Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Ibilgailuak: erostea eta alokatzea

Ibilgailu bat erosi baino lehen, komeni da ondo pentsatzea. Komeni da pentsatzea zenbat gasta dezakezun, zer nolako joan-etorriak egin behar dituzun, nork erabiliko duen eta zenbat kontsumituko duen. Gogoratu turismo modelo berriek agerian eduki behar dutela autoaren erregai-kontsumoari eta CO2 isurpenei buruzko informazioa duen etiketa. Salmentaguneek bezeroen eskura jarri behar dute doan erregai-kontsumoari eta CO2 isurpenei buruzko gida erabilgarri bat.

Ibilgailuen salmenta-kontratuak informazio hau eduki behar du:

  • Eroslearen eta saltzailearen izenak, helbideak eta sinadurak, eta saltzaileari buruzko informazio zehatza.
  • Ibilgailua entregatuko den lekua eta eguna.
  • Ibilgailuaren prezioa xehaturik. BEZa eta matrikulazio-zerga zenbat den zehaztu behar du.
  • Ibilgailuaren identifikazio-zenbakia.
  • Ibilgailuaren marka eta modeloa.

Ibilgailu bat erosten duzunean dokumentazio hau eman behar dizute:

  • Salerosketa-kontratua.
  • Ibilgailuaren fitxa teknikoa.
  • Faktura eta ordainagiria, dagokien data dutela.

Ibilgailua eman eta hurrengo bi urteetan ibilgailuak izan ditzakeen akatsen kargu egin behar du enpresak. Akatsa lehenengo sei hilabeteetan ateratzen bada, eman zenean bazuela jotzen da.

Informazio gehiago: Produktuen bermeak.

 

 

Ibilgailu bat alokatu behar baduzu, errentamendu-kontratuaren baldintzak errepasatu behar ditugu. Kontratuan jaso behar dira honako datu hauek:

  • Zure datuak.
  • Alokairu-enpresarenak.
  • Ibilgailuarenak.

Kontrakoa hitzartzen ez bada, bezeroak ordaindu behar ditu erregaia eta ibilgailua gidatzean egin ditzakeen isunak.

Ibilgailuak alokatzeko prezioak libreak dira, eta, beraz, komeni da alokairu-enpresa bat baino gehiagotara jotzea, gure behar eta aukeretara hobekien egokitzen dena hautatzeko. Ibilgailuak alokatzeko enpresek prezioen zerrenda eduki behar dute agerian; hor agertu behar dira xehaturik ibilgailu bakoitzaren prezioa eta alokairu-modalitatearena (eguneko prezioa, astekoa, kilometro-kopuruaren araberakoa eta abar). Agerian den prezio horrek zerbitzu osoaren prezioa izan behar du, hau da, zerga guztiak ere barne eduki behar ditu (esaterako, hirugarrenei egindako kalteak estaltzeko asegurua).

Normalean, ibilgailuak alokatzen dituzten enpresek zerbitzu hori erabiltzeko gutxienez 21-23 urte izatea eskatzen dute. Horretaz gain, zenbaitek gidatzeko baimena atera zutenetik urte batzuk pasa izana ere eskatzen diote bezeroari.

Ordu gutxi batzuetako atzerapenagatik egun osoa fakturatzea gorantz biribiltzea da eta eman ez den zerbitzua kobratzea. Dagokion klausula neurrigabea izango da.

 

  • Ez ibili presaka erosterakoan. Onena da ibilgailu bat baino gehiago ikusi eta gehien komeni zaizuna hautatzea, zure ahalbideak kontuan hartuz.
  • Kontratua sinatu aurretik, ibilgailuaren egoera eta osagaiena aztertzea komeni da.
  • Erosi nahi duzun ibilgailua kontzesionarioan ez badago, eskatu egin beharko duzu. Jasotzeko itxaron behar den denbora zenbait faktoreren araberakoa izango da (modeloa, kolorea eta abar). Kontratua sinatzen den unean entrega-eguna zein izango den jarri behar da.
  • Kontzesionarioek ez dute zertan probako ibilgailu bat eskaini.  Dena den, komeni da galdetzea aukera hori badagoen, kontratua sinatu aurretik ibilgailua probatzeko.
  • Ibilgailu bat alokatzeko kontratua sinatu aurretik, ibilgailuaren osagaiak aztertu behar dira (argiak, gurpilak, beirak, xasisa eta abar), baldintza onetan daudela ziurtatzeko.  Edozein akats badu, idatziz jaso behar da kontratuan.
  • Alokatutako ibilgailuarekin istripuren bat edo matxuraren bat izaten baduzu, enpresa alokatzailearekin jarri behar duzu harremanetan lehenbailehen.

 

1/2007 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak defendatzeko Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen Testu Bategina onartzen duena.

837/2002 Errege Dekretua, abuztuaren 2koa, Espainian saltzen edo alokatzen diren turismo berrien erregai-kontsumoari eta CO2 isurpenei buruzko informazioa arautzen duena.

 

 

Liburuxkak

Ibilgailuak, beti prest!

Informazio-orria deskargatu (pdf, 650 kB)

Erlazionatutako estekak

Azken aldaketako data: