Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Planifikatzea Eguberri on baterako gakoa da

Eguberri on aholkuak

Planifikatzea da Gabonetan kontuan hartu behar duzun hitza. Planifikatu ez xahutzeko, planifikatu aurrezteko, planifikatu gabonak segurtasunez bizitzeko.

Janariari buruz, ospakizunei buruz ari bagara, lehenbiziko ardura segurtasuna da. Bete itzazu osasun-arau guztiak, eta ez jarri arriskuan beharrik gabe. Kontuan har itzazu pertsona ahulenak eta arrisku gehien dutenak. Dena delakoagatik txertoa jarri ez baduzu, pentsatu zure familian eta jar ezazu txertoa.

Behin gaiari helduta, ezin duzu alde batera utzi elikagaien xahuketa gizartearen eta gabonen arazo handienetako bat dela: janari asko erosten dugu, behar duguna baino gehiago. Pentsa dezagun erosi aurretik eta xahuketa saihestuko dugu.

  1. Menua eta aurrekontua. Erabaki zenbat gastatu nahi duzun eta osatu zure menua. Pentsatu zenbat izango zareten, zenbat jango duzuen, erosi eta gastatu horren arabera.
  2. Berrikuspena. Begiratu hozkailua eta jaki-gela, zer behar duzun jakiteko.
  3. Egin zerrenda bat. Zer behar duzun dakizunean, apuntatu zerrenda batean, zure aurrekontua kontuan hartuta.
  4. Erosketak mailakatu. Elikaduran, gogoratu beti tokiko eta sasoiko produktuaren alde egitea. Ahal duzun guztietan, aldez aurretik erosi eta izoztu. Segurtasuna irabaziko duzu eta era berean aurreztu.
  5. Presioa. Ez erosi presaka (ezta gose zaudenean ere). Hartu zure denbora prezioak alderatzeko eta eskaintzak aztertzeko.
  6. Bertako produktuak erosi. Lagundu zure auzoa bizirik mantentzen. Etxetik gertu, harategia, arrandegia, fruta-denda, supermerkatua eta abar dituzu. Ezagutzen zaituzte eta laguntzen dizute.
  7. Aprobetxatu soberakinak eta ez bota janaririk. Ba al zenekien etxeak direla janaria xahutzearen % 42aren erantzuleak? Janaria sobratu zaizu? Gora irudimena! Prestatu errezeta berriak: arroz bat edo arkume soberakinekin betetako enpanadillak zoragarriak izan daitezke.
  8. Izoztu. Hondatu baino lehen, izoztu banakako anoa guztietan ahal duzun guztia. Plater bat prest izango duzu beste egun baterako.

Azken finean: planifikatzen baduzu, ondo erosi eta hobeto kontsumituko duzu.

Elikagaien xahuketari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ezagutu Euskadiko Elikagaien Xahuketaren Aurkako Plataforma, eta hemen aurkituko dituzu ezer ez botatzeko ideia batzuk.