Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Euskadiko Grand Départ-ak Ander Izagirre fitxatu du

Grand Départ Pays Basque 2023k Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarraren sinadura izango du. Izagirrek ibilbide literario ezaguna eta saritua du, txirrindularitza maite duen bidaiaria da. Hala, hainbat artikulu publikatuko ditu Frantziako Tourreko euskal txirrindularien abenturei eta zoritxarrei buruz. Garaipenak, tragediak, anekdotak, bitxikeriak… istorio horiek aberastu egingo dute ekitaldiaren zabalkundea, alderdi literarioago batetik, kirol-arloaren osagarri gisa. Beste ikuspegi batetik, istorio harrigarriez gozatzeko aukera emango dute kontakizunek, horietako asko ezezagunak direnak. Tourreko lehen hildakoa, lehen euskal maillot horia, KASen zigilua, Lejarreta, Cabestany, Somarriba edo Belokiren 'lehiak'… Kazetari donostiarrak unibertso liluragarri hau emango du ezagutzera.

Lehen kontakizuna dagoeneko argitaratuta dago Grand Départ Pays Basque 2023ren webgunean, www.letour.euskadi.eus. 1910eko Tourrean parte hartzeko Bilbotik Parisera bizikletan joan zen eta “El Cojo” bezala ezaguna zen Vicente Blanco bizkaitarraren istorioa da. Artikuluak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitaratuko dira, Tourrean euskal txirrindularitza eta bere historia nazioartean ere ezagutzera emateko.

BI GURPILEN GAINEKO CURRICULUMA

Ander Izagirre 'Plomo en los bolsillos' (14 edizio dituen Frantziako Tourrari buruzko liburua) eta 'Cómo ganar el Giro bebiendo sangre de buey' liburuen egilea da. Hainbat sari jaso ditu, hala nola 'Manuel Alcantara' Kirol Kazetaritzako Sari Nazionala, 'Cuando las ciclistas cambiaron de marcha' erreportajearekin. Telebistan ere parte hartu du, ETB1en “Errepide galduak” saioa aurkeztuz. Programa honetan, pedalei eragiten zien bitartean, Euskadiko hainbat paisaia eta istorio eman zituen ezagutzera.

Bere lan oparoen artean, nazioarteko gaiak jorratzen dituzten piezak ere nabarmentzen dira, hala nola Karakórum mendikateko zamariei buruzko erreportajeak, Txernobylen bizirik atera zirenei buruzkoak eta Groenlandiako krisi sozialei buruzkoak. Bost hizkuntzatara itzulitako eta Boliviako meatzaldeari buruzko 'Potosí' liburuarekin Euskadi Literatura Saria, English Pen Award saria eta Ryszard Kapuscinski saria eskuratu zituen. Europako Prentsa Saria ere irabazi du, Kolonbiako militarren krimenei buruzko “Así se fabrican guerrilleros muertos” erreportajeagatik. Tokiko zein nazioarteko komunikabideekin ere lankidetzan aritzen da.