Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2015eko irailaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3855

EBAZPENA, 2015eko irailaren 1ekoa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako idazkari nagusiarena, lankidetza-erakundeei laguntzak esleitzen dizkiena, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak 2015. urterako sustatze aldera.

Ebazpen honen bidez, azaroaren 25eko 197/2008 Dekretuan biltzen diren aurreikuspenak betetzen dira, 2015erako. Dekretu horrek lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko (EHAA, 2008ko abenduaren 9koa, 235. zk.). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, baina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar dituzte.

197/2008 Dekretuak garapen-lankidetzarako euskal erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko. Horretarako, finantzatu egingo dira genero-arloko partaidetza-diagnostikoak eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoak.

Berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketaren prozesuak erakundeetan egingo diren gogoeta-jardun gisa definitzen dira. Jardun horiek ekarriko dute gaur egun dauden egiteko eta pentsatzeko moduak aldatzea, erakundearen funtzionamendu-eremu guztietan (estrategiak, egiturak, lan-sistemak, politikak, erakunde-kultura, eta abar) gertatzen diren genero-desberdintasunak desagerrarazteko.

Dekretu horretako 10. artikuluaren arabera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak egingo du laguntza-deialdia, eta hauek adieraziko ditu: laguntzen zenbatekoa, eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea, balorazio-irizpideak, formularioa eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziaren eta erakunde esleipendunaren arteko hitzarmen-eredua. Kasu honetan, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da eskumen hori duen agintaritza, bi dekretu hauek aplikatuta: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, lehendakariarena; eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretua.

Bestalde, aipatutako dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak kudeatuko ditu laguntzak; eta 15. artikuluaren arabera, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako zuzendariak erabakiko du eskatutako laguntzak eman ala ez.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak erabakiko du nola kudeatu aipatutako laguntzak eta arlo honetan eman beharko diren ebazpenak edo sinatuko diren hitzarmenak. Horretarako, bi lege-xedapen hauek beteko ditu: batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikulua, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikulua.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Artezte Kontseiluaren oniritzia jaso zuela 2015eko martxoaren 10ean egindako bilkuran.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, lankidetza-erakundeei 2015eko ekitaldian eman beharreko laguntzetarako deialdia egiten da, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko. Laguntza horiek azaroaren 25eko 197/2008 Dekretuan aurreikusita daude (EHAA, abenduaren 9koa).

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbateko orokorra 132.000 eurokoa da.

3. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, bide elektronikoak erabil ditzakete entitate interesdunek.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaz eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaz erregulatzen da izapidetze elektronikoa. Ebazpen horren bitartez, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen da.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak eta eranskinak hemen eskura daitezke: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan, eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

2.– Laguntza-eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzuan), Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta.

Eskabideak, orobat, bide elektronikoen bidez aurkeztu ahalko dira, egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/ayudas_gba_2015/y22-izapide/eu

3.– Eskaerak eskabide normalizatuaren bidez egingo dira, zeina ebazpen honi erantsirik baitago eta egoitza elektroniko honetatik ere eskura baitaiteke: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/ayudas_gba_2014/y22-izapide/eu.

4.– Eskabideak, eranskinetan zehaztutako agiriekin batera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara helarazi beharko dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Nafarroa kalea 2

01007 Vitoria-Gasteiz.

5.– Eskabidean dauden agiriekin batera, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako proposamena (Generoaren partaidetza-diagnostikoa eta Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plana) erantsi beharko du erakunde eskatzaileak, ebazpenaren I-A eranskineko eskabide normalizatuaren bidez, edo, hala badagokio, Genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako proposamen teknikoa (Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plana), I-B eranskineko ereduaren bidez.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

1.– Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio diru-laguntza lerro hau kudeatzeko atazak egitea. Agentziaren antolakuntza- eta jarduera-araudia ezartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 17.a) artikuluan xedatzen denez (EHAA, apirilaren 9koa), Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak egingo ditu laguntza-eskabideen analisi teknikoa eta balorazioa; gero, horren berri emango dio Balorazio Batzordeari, zeinak, horretarako bildu eta gero, dagozkion laguntzak ematea proposatuko baitu.

2.– Balorazio Batzordeko kide dira Ekonomia, Aurrekontua eta Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko arduraduna, Koordinazio Estrategikoaren Zerbitzuko arduraduna, Zerbitzu Juridikoko arduraduna eta Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna. Batzorde horrek kide hauek izango ditu:

• Batzordeburua:

Ainara Arrieta Archilla.

• Batzordekideak:

Nicolas Basarrate Hormaetxea.

Amaia Etxabari Saiz.

• Idazkaria:

Ana Rojo Gonzalez.

6. artikulua.– Baremazio-irizpideak.

1.– Eskatutako betebehar guztiak dituzten eskaerak 0tik 100era bitarteko eskala baten arabera baloratuko dira, ebazpen honetako I., II. eta III. eranskinetan ezartzen den baremazio-taula oinarritzat hartuta:

– II. eranskina: prozesuak bideratuko dituen kanpoko pertsona fisiko edo juridikoa hautatzeko irizpide aplikagarriak.

– III. eranskina: genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak baloratzeko irizpide aplikagarriak.

2.– Eskabideak handitik txikira ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera. Onetsiak izateko, programek gutxienez 50na puntu lortu beharko dute.

7. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

Diru-laguntza onartu ondoren, onartutako diru-laguntzetarako hitzarmena sinatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta erakunde esleipendunak, IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz xedatuta ez dagoen ororako, honako hiru hauetan jasotako xedapenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen dituen azaroaren 25eko 197/2008 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 1a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala