Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Nola murriztu zure gastuak, familiako aurrekontua kudeatuta

Opariak edo kapritxoak erosi, txangoak egin… baita kafeak, kopak, garagardoak eta pintxoak ere… kontuak egin, eta konturatu zara Gabonetan zure ekonomia kolokan dagoela. Gainera, ezer gutxi laguntzen du prezioen igoerak energian, supermerkatuan edo hipotekan. Hori guztia dela eta, gero eta gehiago kostatzen zaizu hilabete amaierara iristea, eta familiako ekonomia horren ondorioak jasaten ari da.

Pentsatu honetan: beharrezkoa ez den gastu batean aurrezten duzun euro bakoitza benetan behar duzun zerbaitera bideratu dezakezu. Dirua zertan gastatzen duzun jakiteak dirua aurrezten lagunduko dizu, eta, horretarako, gastu guztien jarraipena eginez gero, zure ekonomia hobeto kontrolatuko duzu.

Aurrekontu bat egitea diru-sarreren eta gastuen zerrenda bat egitea baino zerbait gehiago da: egoera bakoitzera egokitzen jakitea da, beharrak ezagutzea, eta beharrezkoa den hori lehenestea. Oraintxe azalduko dizugu nola egin:

1. urratsa. Aurreikusitako sarrerak kalkulatu behar dituzu, hainbat iturritatik datozenak, hala nola nominak eta laguntzak. Lagungarria izango zaizu joan den urtekoak kontuan hartzea, ideia bat egin ahal izateko.

2. urratsa. Hainbat gastu-mota daude. Jarraian azalduko dizkizugu, sailkatzeko aukera izan dezazun:

  • Finkoak eta beharrezkoak. Alokairua, hipoteka, komunitatea, hezkuntza, janaria, ura, argindarra, gasa, garraioa, etab. Batzuk aldakorrak izaten dira (adibidez, gasa edo argindarra, edo erosketaren zerrendan beharrezkoak ez diren produktuak), eta horien gastuak murriztu ditzakezu neurriz eta kontrolarekin kontsumituz gero.
  • Noizbehinkakoak eta beharrezkoak ez direnak. Oro har, aisialdiari lotutako gastuak dira: jatetxeak, bidaiak, zaletasunak, etab. Hala behar izanez gero, murriztu edo ezabatu ditzakezu.
  • Ezuztekoak. Ezustean sortzen dira, hala nola etxeko konponketak, etxetresnen edo autoen matxurak eta gastu medikoak.

3. urratsa. Erne inurri-gastuekin, Gabonekin eta oporrekin.

  • Inurri-gastuak. Kantitate txikiak dira, askotan oharkabean pasatzen direnak. Kafe bat, garagardo bat, pipa-zorro bat… Hilabetearen bukaeran zure aurrekontua desorekatzeko adinako kopuru handietara irits daitezke. Aholku gisa, egin ezazu horien guztien zerrenda bat, beharrezkoak ez direnak antzemateko.
  • Gabonak, merkealdiak eta oporrak. Garai horietan zure ekonomia kolokan jarri dezaketen aparteko gastu asko sortzen dira. Ezarri muga bat, kontrolpean edukitzeko. Baloratu ere, adibidez, zure aurrezkien zati bat oporretara bideratzeko aukera, muga bat jarrita betiere. 

4. urratsa. Aurrezkia. Sarrera eta gastu guztiak ezagutzen dituzunean, aurrezki-helburu errealista bat finka dezakezu; une horretan, gastu finko gisa har dezakezu. Erreserba ekonomiko bat edukitzea lagungarria izango zaitu ezustekoei lasaitasun handiagoz aurre egiteko. Era berean, nahi duzun horretan gastatu ahal izango duzu, adibidez, bidaia bat egiten, auto bat erosten, edo ikasketak ordaintzen. 

Kontsumo arduratsuaren gakoetako bat da, hain zuzen, “nahi” eta “behar” izatearen arteko aldea ulertzea. Zerbait erosi aurretik, pentsatu benetan behar ote duzun, maiz erabiliko ote duzun edo etxean antzeko produkturen bat ba ote duzun. Alderatu prezioak, eta kontuz ibili ustezko pagotxekin, produktu horien prezioa asko jaitsi bada ere.