Azken eguneratzea: 2012/12/05
Eguren Ugarte upategiarentzat, Arabako Merkataritza eta Industria Ganberaren Nazioartekotze Saria
Azken ekitadian izan duen jarrera ekintzaileari esker lortu du Eguren Ugarte upategiak sari hau.

AEBetan, Asian eta Hegoamerikan ordezkaritza komertzialak ezarrita, azken ekitadian izan duen jarrera ekintzaileari esker lortu du Eguren Ugarte upategiak (Paganos-Guardia) Arabako Merkataritza eta Industria Ganberaren Nazioartekotze Saria.
Munduko merkatuan bere presentzia areagotzeko ahalegina, bere ardoen kontsolidazioa, merkatu berrietara zabaltzea eta enoturismoaren aldeko apustua izan dira horren arrazoi nagusiak. Upategitik jakinarazi dutenez, “sari hau mundura zabaltzeko eta hazteko egin dugun lanaren aitortza da; izan ere, egoitzak ditugu AEBetan, Txinan eta Perun, eta gure ekoizpenaren %60 baino gehiago nazioarteko hogeita hamar merkatutara esportatzen dugu”.
Upategiko gerente Asun Egurenek jaso zuen saria, Turismo Sustapen eta Foru Administrazio diputatu Luis Vianaren eskutik, eta “atzerritik Eguren Ugarte gero eta munduko leku gehiagotara iristea” lortzen duten taldekideen lana goraipatu zuen, Gasteizko Gran Hotel Lakuan bildutako Arabako industria nagusietako berrehun ordezkarien aurrean.
Arabako Enpresen Nazioartekotzearen XXVII. Sarietan saritutako beste enpresa batzuk Omega Elevator eta Agrupación de Fundición y Utillaje izan dira. Mercedes-Benz Españaren eta Fitnessbiten lana ere aitortu da.
Ganberak egindako azterketek ondorioztatu dutenez, nazioartekotzea lortu duten enpresak ari dira krisia ondoen jasaten.
Upategiari buruzko informazioa
Eguren Ugarte Arabar Errioxako enpresa familiar bat da, eta 1870. urtetik dago ardogintzan. Ehun eta hogeita hamar hektarea mahasti propio baino gehiago ditu, eta tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituen upategi bat. Nazioartekotzea bilatzen dute, eta beren hiru marken ekoizpenaren %60 baino gehiago nazioarteko hogeita hamar merkatutan komertzializatzea lortu dute. Alemanian, Polonian, Suedian, Irlandan, Finlandian, Austrian, Belgikan, Danimarkan, Suitzan, Norvegian, Holandan, Txekiar Errepublikan, Israelen eta Errusian ditu banatzaileak, eta pixkanaka-pixkanaka, AEBetan eta Asian ere ari da egonkortzen.

