Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Irakurri 2006

Bigarren fasea

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak antolatutako Irakurri kanpainaren bigarren zatia abian jartzen da ikasturtearen amaierarekin eta udako oporraldiekin bat eginez. Eta kanpaina honetan antolatutako ekitaldien bidez haur eta gazteei, batez ere, adierazi nahi zaie uda partea irakurketarekin gozatzeko garaia ere badela. Beraz, datorren astelehenean, ekainak 12, hasi eta uztailaren 7an amaituko den Irakurri kanpainaren bigarren zatiak saiakera berezia egingo du haur eta gazteen artean.

Irakurri kanpainaren bigarren zatian Arabako Alegría-Dulantzi eta Laguardia, Bizkaiko Arrigorriaga, Bermeo, Etxebarri, Getxo eta Zamudio eta Gipuzkoako Bergara, Elgoibar eta Eskoriatzako udal liburutegiek parte hartuko dute. Oraingo honetan 40.000 orri adierazle eta 75.000 kalkomania banatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegietan. Liburu bat irakurtzen duten bakoitzean, sari moduan, emango zaizkie kalkomaniak neska-mutikoei.

Bergara. Dendetan Irakurri

Lau aste iraungo duen kanpaina Bergaran abiatuko da. “Dendetan Irakurri” ekimena ekainaren 12 eta 24 bitartean egingo da Bergaran bertako dendarien elkartearen laguntzaz. Kanpainarekin bat egingo duten harategi, arrandegi, janari denda, aroztegi, eta abarretan, bertako bezeroen esku, liburuak jarriko ditu herriko liburutegiak; beti ere, denda edota enpresaren ihardueraren araberakoak. Bezeroek bertan begirada botatzerik izango dute, eta nahi izanez gero baita liburua hartu, etxera eraman eta, irakurri ondoren, liburutegian bertan bueltatu.

Alegría-Dulantzi. Liburu sinadura

Ekainak 15, osteguna, Arabako Dulantzi herriaren txanda izango da. Ikasturtea amaitzear dagoela eta, liburutegia kalean izango da egun horretan eta arratsaldeko 6ak eta 8ak bitartean Nerea Aliasek, Betizu saioko aurkezleak bertako haurrei liburuek sinatuko dizkie.

Arrigorriaga. Irakurketa suspertzeko kanpaina (kalkamoniak…)

Irakurri kanpainako protagonista gisa haurrak hautatu dituen bestea Arrigorriagako liburutegia izan da. Arrigorriagako eskola publikoan, ikasturteko azken astean ekainaren 19an hasita, 6 eta 12 urte bitarteko haurren artean irakurketa sustatzeko publizitate kanpaina egingo da. Horrezaz gain, liburuek hunkitzen gaituztela adierazteko, maileguan emandako liburua irakurri ondoren itzultzerakoan kalkomaniekin sarituko ditu ume eta gazteak Arrigorriagako liburutegiak.

Bermeo. Liburutegia merkatuan

EEkainak 20 Bermeo eta Biasteriren txanda izango da. Bermeon egun horretan hasi eta uztailak 1 arte liburutegiaren sukurtsal moduko bat kalean izango dute goizetik -9.30 eta 14.00 bitarte-. “Liburutegia” herriko azoka egiten den gunean izango da eta postu horretan liburutegiari buruzko informazioa, erabilera, bazkide nola egin, fondoak, eta abar, azalduko dute.

Laguardia. Ipuin kontalaria

Laguardian berriz, herriko umeak kontutan hartuta ipuin kontalari bat izango da, Iñaki Carretero, ekainak 19 astelehena.

Zamudio. Liburutegia kalera eta kalea liburutegira

Zamudioko herri biblioteka aldiz, ekainak 21 eta 22 izango da kalean. Lehendakari Agirre plazan –asteazken arratsaldez- liburutegiaren berri emango zaio hurbiltzen den edonori. Hau da, zer egin bazkide egiteko, bibliotekako bazkideek ze aukera dituzten, maileguan ze liburu, disko, eta abar har daitezken... Ostegun arratsaldez berriz, liburutegira kalea hurbilduko da. Lehendakari Agirre plazatik abiatuta liburutegira doan bidea ondo adieraziko da, liburutegirako bidea zein den edonork jakin dezan.

Etxebarri. Zure liburutegia metroan eta osasun zentruan

Ekainaren 21ean baita Etxebarrin ere izango da liburutegia kalean. Egun horretan informazioa banatzeko postu bi jarriko dira: metroko geltokian bata, osasun zentroan bestea. Bertako udalak argitaratutako irakurketa gida banatuko da bitan. Gida horretan irakurketa ezberdinak gomendatzen dituzte Arrigorriagako hainbat lagunek.

Elgoibar y Eskoriatza. San Joan bezpera

San Joan bezperan, egun benetan handia herri askotan, kalean izango dira, goiz goizetik, Elgoibar eta Eskoriatzako liburutegiak.

Elgoibarren, eguraldia lagun, Nafarroa plazan izango da zita; euria izanez gero liburutegiari buruzko informazioa liburutegiko arkupetan emango da eta opariak ez dira faltako. Hau goizez izango da, 10ak eta 13ak bitartean. Arratsaldez berriz, haur eta gazteentzako ekitaldia antolatuko da. Beti ere jai giroan.

Eskoriatzan aldiz, goizeko saioa izango dute, azoka edo merkatu eguna dutela aprobetxatuz. Liburutegiari buruzko informazioa emango da -zerbitzuak, maileguak, eta abar- eta haurrekin batera liburutegiaren bidea markatzeari ekingo zaio, edonork jakin dezan liburutegira heltzen.

Getxo. Liburutegia eta Tabernak, kafetegiak eta mintzalekuak

Irakurri kanpainaren bigarren zatiaren azken suziria Getxon erreko da. Ekainaren 27 eta uztailaren 7a bitartean bertoko taberna, kafetegi eta mintzalekutan liburutegiko liburuak topatuko dira. Liburu horiek bertan begiratu, aztertu eta gustukoa izanez gero etxera eramaterik izango da, eta irakurri eta gero liburua herriko edozein liburutegian bueltatzerik izango da. Kanpaina honek irauten duen bitartean, Getxoko liburutegiak pertsona bat jarriko du taberna, kafetegi eta abarretako liburuak txukuntzen eta ale berriak jartzen. Esan bezala, ekainaren 27tik uztailaren 7ra arte.

Irakurketa eta liburutegi publikoen erabilera bultzatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak martxan jarritako Irakurri kanpainako ekintza honek atzerritarrak ere kontutan hartu nahi dituelako Getxoko liburutegiak mintzalekutara joatea erabaki du, atzerritar gehienak inguru horietan elkartzen baitira.

Irakurri kanpainak irauten duen bitartean Eusko Jaurlaritzako Liburutegi zerbitzuak 40.000 orri adierazle eta 75.000 kalkomania banatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegi guztien artean. Irakurtzeak markatzen gaituela adierazteko egin dira haur eta gazteentzako kalkomaniak. Horregatik irakurri ondoren liburutegian liburua bueltatzerakoan, sari moduan, kalkomania jasoko dute uda partean harro erakutsi dezaten.

Irakurri kanpainaren baitan aipatutako ekintza guztiek –liburuak denda edo tabernetara eraman edota liburua irakurtzearen truke saria jasotzeak- asmo bera dute: liburuekin gozatzen ikastea eta doanekoak diren liburutegi publikoak erabiltzea, alegia..

<< Irakurri 2006 itzuli