Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

EUSKADI HORIZ JANTZIKO DA FRANTZIAKO TOURRA HASTEKO 100 EGUN FALTA DIRELA OSPATZEKO

  • Grand Départ Pays Basque 2023k ekitaldi herrikoiak antolatu ditu Bilbon, Gasteizen eta Donostian martxoaren 22tik 24ra bitartean. Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendaria bertan izango da.
  • Martxoaren 22an, arratsaldez, Bilboko Ernesto Erkoreka plazan, sakagailu erraldoi bati eragin ondoren, Tissot erloju ikonikoaren atzerako kontaketa abiaraziko da. Ondoren, hiriko eraikin enblematikoenetako batzuk horiz argiztatuko dira.
  • Martxoaren 22an, hiru hiriburuetan, eraikin esanguratsuak horiz argiztatzeaz gain, Gasteizen martxoaren 23a oso erakargarria izango da, eta publiko guztientzako jarduera ugari antolatu dira, Andre Mari Zuriaren plazan argi eta soinu ikuskizun ikusgarri batekin errematatuta.
  • Martxoaren 24an, Donostiako Udaletxean zabalduko den maillot hori erraldoiak berez distiratuko du. Bertan, ‘Grande Boucle’a Euskadira iritsi izanaren lekuko izango den 'Trophy Tour'a bisitatzeko aukera izango da.

Gero eta gutxiago falta de Frantziako Tourra Euskadira iristeko, eta, horrekin batera, Grand Départ Pay Basque 2023aren esparruan antolatutako jarduerak ugarituz doaz. Une esanguratsuenetariko bat  100 eguneko atzerako kontaketa  da. Frantziako lasterketako ordezkari taldeak, Christian Prudhomme zuzendaria buru, jai giroan gizartearen parte hartze aktiboa sustatzea eta Euskadirentzako une historiko honetan mundu guztia partaide sentitu daiten helburu duten hainbat ekitalditan parte hartuko du.

Horrela, martxoaren 22an, 19:30ean, Bilboko Udaletxe aurrean dagoen plazan, Christian Prudhomme lasterketako zuzendari nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin, Bingen Zupiría Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuarekin batera, lasterketa hasi arteko atzerako kontaketa egingo duen Tissot erlojua martxan jarriko duen botoi erraldoia sakatuko dute. Kronometroa Tourreko beste ikur baten ondoan egongo da: lasterketako zuzendariaren Skoda auto gorria. Kalakan hirukoteak eta Bilboko Koral Elkarteko abesbatza guztietako 150 kide inguruk, zapi horiak lepoan dituztela girotuko dute ekitaldia. Era berean, Aznar eraikinean (udaletxearen aurrean, itsasadarraren beste aldean) 13 metroko maillota argiztatuko da, eta, jarraian, Udaletxeko fatxada horiz argiztatuko da.

Eraikinak horiz argiztatuta, hiru hiriburuetan

Ospakizunak hiriko erdigunetik, Udaletxetik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregirainoko lehen ibilbide batean, eta ondoren, foru erakundetik San Mames estadiorainoko beste batekin jarraituko du. Tourreko ordezkari taldea igarotzean, horiz argiztatuko dira hiriko eraikin esanguratsuenetako batzuk, hala nola Bizkaia Dorrea, Foru Jauregia  eta San Mames estadioa, non klubak harrera berezia egingo dion. Christian Prudhommek Athleticen maillota jasoko du, erakundearen 125. urteurrenekoa, Jon Uriarte presidentearen eta Garazi Murua eta Iker Muniain lehen taldeetako kapitainen eskutik. Bizkaia Frontoia ere argiztatuko da

Eraikin enblematikoak ez dira Bilbon bakarrik horiz argiztatuko. Martxoaren 22an bertan, Donostian, Tourraren kolore identifikatzaileaz jantziko dira hiriko Udaletxea, Kursaal kongresu jauregia eta auditorioa (2. etapako helmuga) eta Tabakalera kulturgunearen prisma. Gasteiz bigarren jardunaldiko irteerak ere ekimenarekin bat egingo du, Udaletxea, Arabako Foru Aldundia, Floridako Kioskoa, Andre Maria Zuriaren plaza, Arkutxoak, eta Santa Barbara eta Antso Jakitunaren pergolak horiz argiztatuz.

