Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Berdindu · Genero-identitatea · Trabestismoa

 

Termino hori nahaste-iturria izaten da sarri, zuzena ez bada ere, transexualitatearekin lotu ohi delako (esaterako, Latinoamerikan emakume transexualei "trabesti" esaten diete —toki batzuetan operatu gabeko emakume transexualei, eta beste batzuetan, guztiei—), baina bi kontzeptu horiek guztiz desberdinak dira:
Trabestiak gizon eta emakume zisexualak (ez-transexualak) dira, hau da, beren sexu psikologikoa eta beren "sexu biologikoa" bat datoz. Gainera, aurkako sexuko arropekin janzten dira, eta ospetsuenak, oro har, gay badira ere, antza denez, gehienak gizon eta emakume heterosexualak dira.

Esaterako, Arartekoaren txostenak ("Euskadiko transgenero eta transexualen egoera") honela definitu du trabestismoa (http://www.ararteko.net/recursosweb/documentos/1/1_1719_3.pdf):
«Beste sexu sozialari dagozkion arropa eta osagarriak erabiltzea, identitate bikoitzarekin jolastea gustagarria delako eta beste sexuarekin identifikazio iraunkorra sentitzeko.» (Arartekoaren txostena: "Transgenero eta transexualen egoera Euskadin")

Wikipedian honela ageri da:

«Trabestien eta transexualen arteko alde nagusia zera da, trabestiek beren sexua eta beren gorputza onartzen dutela eta identitate bikoitzarekin jolastea gogoko dutela. Transexualen anatomia fisikoa, aldiz, ez dator bat sentitzen duten sexuarekin, eta ondorioz transexualek beste sexuaren rola onartzen dute etengabe. .. Trabestiek aurkako sexuaren berezko ezaugarri fisiko eta psikologikoak berenganatzen dituzte, hau da, beste sexuari esleitu ohi zaizkion eta beste sexuko kideek erabili ohi dituzten jantzi eta jarrerak bere egiten dituzte batzuetan. Genero-desadostasunean oinarritutako jarrerak dira. Pertsonak ez du bakarrik bere sexuari esleitutako generoa eduki nahi, bi generoak baizik.
Trabestituak ongi sentitzen dira jaio ziren sexuarekin eta ez dute genero-arazo berezirik, baina halere aurkako sexua antzeztearekin izugarri gozatzen dute. Uste hedatuenaren arabera, trabestituek genero-disforia jasaten dute nolabait, eta horregatik aurkako generoa bereganatzea erakargarria da haientzat.
Nabarmentzekoa da pertsona horiek, oro har, beren sexua eta beren sexu-identitate biologikoa onartu egiten dituztela, eta ez dutela beren gorputzarekiko eta genitalekiko inolako gatazkarik. Transexualak ez bezala, ez dira preso sentitzen okerreko gorputzaren barruan. Trabestiek beren sexuaren berezkoak ez diren arropak janzten dituzte, batetik, gizarte-arauak hausteko, eta, bestetik, beren sexu- eta genero-identitateari ñabardurak eransteko eta horrela alor horiek zabaltzeko. Azken batean, malgutasuna dute gogoko, bi generoak, gizonezkoa eta emakumezkoa, bereganatzeko. Trabestismoa hauste-ekintza izaten da, betiere, egiten duenarentzat.» (Wikipedia, “Travestismo" hitzaren sarrera. Gaztelaniatik euskarara itzulia).

Trabestismoaren barnean honako kontzeptu hauek hartuko lirateke: "crosdressinga" (intimitatean egiten da bakarrik, eta, oro har, sexu-plazerra lortzeko), "transformismoa" (baldin eta ikuskizun gisa egiten bada) eta "Drag Kingak" eta "Drag Queenak" (hau ere ikuskizuna izan arren, aurrekoa ez bezala, aurkako sexua neurriz gain eta ohartuki imitatuz gauzatzen da).

Cross-dresser-ak

Trabestismoaren azpikategoria bat da (hauek ere aurkako sexuaren berezko arropez janzten diren gizon-emakumeak dira). Gainerako trabestiek ez bezala, cross-dressing-a praktikatzen dutenak etxeko intimitatean trabestitzen dira, kalera irten gabe. Pertsona horiek aurkako sexuaren berezko arropez (intimoak izan edo ez) janzten dira, eta sexu-plazerra lortzen dute horrela. Gainerako trabestiekin gertatzen den bezala, gehienak gizon eta emakume heterosexualak direla dirudi.
Esaterako, Arartekoaren "Transgenero eta transexualen egoera Euskadin" txostenak honela definitzen du "Cross-dressing-a":

«Beste sexu sozialaren janzkera eta osagarriak erabiltzea, beste sexuari dagozkionak direlako soilik, beste sexuarekin janzkera erabiltzean bakarrik identifikatuta sentitzea» (Arartekoaren txostena: "Transgenero eta transexualen egoera Euskadin").

Wikipedian, berriz, honako hau agertzen da:
«…….. orain gutxi cross-dresser hitza (murriztuan: CD) erabiltzen hasi da, beren sexu-orientazioa edozein izanik ere arropaz eta itxuraz aldatu eta beste generoarenak bereganatzea gogoko dutenak izendatzeko; nolanahi ere pertsona horiek ez dute beren burua aurkako sexu horrekin identifikatzen trabestismo-esperientziak dirauen bitartean.» (Wikipedia, “Travestismo" hitzaren sarrera. Gaztelaniatik euskarara itzulia)

Drag Queen-ak / Drag King-ak

Trabestismoaren beste azpikategoria bat osatzen dute (aurkako sexuaren berezko arropez janzten diren gizon-emakumeak). Esan ohi denez, gainerako trabestiek ez bezala, ikuskizun-xedeetarako egiten dute bakarrik, neurriz gain. Gainerako trabestien artean ez bezala, dirudienez, gizon gay eta emakume lesbianen ehunekoa handiagoa da kasu honetan.
Esaterako, Arartekoaren "Transgenero eta transexualen egoera Euskadin" txostenak honela definitzen du "drag king eta drag queenen" fenomenoa:

«Neurriz gain gizon edo emakume gisa janztea, helburu artistikoekin edo ikuskizunetarako» (Arartekoaren txostena: "Transgenero eta transexualen egoera Euskadin").

Wikipedian, berriz, honako hau agertzen da:
«Reinona edo drag queena (drag kuin ahoskatzen da), gizon edo emakumea da, xede komiko, dramatiko edo satirikoekin eta probokazio-jarrera hartuta, neurriz gain emakumez jantzi eta emakumeen antzera jokatzen duena,. Transformismo-mota horren xede nagusia ikuskizun publikoetan antzeztea edo entretenitzea da.» (Wikipedia, "Drag queen" hitzaren sarrera. Gaztelaniatik euskarara itzulia)

«Oro har, drag kinga performance arloko emakume artistak dira, gizonezko arropez (drag) jantzi eta emanaldietan genero maskulinoaren estereotipoak pertsonifikatzen dituztenak.» (Wikipedia, "Drag king" hitzaren sarrera. Gaztelaniatik euskarara itzulia)

 

Azken eguneratzea: 2012/07/26