Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

37/2023 EBAZPENA, martxoaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Universidad del Pais Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, familia eta komunitateko medikuntzako ikasgela bat sortu eta martxan ipintzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 63
  • Hurrenkera-zk.: 1552
  • Xedapen-zk.: 37
  • Xedapen-data: 2023/03/21
  • Argitaratze-data: 2023/03/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Instituzional; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta behar bezalako publizitatea emateko asmoz, honako hau

Alde batetik, Miren Gotzone Sagardui Goikoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, egintza honetarako ahaldundua Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 13ko Erabakiaren bidez.

Bestetik, Eva Ferreira García andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore gorena (IFK: Q4818001B), urtarrilaren 19ko 10/2021 Dekretuaren arabera, hitzarmen hau sinatzeko ahalmena duena.

Eta hitzarmenaren aplikazio zentroaren arduradun gisa, Joseba Pineda Ortiz jauna, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa.

HAU ADIERAZTEN DUTE:

  1. Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena 12. artikuluan, Osasun Sailari esleitzen dizkio, besteak beste, osasun-plangintza eta -antolamendurako eginkizunak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean ezarritakoari jarraikiz. Zehazki, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren bitartez, honako eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

    1. Osasun-plangintza eta zonifikazioa, beharren mapa bat etengabe egin eta eguneratuz, osasun azpiegiturak barne hartuta.

    2. Euskadiko osasun-sistemaren plangintza profesionala, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistemarako nola gaur egun hala etorkizunean beharrezkoak diren lanbideen eskuragarritasun egokia erdieste aldera.

    3. Osasun arloko irakaskuntza eta prestakuntza zuzendu, planifikatu, koordinatu eta kudeatzea.

  2. UPV/EHUk honako eginkizun hauek dituela:

    1. Kalitatezko goi mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzea.

    2. Ezagutza sortzea, kritikatzea eta transmititzea, ikerketaren eta gizarterako transferentziaren medioz ezagutzan aurrera egiten laguntze aldera.

    3. Profesionalen etengabeko prestakuntza eta goi mailako irakaskuntza eskatzen duten gizarteko beste taldeen etengabeko prestakuntza edo bizitzan zeharrekoa sustatzea.

    4. Harremanak izatea eta hitzarmenak egitea erakunde publiko eta pribatuekin, UPV/EHUko tituludunen prestakuntza hobea izan dadin eta, ondorioz, lanean hasteko aukera gehiago izan dezaten.

      UPV/EHUk autonomia erregimenean dihardu, eta horrek bere burua antolatzeko gaitasuna eta ikasteko, ikaskuntza eta ikerketa gauzatzeko askatasun akademikoa bermatzen ditu. UPV/EHUk egitura espezifikoak sor ditzake irakaskuntzaren, ikasketaren eta ikerketaren euskarri gisa ez ezik, unibertsitate etorkizunaren eta irakaskuntza, ikaskuntza eta ikerketaren plangintza estrategikoaren euskarri gisa ere jarduteko.

      Bestalde, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea medikuntza, odontologia, fisioterapia eta erizaintzako graduen tituluak eta, hala badagokio, arlo biosanitarioko beste irakaskuntza eskaintza batzuk lortzeko prozesu akademiko eta administratiboak antolatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den irakaskuntza eta ikerketa zentroa da.

      Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen jomuga da Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan eta nazioartean onartutako lehiakortasun eta bikaintasunezko zentro izatea, eta horretarako, gai izan behar du ikasleen premiak eta gure gizartearen eskariak biomedikuntzaren alorreko prestakuntza eta zientzia esparruan integratzeko. Horretarako, fakultate honek titulazio biomedikoak eskaini nahi ditu, Gizarte- eta osasun-ingurunearen beharretara egokituta egonik tituludun kopuru egokia bermatu eta trebetasunak eskuratzea sustatuko duten titulazioak, hain justu; horretarako, curriculumeko edukiak ondo koordinatuta egon beharko dira, hezkuntza-metodologia egokiak baliatzeaz eta ebaluazio-sistema koherente bat aplikatzeaz gain.

      Azkenik, fakultateak kalitatezko ikerketa, produktibitate zientifikoa, taldeen arteko lankidetza, doktoreen prestakuntza eta ezagutzak gure herrialdeko gizarteari eta ekoizpen-sareari transferitzea sustatzen ditu.

  3. Osasun Sailak eta UPV/EHUk interes komuna dute Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela bat sortzeko; unibertsitatean bertan izango luke egoitza ikasgelak, eta lehen mailako arretaren arloko prestakuntzarako, dokumentaziorako eta ikerketa bultzatzeko sistema integratu gisa funtzionatuko luke. Horretarako, honako helburu hauek planteatzen dira:

    1. UPV/EHUko medikuntza graduko ikasketetan familia eta komunitateko medikuntza sendotzea lehen mailako arretaren Prestakuntza-eremu gisa, jakitun izanik ikasketa plana aldatzea zaila dela eta tituludunaren irteera-profilera egokitu beharra dagoela. Horretarako:

      1. Medikuntzako graduaren egungo ikasketa plana berrikusi eta aztertuko da, eduki eta jarduera batzuk sartze aldera irakastorduetan, lehen mailako arretaren arloko familia eta komunitateko medikuntzako berariazko gaitasunetako prestakuntza hobetzeko.

