Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Garraio Sare Intermodal eta Logistikoaren Lurraldearen Arloko Plana

Garraioa, gizartea eta lurraldea kohesionatzeko gaitasuna duen izaera ekonomikoko oinarrizko sektore estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskadi inguruarekin ekonomia, gizarte eta kultura aldetik erlazionatzeko tresna bat.

Horretan oinarrituta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko azaroaren 19an "Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplana - Euskadiko Garraio Politika 2002-2010" onartu zen; Plan horren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko garraio politika zehazten da, Europako Garraio Politika Amankomuna, (Politika hori Europako Batasunak 2001eko irailaren 12an onartu zuen Garraioaren Liburu Zurian baitago jasota hein handi batean), erreferentziatzat hartuta.

Garraio Iraunkorraren Gidaplana Euskal Autonomia Erkidegoan garraioen arloan garatu beharreko ekimenetarako erreferentziazko tresna izango da. Gidaplanaren egituran helburuak, estrategiak eta ekintza-lerroak bereizten dira.

Gidaplanak honako helburu hauek ditu:

  • ekonomiaren hazkundearen eta garraio-eskariaren hazkundearen arteko erlazioa etetea
  • irisgarritasun unibertsala eta iraunkorra lortzea
  • garraiobideen arteko oreka berri bat bultzatzea
  • Euskadik Europan hartzen duen leku estrategikoa bultzatzea
  • garraio iraunkorrerantz egitea

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko azaroaren 19an onartu zuen Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako ekintza-lerroen artean Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Plana egitea aurreikusten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak behin betiko onesten dituen otsailaren 11ko 28/1997 Dekretua, eta pertsonen nahiz salgaien lurreko garraioa antolatzearen inguruan aplikatu beharreko gainontzeko legedia garatzeko.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Plana Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako estrategiak aurrera eramateko konpromiso zehatzaren emaitza da; zehatzago esanda, estrategia hauek dira burutu nahi direnak: iraunkortasunaren aldeko kultura bultzatzea, garraioaren plangintza eta antolamendua era koordinatu batean eginez; etxebizitza-guneen eta jarduera sozio-ekonomikoen kokalekua hobetzea eta banaketa orekatzea; intermodalitatearen garapena bultzatzea; Akitania-Euskadi Plataforma sustatzea; Garraioaren arlo guztiak landu eta kudeatuko dituzten logistikako zentroak sortzea; garraio konbinatua eta intermodalitatea gara dadin bultzatzea, etab. Horretan oinarrituta planaren asmoa da Euskadiko Plataforma Logistikoa eta garraiobideen trukerako zentroen sarea atontzea.

Garraio Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Plana idaztekoan kontuan izan ditugu garraio-sistemen garapen harmoniatsu eta iraunkorra, hiritarren bizitza-kalitatean duten eragina, Euskal Herriaren lehiakortasuna, eta lurraldean eta Europako esparruan integratzeko beharra. Pertsonen mugikortasun beharren eta kate logistikoen beharren garapenak, urbanizazio-maila altuak eta Euskal Herriaren konplexutasun orografikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko sareek herrialde mugakideekin dituzten harremanek, azpiegiturek eskatzen dituzten inbertsio handiek eta garraioaren ustiapenean eta plangintzan parte hartzen duten eragile kopuru handiak garraio eta sektore logistikoan erakunde publikoen nahiz pribatuen ahaleginak modu koherentean artikulatzea eskatzen dute.

Agiri hau idaztekoan, Euskadiko sare intermodalaren eta logistikoaren egungo egoeraren eta etorkizuneko aurreikuspenen analisi sakon batez aparte, kontuan izan dira halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde eta sektore plangintzaren tresnak, Europar Batasunaren garraio politikarako orientazioak eta arauak, indarrean dagoen plangintza eta garraiobide guztietako azpiegitura-proiektuak (errepidekoak, trenbidekoak, eta itsasoko eta aireko garraiokoak) eta merkantzien garraio-zentroen egungo egoera eta horiek garatzeko dauden proiektuak. Horietan oinarrituta, beraz, planaren alternatibek eta erabakiek helburu bikoitza dute: merkantzien eta bidaiarien garraioaren arloan intermodalitatea bultzatzea, eta egitura logistiko sendo bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizle eta banatzaileen kostuak ahalik eta gehien murrizteko, eta jarduera logistikoak eta garraioak berez eskaintzen dituzten aukerak garatzeko.

Azken finean, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planaren xedea da bidaiariek garraiobideak aldatzeko sareetako nodoen tipologia definitzea eta horretarako egituratutako lurrean jarduera logistikoak egitea; nodo horientzako kokaleku egokienak identifikatzea; zenbateko azalera beharko duten eta izan beharreko ezaugarri funtzionalak balioestea; eta azkenik, lehendik dauden proiektuen edo Euskal Autonomia Erkidegoaren beharrei eta helburuei erantzungo dieten proiektuen arabera nodo horien kokalekuetarako aukerak zehaztea. Eta hori guztia ingurumen aldetik iraunkorra, ekonomiaren ikuspegitik eraginkorra eta gizarteari dagokionean orekatua izango den sare intermodal eta logistiko baten plangintzaren ikuspegitik.