Emakumeen eta gizonen berdintasunerako III. Plana 2025-2028

Helburuak

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Plan honen bidez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrarekin duen konpromiso instituzionala indartzen du, eta zeharkako printzipio gisa txertatzen du politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan.

Benetako berdintasun eraginkorra erdiesteko, ikuspegi planifikatua eta iraunkorra behar da. Horretarako, Sailak konpromisoa hartzen du Planak behar dituen aurrekontu-baliabideak, giza baliabideak eta baliabide materialak emateko, Planaren inplementazio egokia, jarraipena eta ebaluazio sistematikoa bermatzeko.

Herritarren aurrean hartutako konpromisoak publiko egitea eta legegintzaldi honetan berdintasunaren arloan dauden lehentasunak definitzea da planaren helburua. Lehentasun horiek urteko ekintza-planen bidez zabalduko dira, eta plan horietan zehaztuko dira ezarritako helburuak betetzeko bidean aurrera egiteko beharrezkoak diren jarduerak eta neurriak.

Berdintasunerako III. Planaren helburu estrategikoak bat datoz Gobernu Programarekin, Emakunderen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako 5. Helburuarekin, Sailaren Plan Estrategikoarekin eta indarrean dagoen arau-esparruarekin. Zehazki, Plana bat dator Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin.

Legegintzaldian, lehentasunezko jarduera-ardatzak genero-ikuspegidun gobernu ona sustatzera eta ekonomia- eta gizarte-arloko politika publikoak garatzera bideratuko dira. Jarduera horiek lortutako aurrerapenak sendotzera eta dauden genero-arrakalak murriztera bideratuta egongo dira, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkor eta erreal baterantz aurrera egiteko.

 

Legegintzaldia

XIII. Legegintzaldia