      2. Familia eta komunitateko medikuntzako titulazioa duten irakasleen beharra norainokoa den aztertuko da, ikasketa planean proposatutako aldaketei egokitutako prestakuntza eman ahal izan dadin.

    2. Gradu-ikasketetan jarduera osagarriak egin daitezen sustatzea, familia eta komunitateko medikuntzarekin lotuta, lehen mailako arretaren eremuan.

    3. Familia eta komunitateko medikuntzako espezialistek eta espezialitateko egoiliarrek doktorego tesiak egin ditzaten sustatzea, eta haien garapena laguntzen bidez erraztea (bekak, etab.).

    4. Prestakuntza-egonaldiak egin ditzaten sustatzea.

    5. Topaketak, bilerak, biltzarrak, jardunaldiak eta abarrak egin daitezen sustatzea, familia eta komunitateko medikuntza garatu dadin lortzea helburu hartuta.

    6. Ikasle, egoiliar, profesional, komunitate, elkarte zientifiko eta abarrentzat familia eta komunitateko medikuntzarekin lotutako prestakuntza jarduerak egin daitezen sustatzea.

    7. UPV/EHUren eta familia eta komunitateko medikuntzaren alorreko espezialisten arteko elkarlana sustatzea prestakuntza jardueretan (ikastaroak, tailerrak, irakaskuntza programak eta abar).

      Ondorioz, interes komuneko gaietan lankidetzan aritzea erabaki dute, honako hauen arabera:

      KLAUSULAK

      Lehenengoa. Hitzarmenaren xedea eta lankidetza eremua.

      Hitzarmen honen xedea da irakaskuntza-jarduketak, ikerketa-jarduketak eta ikerketa-jardueraren emaitzak eraldatzearen arloko jarduketak garatzea, betiere osasunaren lehen mailako arretarekin, komunitate-arretarekin, osasun publikoarekin edo lehen mailako arretaren arloan interesgarritzat jotzen diren beste arlo batzuekin zerikusia duten gai espezifikoetan, eta, ondorioz, UPV/EHUn Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela bat diseinatzea eta ezartzea.

      Bigarrena. Alderdien betebeharrak.

      Lankidetza horren esparruan, hona hemen alderdiek izango dituzten erantzukizunak:

    1. Osasun Saila:

    1. Akordio honetan aurreikusitako helburuak lortzeko jardueren garapena diruz laguntzea, gehieneko kopurua 60.000,00 euro izanik urtean. Zenbateko horren ordainketa bi ordainketatan egingo zaio UPV/EHUri:

      Lehenengoa, % 60koa, Jarraipen Batzordeak dagokion urteko jardueren plana onartu ondoren.

      Bigarren ordainketa, gainerako % 40koa, dagokion urterako aurreikusitako eta onartutako jarduerak egin ondoren gauzatuko da, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, eta UPV/EHUk gehienez ere urte horretako abenduaren 31n honako dokumentu hauek aurkeztu eta gero:

      Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelan garatutako jarduketak talde sustatzaileak proposatutako eta jarraipen batzordeak onartutako jardueren planean jasoak zehatz-mehatz deskribatzeko memoria, bai eta plan horretan ezarritako adierazleei buruzko informazioa ere.

      Memoria ekonomiko bat, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelan egindako jarduerak gauzatzeko sortu eta ordaindutako gastu guztiak, kontzeptuaren arabera banakatuta, zerrendatzen dituena.

      Gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko fakturak eta frogatzeko balio baliokidea duten dokumentuak, trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio eraginkortasuna dutenak.

      Kudeaketa Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren bidez egingo da.

    2. Hitzarmen honetako jarraipen batzordean parte hartzea.

    3. Osasun Sailaren ordezkariak izendatzea Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelaren talde sustatzailerako.

    1. UPV/EHUk:

    1. UPV/EHUk Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela onar dezan behar diren barneko administrazio-izapideak gauzatzea.

    2. Hitzarmen honetako jarraipen batzordean parte hartzea.

    3. UPV/EHUko ordezkariak izendatzea Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelaren talde sustatzailerako.

    4. Talde sustatzaileak proposatutako eta Jarraipen Batzordeak onartutako jarduerak egiteko beharrezkoak diren lokalak eskuragarri ipintzea.

    5. Idazkaritza Teknikoa agintzen zaizkion eginkizunak betetzeko behar dituen giza baliabideez eta baliabide teknikoez hornitzeko beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egitea. Nolanahi ere, eskura jarritako baliabideak UPV/EHUn daudenak edo ikasgelan bertan diruz lagundu daitezkeenak izango dira.

      Hirugarrena. Jarraipen Batzordea.

