Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Azken eguneratzea: 2011/03/04

Ureztapena urrunetik kontrolatzeko sistema aurreratu bat jarri da martxan

Neiker-Tecnaliak eta Arson Ingeniaritza enpresak Ureztapena kontrolatzeko sistemak ura eraginkorrago erabiltzea bermatzen duen sistema egin dute.

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Arson Ingeniaritza enpresarekin aritu da lankidetzan ureztapena urrunetik kontrolatzeko sistema bat sortzeko. Sistema horrek, zer kasu den, uraren %20 aurreztea ahalbidetzen du uzta bakoitzean, ureztatzeko ohiko metodoen aldean. Teknologia horren bidez modu zentralizatuan kontrolatzen dira bai ureztatze txanden programazioa bai ureztatzaile bakoitzaren kontsumoak, irizpide hidrauliko eta energetikoetan oinarritutako gestioa egiteko aukera baitago, eta horrek ureztatzeko sistemaren erabileraren eraginkortasuna handitu egiten baitu. Modu osagarrian, aquArson urrutiko kontrolak ematen dituen datuak matxura hidraulikoak detektatzeko eta finkak agronomikoki erabiltzeko aprobetxatzen dira. AquArson sistemaren teknologia aurreratuak aukera ematen du urruneko unitateen sare bat sortzeko. Unitateok sistema hidraulikoan zehar hedatuta daude eta irrati-frekuentzia bidezko haririk gabeko komunikazio bidez daude konektatuta Ureztapena Kontrolatzeko Zentroarekin, non ureztatzeko sistema kontrolatu eta gestionatzeko aplikazioa dagoen.

Nekazaritzan ur baliabideen gestio egokia lortzeko neurrietako bat, ureztatzeko sistemak automatizatzea eta urrunetik kontrolatzea da. Kontua da ureztapenean erabiltzen diren ur kantitateak modu egokian erregistratu eta banatzea, elektronika digitalak eskaintzen duen hainbat tresna teknologiko erabiliz. Automatizazioak eta urruneko kontrolak ureztatzeko uraren erabilera hobeto gestionatzea dakarte eta kontsumitutako ur bolumenaren araberako fakturazioa ahalbidetzen dute. Proiektua garatzeak aukera emango dio NEIKER-Tecnaliari uraren kopurua zehazteko sistema bat -ureztatzeko unea hautatzeko aukerarekin bateragarria izango dena- bideragarria den aztertzeko, betiere irizpide agronomikoen arabera, eta ez komunitatearen txanda sistemaren arabera.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburua den Pilar Unzaluk -Neiker-Tecnalia sail horri atxikita dago- hauxe adierazi du: "Halako proiektuek erakusten dute teknologia berriek lehiakorragoak eta iraunkorragoak izateko aukerak eskaintzen dizkigutela, izan ere, teknologia horiekin hobeto produzitzea ahalbidetzen da, ezinbesteko baliabide naturala dugun uraren kontsumoa mugatuz”.

“Arlo horietan teknologia eta berrikuntza sartzeko ahalegina egin behar dugu, zeren eta lehiakortasuna hobetzea eta kalitatearen aldeko apustua egitea, biak ere gure lehen sektorearen etorkizunerako benetako bermea baitira”, ziurtatu du Unzaluk.

Proiektua, ur baliabideen gestioa hobetzeko ekimen gisa sortu da. Helburu horrekin integratu dira, batetik, Arson Ingeniaritza euskal enpresak urrutiko kontroleko ingeniaritzari buruz daukan ezagutza, eta bestetik, Neiker-Tecnaliak agronomiari buruz eta laboreen ur beharrei buruz dituen ezagutzak. Esperientzia hau praktikara eramateko, Zanbranako Ureztatzaileen Komunitatearen (Araba, Espainia) lankidetza izan dugu. Komunitate horrek bere lurrak utzi zituen bertan ureztapena automatikoki kontrolatzeko planta pilotu bat ezartzeko. Planta horrek instalazio hidraulikoaren zati bat hartzen du 500 hektareatik gorako eremu batean. Eremua 500 bat partzelatan zatitua dago eta partzela horietan eskualdeko produkturik adierazgarrienak, hau da, patata, erremolatxa eta halako elikagaiak, ureztatzen dira.

Funtzionamendua

AquArsonen teknologia aurreratuak aukera ematen du irrati-frakuentzia bidez komunikatuta dauden urruneko unitateen sare bat osatzeko. Unitateok, aldi berean, gestio eta kontroleko software zentral batekin konektatuta daude eta ur harguneetara ureztatzeko aginduak bidaltzeaz gain, egindako ureztapenei buruzko eta instalazioaren funtzionamendu hidraulikoari buruzko informazioa jasotzen dute. Ureztatzeko agindua, ureztatzeko sistema erabiltzeko berariaz landutako gestio eta kontroleko aplikazio batetik bidaltzen da eta aplikazio hori ureztatzaileen komunitatearen bulegoan dagoen ordenagailuan instalatuta dago. Hala, partzela bakoitzeko ureztatze guneak denbora errealean kontrolatzen dira ureztatzaileen komunitatearen bulegotik.

