Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

BILBOK GRAND DÉPART PAYS BASQUE 2023RAKO ATZERAKO KONTAKETA ABIARAZIKO DU

  • Christian Prudhomme, Juan Mari Aburto, Bingen Zupiria eta Elixabete Etxanobek 2023ko Frantziako Tourraren hasierara arte falta diren egun, ordu, minutu eta segundoak zenbatuko dituen Tissot erlojua martxan jarriko dute Udaletxe aurrean. Ekitaldia Kalakan eta Bilboko Koral Elkarteak girotuko dute.
  • Ondoren, ordezkari taldeak hiritik zehar ibilbide bat egingo du eraikin enblematikoenetako batzuk horiz argiztatzen joango direlarik ondotik igarotzean. Ibilbidea San Mames estadioan amaituko da, non Athletic Clubek harrera berezi bat egingo dien.

Gero eta gutxiago falta de Frantziako Tourra Euskadira iristeko, eta, horrekin batera, Grand Départ Pays Basque 2023aren esparruan antolatutako jarduerak ugarituz doaz. Une esanguratsuenetariko bat  100 eguneko atzerako kontaketa  da. Frantziako lasterketako ordezkari taldeak, Christian Prudhomme zuzendaria buru, jai giroan gizartearen parte hartze aktiboa sustatzea eta Euskadirentzako une historiko honetan mundu guztia partaide sentitu daiten helburu duten hainbat ekitalditan parte hartuko du.

Horrela, martxoaren 22an, 19:30etan, Bilboko Udaletxe aurrean dagoen plazan, Christian Prudhomme lasterketako zuzendari nagusiak, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin, Bingen Zupiría Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuarekin batera, lasterketa hasi arteko atzerako kontaketa egingo duen Tissot erlojua martxan jarriko duen botoi erraldoia sakatuko dute. Kronometroa Tourreko beste ikur baten ondoan egongo da: lasterketako zuzendariaren Skoda auto gorria. Kalakan hirukoteak eta Bilboko Koral Elkarteko abesbatza guztietako 150 kide inguruk, zapi horiak lepoan dituztela, 20 bat minutuko emanaldiekin girotuko dute ekitaldia.

Zeremonia honetan, halaber, Aznar eraikinean (Udaletxearen aurrean, itsasadarraren beste aldean) 13 x 10,6 metroko maillota argiztatuko da, eta, jarraian, Udaletxeko fatxada horiz argiztatuko da.

Ospakizunak hiriko erdigunetik, Udaletxetik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregirainoko lehen ibilbide batean, eta ondoren, foru erakundetik San Mames futbol estadiorainoko beste batekin jarraituko du. Ordezkari taldea igarotzean, horiz argiztatuko dira hiriko eraikin esanguratsuenetako batzuk, hala nola Bizkaia Dorrea, Foru Jauregia (puntu honetan geldialdi bat egingo da, oraingoan, Bilboko Koral Elkarteko ikasleek eskainiko duten musika emanaldia entzuteko) eta San Mames estadioa, non klubak harrera berezia egingo dion. Christian Prudhommek Athleticen maillota jasoko du, erakundearen 125. urteurrenekoa, Jon Uriarte presidentearen eta Garazi Murua eta Iker Muniain lehen taldeetako kapitainen eskutik. Bizkaia Frontoia ere argiztatuko da.

Maillot zuri-gorriaren inguruan

Athletic Clubek, 2023an zehar ospatzen diren bi mugarri paregaberen ospakizuna dela eta, Klubaren 125. urteurrena eta Frantziako Tourraren irteera Bilbotik, txirrindularitzako arropen bilduma esklusiboa aurkeztu zuen iragan Gabonetan. Bere oroitzapenezko izaeraz gain, Athletic Clubek berak joan den mendeko 20ko hamarkadan izan zuen txirrindularitza taldeari omenaldia egiten zion bildumak. Talde horrek palmares bikaina lortu zuen bere bizitzako lehen urteetan. Bildumak dituen bi maillotetatik, zuri-gorria, Athleticen kolore tradizionalak eta Klubaren zein 125. urteurreneko ezkutuak dituen maillot-a izango da Garazi Muruak eta Iker Muniainek Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendari nagusiari emango diotena.

Tissot

Tissotek, Frantziako Tourreko Kronometratzaile Ofizialak, datorren uztailaren 1eko Frantziako Tourreko Irteera Handirako 100 egunen atzerako kontaketa markatuko du, Bilboko Udaletxearen aurrean jarriko den erloju baten bidez. 100 egun kirol ekitaldi zoragarri hau ospatzeko, non segundo bakoitza zenbatzen den. Txirrindularitza Tissoten DNAren parte da, baita kronometrajea ere, non markak zehaztasun osoa emateko gaitasuna erakutsi duen. Funtsezko zeregina, helmugan txirrindularien artean segundo milaren bateko aldea erabakigarria izan daitekeelako.