|
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak sustatutako 2007ko Gonzalo Nardiz sarien epaimahaiak erabaki du sari honen irabazleak Felisa Galdos Sáenz de Buruaga eta Benito Portuondo Astuy izatea. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundietako, zein sindikatu eta Lehen Sektoreko eragileen ordezkariek esku hartu dute erabakian.
Felisa Galdos, Sergal, Asgafal eta Ehne elkarteek proposatu duten sari-irabazlea, Goiainen (Legutio) jaiotako emakume abeltzain arabarra da. Txiki-txikitatik azaldu zuen landa-bizitza eta -lanekiko konpromiso handia. Anaia-arrebak Gasteizko Industrian lan egitera joan zirenean, Felisak buru-belarri ekin zion etxeko nekazaritza-ustiapenari eta, aita aldeko ez izan arren, handitzea beharrezkoa zela pentsatu eta, 1971. urtean, esne-behietan inbertitzen hasi zen. Bere ustiategian, CECA Bidegain izenekoan, 98 behi, 20 bigantxa eta 26 txahal ditu eta 755.717 litro esne ekoizten du. Gainera, 62,45 hektarea hartzen dituzten soroak ditu bazkalekurako.
Baina 1980. urtera arte ez zuen bere helburua bete, izan ere, ordura arte ez zuen lortu aziendarekin zerikusia zuen guztia bere izenean jartzea eta nekazaritza-ustiapenaren jabe izatea. Garai horretan, emakume izanda, Felisari buruzko txostena eskatu zion Gizarte Segurantzak herriko alkateari, nekazaritza-erregimenean bere alta izapidetzeko. Honek, eskualdeko albaitari titularra izanik, eta Felisak abeltzaintzarako zuen balioa eta horretara eskaintzen zuen jarduna eta bokazioa ederki ezagutzen zituenez, Felisa izugarri goresten zuen txostena egin zuen. Ustiategiaren titular bihurtu zen unean, sektorearen inguruan zeuden erakunde guztietan, uneoro sektoreko lankidetza-esperientzia berrietara irekita zeudenetan, aktiboki esku hartzen hasi zen.
UAGA sindikatuko kide izanik, emakume batek zuzendutako ustiategiaren profilaren ordezkari gisa, betiere, Asgafal elkartearen sorreran parte hartu zuen. Elkarte honek, abeltzainei klinikaren zein ekoizpenaren arloan laguntzeko zerbitzua abiarazi zuen, eta 1986.ean, UAGA eta AGA sindikatuekin lankidetzan aritzea erabaki zuten, Abeltzain albaitari-zerbitzuen enpresa sortze aldera.
Sektore barruko lankidetza-lerroari jarraituz, 1986. urtean Aberekin abiarazi eta 1987.ean, Efrire - Frisiar arrazako aziendaren elkarteen Euskadiko Federazioa sortu zen. Laurogeita hamarreko hamarkadan, Sergal federazio-egituraren aurrerapenaren aldeko helburu argiarekin eta kalitatea kontrolatu eta egiaztatzeko erakundeen lerroei jarraituz: Kalitatea Fundazioa sortu zen.
Ustiapenaren titular gisa hogei urte eman ondoren, eta 33 urtez abeltzaintzan buru-belarri aritu eta gero, 2003. urtean, senarrarekin eta iloba batekin, berriro ere bere izaera adoretsu eta ekintzailea erakutsiz, CECA Bidegain S. Coop elkartea sortu zuen. Egun, bertan lan egiten du.
Benito Portuondo, zendu berri zaigun 2007ko Gonzalo Nardiz sariaren irabazlea da. Sari honekin, arrantza-sektorean egindako ibilbidea aitortu nahi izan diote, eta OPTUC - Tunido Izoztuen Ekoizleen Erakundeak, eta ANABAC - Atun-ontzi Izoztaileen Jabeen Elkarte Nazionalak proposatu dute saridun izateko.
Euskadiko itsas eta arrantza munduan esperientzia zabala du sarituak, bai itsas garraioan, zein arrantza-sektorean, eta azken honetan, ezagutza handiak ditu, hala arrasteko arrantzan, nola atun izoztaileen sektorean. Azken honetan, berori eta bere familia, ingurasareko arrantzako egungo atun-ontzidi izoztailearen sorkuntzan eta garapenean aitzindari izan dira.
Merkataritzako irakaslez honek, bere bizitzaren zati handi bat, mundu-mailan tropikoko atun-arrantza izoztaileen enpresa ontzi-jabe arteko aurrendarienetako bateko, hots, Pesquería Vasco-Montañesa (Pevasa) enpresako gerente-lanetan eman du. Gaur egun, munduko atun-ontzidi moderno eta aurreratuenetako bat du enpresa honek.
Atun-ontzidia lanleku dituen herrialdeekin izan zituen harremanak garrantzitsuak izan ziren, eta bere partehartze aktiboa erabakigarri izan zen Seychelles uharteetako arrantzalekua irekitzerakoan. Bertan lan egiten dute, gaur egun, EBeko ingurasareko arrantza-ontzi gehienek.
Kargu ezberdinak izan ditu:
-
ANABACeko Presidentea.
-
OPTUCeko Presidentea.
-
Pevasa enpresako ontzi-jabearen kontseilari delegatua. Azken belaunaldiko 5 atun-unitateren jabe da, gaur egun, enpresa hau.
-
Itsas garraioko Naviera Galdar konpainiaren presidentea.
-
Atunak merkaturatzeko Pevaeche enpresaren kontseilari delegatua.
-
AZTI Fundazioaren patronatuko kidea.
6.500 euro eta "Hiru Elementuak" eskultura emango dizkie irabazleei Juan José Ibarretxe lehendakariak, udaberrian, sari gisa.
|