezakeen erakunderik ez zegoen garaietan, gerora EBPNk dioena betetzen buru-belarri saiatu zirelako: modernotasunean txertatuko zen euskarazko eskaintza egiten jardun zutelako, orduan gazte ginenok euskara modu erraz eta gustagarrian aurki genezan etxetik kanpora ere. Modernotasuna eta euskarazko sorkuntza eta eskaintza uztartzeaz ari garela, eta kantari hauen ekarriaz ari garela, nola ez gogoratu Ez Dok Amairu, kanta, estetika, kultura, forma… guztia bateratu nahi zuen mugimendu abangoardista hura, gizartearen kezkak albora utzi gabe inpaktu politikoa baino gehiago, inpaktu politikoaren gainetik, inpaktu estetikoa bilatu zuen mugimendu hura, hasiera-hasieratik Lurdes Iriondo kide izan zuen Ez Dok Amairu hura.
Baina horretarako guztirako, hizkuntza bera ere landu egin behar izaten da; eta lan horretan murgildu nahi dutenei tresna egokiak eman. Beste modu batean esanda, gramatikarien lana ere, hizkuntzalarien lana ere beharrezkoa izaten da. Horixe da Oskillasok, Jose Mari Larrartek edo Pedro de Yrizarrek eman zigutena. Eta katea etengo ez bada, izan garena ikertu eta hedatuko duten historiagileak ere behar ditugu, Manex Goihenetxe bezalako historiagile eta ekintzaileak.
Azken batean, hauxe da Bidegileak bildumarekin egin nahi duguna: izan direlako garela aitortu. Garaian garaiko egoera kontuan harturik, eta erakundeen babesik gabe gehienetan, euskarak ahalik eta esparru zabalenak irabaz zitzan gure aurrekoek egindako lana oroitu, aitortu, eskertu, eta ondorengo belaunaldiei horren berri ematea. Haiek ere ahantz ez dezaten neurri batean bederen Lourdes Iriondo, Julen Lekuona edo Imanol Larzabal gabe nekez izango luketela gaur Ken Zazpi, Negu Gorriak, Mikel Urdangarin, Muguruza edo Afrika entzuteko aukerarik, edo Maurizia Aldeiturriaga bezalakoak direla Tapia eta Leturia, Alaitz eta Maider bezalakoen aurrekariak. Haiek agerian jarri zutela, gainera, euskara erakargarri eta gozagarri egitea dela euskarari bere iraupenerako eman diezaiokegun botikarik onena.
Hitz gutxitan bukatzeko: bestetzuk hasitako eta urratutako bidea da gaur egiten ari garena, eta halaxe aitortu eta eskertu nahi dugu BIDEGILEAK bildumaren eskutik.
Eskerrak emanez eta lana aitortuz hasi naiz, eta halaxe bukatu nahi dut. Eskerrak eman nahi dizkiot BIDEGILEAK bilduma honetako gure bidegile partikularrari, Mikel Atxagari, presarik gabe baina pausaldirik gabe zintzo eta fin egiten duen lanari esker ere bai baititugu gaurko zortzi liburuxkok. Eta berari, eta bere ondoren sorta berri hauen idazleei emango diet hitza beraiek direlako gaur aurkezten ditugun liburuxkei buruzko xehetasunak emateko pertsonarik egokiena.
Donostia, 2007-03-14
Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea
|