Instalatutako aquArson urruneko kontroleko sistemak urrunetik komunikatzeko 20 ekipamendu dauzka, laborantzarako 40 lursailetan banaturik. Gailu bakoitzak partzela bat baino gehiago kontrolatzeko autonomia dauka eta, ureztatzeko agindua emateaz gainera, laborantza gune bakoitzari buruzko informazio zehatza jasotzeko aukera ematen du.

Ekipamenduak baditu haririk gabeko komunikazioa duten urruneko unitate batzuk ur hargune bakoitzean instalaturik -ur harguneak partzela urez hornitzeko behar den emari egokia ematen du- eta irrati-frekuentzia bidez komunikatzen dira ureztatzaileen komunitatearen egoitza zentralean dagoen ordenagailuarekin. Sistemak sail ureztatuen gestioa malgutzen laguntzen du, izan ere, sailok asteko txanda zorrotzen mende daude, finketako leku garrantzitsuenetan kokatutako 20 ekipamenduek lursailei emandako ur kantitatea `on line´ kontrolatzeko balio dute eta.

Kontrol zentrotik partzela bakoitzeko ureztatze guneak aktibatzen dituen agindua igortzen da, profesionalen irizpide agronomikoen arabera konfiguratutako software aurreratu baten kontrolpean. Ura noiz eman eta zenbat ur eman erabakitzeko orduan, honako hauek hartzen dira kontuan: lursailak une horretan dituen behar hidrikoak, komunitateari izendatutako hornidura kuota, eta baita uraren tarifa ere.

Hiru komunikazio mota aldi berean

Teknologia aitzindari honek egiten dituen ekarpenen artean, nabarmentzekoa da komunikazio metodo desberdinak konbinatzeko eta modu gardenean erabiltzeko ematen duen aukera. Sistema gai da bere komunikazioak GPRS, irrati-frekuentzia eta kableak (besteak beste) konbinatuz ezartzeko, betiere, beharrezkoa den erabilera motaren arabera, ureztatu beharreko eremuaren arabera eta orografiaren arabera instalazio bakoitzaren beharretara egokitzeko.

AquArson urruneko kontrolak aukera ematen du sistemako leku garrantzitsuenetan kokatutako sentsoreak instalatzeko. Sentsore horiek informazioa helarazten dute Ureztapena Kontrolatzeko Zentrora hainbat eginkizun betetzeko, besteak beste: hautsita egon daitezkeen hodiak detektatzea eta ureztapenean eragina izan dezaketen faktore klimatologikoak kontrolatzea, hala nola haize gogorrak eta euria, besteak beste.

Ura aurreztea

Abantaila nabarmenen artean bat, operazio bakoitzeko aurrezten den ur kantitatea da, izan ere, aurrezpen hori %15-20 bitartean ibil daiteke, konbentzionalagoak diren beste sistema batzuekin alderatuz gero.

Arabako probintziari dagokionez, kontuan izanik lurralde horretan erabilgarri den ur kantitatea txikiagoa dela laboreen ur eskakizuna baino, sistemak ur erabileraren eraginkortasuna handitzea ahalbidetzen du. Hau da, ur bolumen berbera erabilita, produkzioa handitzeko aukera ematen du. Bestalde, kontuan izanik badirela ureztatzaile komunitate batzuk non energia elektriko asko kontsumitzen duten ponpaketak egin behar izaten diren, sistemak aukera ematen du eraginkortasun energetikoa handitzeko, energia kontsumoa murriztuz.

Abantaila kuantitatibo horiei kualitatiboagoa den bat gehitu behar zaio, abantaila horrek nekazarien bizi kalitatean eragiten baitu. Ureztatzeko sistema adimendunak aukera ematen die laborantzako profesionalei ureztapenak programatzeko, ur harguneetara joan beharrik gabe.

Garatutako teknologiak, gainera, sail ureztatuen gestioa hobetzen laguntzen du, ureztatze txandak izendatzeko orduan malgutasuna handiagoa baita. Orain arte, optimizazio parametro argi barik eta ureztatutako eremuaren kontrol zehatz barik lan egin izan da. Sistema automatizatuarekin, berriz, uraren erabilera hobeto zaintzen da, eta ur falta estres hidriko kaltegarri izatera iristea ekiditen da, horrek zuzeneko eragina baitu laboreen kalitatean eta produkzioan.

Prestazio horri gehitu behar zaio produktibitatea handitzeko ahalmena. Programak lurren errentagarritasuna handitzeari laguntzen dio, zeren eta, irizpide ekonomikoei jarraituz -esaterako, uraren edo laboreen prezioa-, partzeletan uraren banaketa optimizatu egiten baita.

Nekazariei zuzendutako aholkularitza

Teknologia aurreratu hau martxan jartzearekin batera, Neiker-Tecnaliako ikertzaileek nekazariei zuzendutako aholkularitzari ekin zioten, laboreak urez hornitzeari lotutako aholku praktikoak eskaintzeko helburuz. Hori dela eta, teknologia zentroko teknikariek eredu batzuk landu dituzte laboreen ur hornikuntza hobeto gestionatzeko. Eredu horiek parametro meteorologikoetan oinarritzen dira, esaterako, haizearen abiaduran, eurian edo eguzki erradiazioan; baita irizpide ekonomikoetan ere, esaterako, uraren prezioan eta komunitatekako fakturazioan, zeren eta faktore horiek guztiek laboreen ureztapena baldintzatu baitezakete.