‘La Dictée du Tour’

Frantziako itzuliko ekitaldi tradizional eta ez hain ezaguna ‘La Dictée du Tour' da. Berau ikastetxeetan egiten da eta Frantziako Tourrarekin eta haren ondarearekin lotutako testu bat diktatzean datza, adingabeen artean Frantziako lasterketaren ospea helarazteko eta sustatzeko eta, gainera, ingurumenarekiko errespetua sustatzeko. Grand Départ Pays Basque 2023ren esparruan, Mungiako Legarda eskola publikoa eta Bilboko Lycée frantsesa izango dira martxoaren 23ko goizean jarduera hori garatuko duten ikastetxeak. Lehenengoan, Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, eta Eneritz Iturriaga, Emakumezkoen Frantziako Tourrean (frantsesez eta ofizialki: Grande Boucle Féminine Internationale)  10 partaidetza dituen txirrindulari profesional ohia, egongo dira.

Ekitaldi ugari Gasteizen eta Donostian

Bi diktaketetan parte hartu ondoren, ordezkariak, Christian Prudhomme buru, Gasteizera joango da, arratsaldean txirrindularitzarekin eta Frantziako Tourrarekin lotutako jarduera ugaritan parte hartzeko, Andre Maria Zuriaren plazan. 17:00etatik aurrera hainbat jarduera egingo dira, hala nola “Rezikletas” ikuskizuna (aktore-musikari batzuk material birziklatu eta berrerabiliak erabiliz kalejira egingo dute), haurrentzako antzerkia, bike-trial erakustaldia Irene Caminoren eskutik eta baita Tourrera egokitutako dantza/performace  Algara Dantza Taldearen eskutik.

19:00etan hasiko da Tourrari ongietorria egiteko ekitaldi ofiziala. Bertan, Tourreko zuzendariaz gain, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusia izango dira. Agintarien hitzaldien ondoren, eta ospakizunari amaiera emango dion argi eta soinu ikuskizun ikusgarriaren atarian, Joseba Belokik, Tourreko podiora hiru aldiz igo den txirrindulariak, publikoki aitortu du Lurraldeko txirrindularitza eskolen lana, euren eguneroko lanaren omenaldi hunkigarri gisa.

Hurrengo egunean, martxoak 24, Gipuzkoako hiriburuak amaiera emango die ekitaldi herrikoi guzti hauei, udaletxean maillot erraldoi baten inaugurazioarekin, Donostiako alkate Eneko Goiarekin eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanorekin, Christian Prudhommeren anfitrioi nagusi gisa. Gainera, egun horretan bertan, Boulevardeko Turismo bulegoan (Boulevard kalea, 8), ‘Trophy Tour 'a erakusgai izango da bertan herritarrek bisitatu eta gozatu ahal izan dezaten, apirilaren 23ra arte. Egun horretan, Gasteizera eramatea aurreikusita baitago.

100 egunen itxiera Bilboko Tour Egunarekin

Martxoaren 26an, igandean, Tour Eguna ospatuko da Bilbon, Frantziako Tourreko lehen etapa Euskadira iristeko 100 egun falta direla ospatzeko ekitaldiei amaiera emanez. Itsasmuseumeko zabaldegia izango da egingo diren tailer desberdinen (bide-hezkuntzakoak eta bizikleten mantentze eta konponketakoak) epizentroa, eta bi zirkuitu praktiko prestatuko dira (bata errazena, hastapenerako; eta bestea zailagoa, pump track zirkuitua). Gainera, Bizkaian txirrindularitzarekin lotura estua duten hiru pertsona/erakunde omenduko dira: Miguel Madariaga, Ziortza Villa eta Miribilla Cycling Eskola.