ELEBI programaren bilakaera
2008. urtean, Eusko Jaurlaritzako Trebakuntza Programa ezarri zen, eta hura trebatzaile baten gidaritzapean bakarka emandako saioetan gauzatu zen, lau ikasturtetan zehar (2008-2012). Horrela bada, tutoretzaren esperientzia bi liburuotan eman genuen argitara: Trebakuntzako eskuliburua eta Trebakuntzako ariketa-liburua.
2012ko abenduan, beste urrats bat eman genuen, eta, trebakuntzaren ordez, ELEBI jarri genuen abian: Eusko Jaurlaritzako langileen taldekako trebakuntza, mintegien bidez; hau da, langileen lanpostuko jardun elebidunerako mintegiak.
2013ko abenduaren 30ean egindako bilkuran, Jaurlaritzaren Kontseiluak V. Plangintzaldiko Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia onartu zuen (2013-2017). Plangintzaldi horren helburu nagusia da euskara lan hizkuntza bihurtzea. Horretarako, euskarazko atalak eta atal elebidunak izendatu behar izan dira, aplikatu beharreko derrigortasun indizea aurreko plangintzaldikoa baino handiagoa baita jendaurreko arreta ematen duten zerbitzuetan eta gizarte orokorreko ataletan. Atal horietan, funtzionarioek eskura izan behar dute lana euskaraz egiteko behar duten prestakuntza, kontuan hartuta euskara zerbitzu edo lan hizkuntza dela. Horren ondorioz atal horietako langileei eskatuko zaie zenbait lan-eginkizun euskaraz egiteko, eta horretarako ELEBIk laguntza emango die.
Horren ildotik, 2014-2015 ikasturtean, ELEBIn honako egokitzapen hauek egin dira:
- Lehentasuna izango duten Erabilera Planaren eraginpean dauden atal euskaldun eta elebidunetako langileek, idatzizko dokumentu edo ahozko jarduna euskaraz egiteko benetako beharra baitute.
- Langile horiek ELEBI mintegietan lau hilabeteko prestakuntza jasoko dute.
- ELEBI mintegiko ikaste prozesuaren eraginkortasuna neurtuko da, behin prestakuntza amaituta.
Gauzak horrela, atal euskaldun eta elebidunetako langileek ELEBIren bidez prestakuntza jaso dute, eta honako helburu hauek izan dituzte: telefono bidezko harrera landu, lan-bileretan euskara erabiltzeko prestakuntza jaso, prebentzio teknikariek erabiltzen dituzten dokumentuak euskaraz sortu, goi mailako teknikarien proiektuak eta espedienteak euskaraz landu, aniztasunaren gaineko terminologia berria landu etab.
2018ko otsailetik ekainera, 37 ikaslek hartuko dute parte mintegialdian. Lau hilabete eta erdi horietan, ahozko lan-jardun bera duten langileek telefono bidezko elkarrizketak landuko dituzte, hain zuzen ere, administrarien eta herritarren artean informazioa eskatzeko, argibideak emateko, kexak adierazteko edo informazio orokorra trukatzeko, eta, horrekin batera, baita gai bati buruzko lexikoa eta terminologia erabiltzeko estrategiak ere. Gainerako mintegietan jasoko duten prestakuntza izango da dokumentuak itzultzetik euskarazkoak sortzera pasatzeko.
Hori guztia kontuan izanda, azken urteotako esperientziaren berri ELEBI programaren eskuliburuan eman zen.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plangintzaldiak (2018-2022) honako helburu hau finkatu du: langileen euskarazko komunikazioek lehentasuna izatea, bermatu dadin Jaurlaritzak herritarrekin dituen harremanetan hizkuntza eskubideak errespetatzen direla. Horrenbestez, IVAPek jarraitu beharra du ELEBI programarekin, funtzionarioek lana euskaraz egiteko dauzkaten trebakuntza premiak asetzeko. Hori dela eta, 2019ko urrian abiatuko da mintegialdi berria. Bertan, herritarrekin harremana euskaraz izan dadin, telefono bidezko arreta eta aurrez aurreko simulazioak izango dira hainbat mintegiren oinarri; eta beste zenbaitetan, administrazioko txosten teknikoak, ebazpenak eta ikuskapen aktak landuko dira, administrazioko hizkera jasoaren esaldi-egiturak eta hiztegi teknikoa garatu nahian. Mintegiak antzeko behar komunikatiboak dituzten sail bereko partaideek osatzen dituzte, hala ere, Euskara Normalkuntzako teknikarien laguntzari esker, mintegialdi honetan lau sailarteko osatu dira; hau da, sail ezberdinetako partaideek eratutakoak, baina eginkizun berberak dituztenak.
Eusko Jaurlaritzako Euskara Planaren lanketetan, hizkuntza normalizazioko teknikariek beharrak identifikatu dituzte, eta, horren ondorioz, Administrazioko langileek trebatzen jarraitu behar dute euskaraz idaztean edo ahozko azalpenak ematean. Adibidez, gabeziak nabarmenak dira Administrazioko zenbait langilek laneko gai bati buruzko xehetasunak azaldu behar dituztenean edo lexiko espezializatua erabili behar dutenean. Gauzak horrela, 2021-2022 mintegialdian eta 2022koan (otsaila-ekaina) honako dokumentu hauek landuko dituzte: laneko argibideak, azalpenak, terminologia espezifikoa, dirulaguntzak, memoria, aurrekontuak, ebazpenak eta idazki laburrak.
VII. Plangintzaldiko Hizkuntza Irizpideei jarraiki, kalitatezko komunikazioa sustatu behar du Administrazioak, estilo zuzen, egoki eta ulergarrian. Hori lortzeko, ELEBI programaren bidez, sailetako parte hartzaileek hainbat testu jorratu dituzte: euskaraz sortzen dituzten mezu elektronikoak, oharrak ebazpenak eta azalpen-memoria laburrak; eta komunikazio horien estiloa eta egitura egokiak ikasi dituzte. Gainera, lan arloko glosarioa eta ohiko galderen zerrenda osatu eta ondu dute, betiere telefono bidezko lan harremanetan ziurtasuna lortu nahian.
2024ko otsailetik aurrera, sailetako zenbait mintegik honako hau izan dute helburu: lan eginkizunari lotutako testu juridikoak landu, telefono bidezko arreta eta posta elektronikoak hobetu, eta estatistika esparruan, txosten, fitxa eskaera eta erantzun ofizialak euskara maila jantziago batean idazteko trebatu.
2024ko bigarren mintegialdian, ur-ikuskariek ikusten dituzten intzidentzien inguruko txostenak jorratu dituzte. Gainontzeko ikasleak telefono bidezko elkarrizketetan eta ahozko bat-bateko azalpenak ematen trebatu dira. 2025eko mintegialdian, aztertu eta landu dituzte lan-zereginetan erabiltzen dituzten memorien eta errekerimenduen terminologia eta estiloa.
Azken urteotako joerak erakutsi du ELEBI programa tresna eraginkorra dela lan eginkizunetan euskara sustatzeko eta langileen gaitasunak hobetzeko. Orain arte ardatz nagusi izan ditu ahozko eta idatzizko komunikazioaren kalitatea hobetzea, terminologia espezializatua lantzea eta sailarteko lankidetza bultzatzea; ildo beretik jarraituko dute 2025-2026 mintegietan.
Azken aldaketako data:












