Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

"LAParen erronkak: teknologia, prozesu eta produktu berrietatik eratorritako arrisku-faktore berriak" jardunaldiko hitzaldiak, argazkiak, bideoak eta laburpena

Teknikaren garapen eta aurrerapen geldiezinak eragin nabarmena du lan-munduan eta hura egiteko baldintzetan.

Lurrun-makina sartzeak lanaren mekanizazioa ahalbidetu zuen lehen industria-iraultzan. Bigarrenak, kate-lanean eta masa-produkzioan oinarritutakoak, hirugarren iraultza bat ekarri zuen produkzioaren automatizazioarekin elektronika eta informatikari esker.

Orain, 3D inprimagailuek piezak modu gehigarrian fabrikatzeko aukera ematen diguten garai berri batean sartzen gara, robotak konfinamendutik ateratzen dira langileekin espazioa partekatzeko (elkarlaneko robotika eta co-workerrak), leku sinesgaitzetara sartzen diren droneak ditugu, datu kantitate izugarriak bildu eta tratatzen ditugu (Big Data), edo Gauzen Internetek (IoT) objektuak konektatzeko eta komunikatzeko aukera ematen du, "adimena" eta autonomia emanez (Industria 4.0, Smart EPI 's).

Horrek guztiak laugarren industria-iraultza batera garamatza. Iraultza horrek arriskuak ditu, baina aukera berriak daude, eta, zalantzarik gabe, lan-baldintzak hobetzea ekar dezakete. Gaur Bilboko Itsas Museoan egin den jardunaldian, teknologia, prozesu eta produktu berri horiei lotutako lan-arriskuen prebentzioak dituen erronkak aztertu dira.

Erakundearen zuzendari nagusiak, ekitaldiaren hasieran egindako hitzaldian, adierazi du prebentzioa hasieratik egon behar dela presente ideiaren garapenean. "Laneko segurtasunaren eta osasunaren ikerketa proiektu, prozesu eta teknologia berrien diseinuan eta garapenean integratzen dela ziurtatzea, diseinuaren beraren bidez prebentzioa eginez", Izaskun Urien zuzendari nagusiaren hitzetan.

Ildo horretan, OSALAN Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatu du ekitaldia, arlo horri buruz dagoen ezagutzan sakontzeko eta interesdunei helarazteko, batez ere lan-arriskuen prebentzioaren arloan profesionalki diharduten pertsonei.

Prestakuntza-jardunaldian 150 pertsona inguru bildu dira, laneko arriskuen prebentzioko profesionalak.