      1. Lankidetza hitzarmen honetan hitzartutako helburuen jarraipena egiteko, Jarraipen Batzorde bat sortuko da, honako eginkizun hauek izango dituena:

        1. Talde sustatzaileak proposatutako eta idazkaritza teknikoak akordio honen helburuak lortzeko idatzitako jardueren plana onartzea. Jarraipen batzordeak jarduera zehatzak onartzeak ez du esan nahi, hala ere, jarduera horiek beharko ez dutenik dagokion akordioa edo hitzarmena izapidetu edo sinatzea, horretarako aplikatu beharreko araudiaren arabera.

        2. Idazkaritza Teknikoak eratutako jardueren memoria eta memoria ekonomikoa onartzea.

        3. Egutegi bat ezartzea, hitzarmenaren jarraipena adierazitakoaren arabera egiteko beharrezkoak diren bileretarako.

        4. Hitzarmen honen interpretaziotik eta aplikaziotik auzirik sortuz gero, ebazpena ematea.

      2. Jarraipen Batzordeak kide hauek izango ditu:

        1. Osasun Sailetik: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuordetzaren eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren titularrak.

        2. UPV/EHUtik: Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzako titularrak, eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa edo Medikuntza, Erizaintza, Odontologia eta Fisioterapiako graduetako gaia daraman dekanordea, hark eskuordetuta.

      3. Era berean, proposatu da hitzarmena sinatu duten alderdiei eskumena ematea batzordekideak izenda ditzaten, egokitzat jotzen denean. Betebehar bakarra izango da beste aldeari batzordearen eraketan eginiko aldaketen berri ematea; kasu horietan, ez da beharrezkoa izango beste hitzarmen bat sinatzea.

        Laugarrena. Talde sustatzailea.

        Talde sustatzaile bat eratzea erabaki da, hitzarmenaren xedea lortzeko beharrezkoak diren jarduerak proposatzeko eta kudeatzeko. Alderdi bakoitzak gehienez hiru pertsona izango ditu, hau da, UPV/EHUko hiru pertsona gehienez eta Osasun Saileko hiru pertsona gehienez.

        Hauek dira talde sustatzailearen eginkizunak:

        1. Akordio honetan aurreikusitako helburuak lortzeko garatu beharreko jardueren plana proposatzea. Planak prozesuaren eraginkortasunarekin edo efizientziarekin lotutako kudeaketa adierazleak izango ditu.

        2. Jarraipen Batzordeak onartutako jarduerak kudeatzen laguntzea.

          Bosgarrena. Idazkaritza Teknikoa.

          Idazkaritza Teknikoaren eginkizunak honako hauek dira:

        1. Akordio honen helburuak lortzeko talde sustatzaileak proposatutako jardueren plana eratzea.

        2. Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela jarraipen batzordeak onartutako jarduerak egitea errazteko azpiegiturez eta ekipamenduez hornitzeko beharrezko kudeaketa tekniko eta ekonomiko guztiak gauzatzea.

        3. Jarraipen Batzordeak onartutako jardueretarako proposamenak abiarazi eta kudeatzea, akordio honen helburuak lortzeko.

        4. Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelan garatutako jarduketak talde sustatzaileak proposatutako eta jarraipen batzordeak onartutako jardueren planean jasoak zehatz-mehatz deskribatzeko memoria eratzea, bai eta plan horretan ezarritako adierazleei buruzko informazioa ere.

        5. Memoria ekonomiko bat eratzea, Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelan egindako jarduerak gauzatzeko sortu eta ordaindutako gastu guztiak, kontzeptuaren arabera banakatuta, zerrendatzen dituena.

        6. UPV/EHUko Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgelaren jarduerekin lotuta egindako gastuak justifikatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztea Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari.

          Seigarrena. Akordioaren iraupena.

          Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta alderdi sinatzaileetako batek aldez aurretik hiru hilabeteko abisu bidez salatu ezean, 2023ko abenduaren 31n amaituko da. Salaketa egiten bada, martxan dauden jarduketen indarraldia bete beharko da.

          Edozein unetan, indarraldia amaitu baino lehen, sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute beste bi urtez luzatzea akordioa, baldin eta behar bezala egiaztatzen bada haren finantziazioa edo azkentzea.

          Zazpigarrena. Aplikatu beharreko araudia.

          Hitzarmen honek administrazio arteko hitzarmenaren izaera du, eta hauek ditu arau: hitzarmenaren klausulak, aplikagarri zaizkion arau bereziak, eta, zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen VI. kapituluak ezarritakoa.

          Zortzigarrena. Aldatzeko araubidea.

          Alderdien erabateko adostasuna beharko da hitzarmen honetan edozein aldaketa egiteko.

          Bi aldeek, ados daudela adierazteko, ale hau sinatzen dute 2023ko urtarrilaren 24an.

          Osasun Sailaren aldetik:

          Osasuneko sailburua,

          MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

          UPV/EHUren aldetik:

          Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,

          EVA FERREIRA GARCÍA.

          Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Dekanoa,

          JOSEBA PINEDA ORTIZ.