Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

133. zk., 2013ko uztailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
3182

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 17koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena aldatzen duena.

Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatzen du DBEB zuzenbide publikoko entitatea dela, nortasun juridiko propioa eta jarduteko erabateko gaitasuna dituela, eta herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko dituela bere eginkizunak, hain zuzen ere, datu pertsonalak babesteko esparruko agintaritza delako.

2/2004 Legearen 10.1 artikuluak xedatzen du Datuak Babesteko Euskal Bulegoa arautuko duten xedapenak sorrera-legea eta Bulegoaren estatutua onartzen duen urriaren 18ko 309/2005 Dekretua izango direla.

Estatutuak finkatzen du Bulegoaren oinarrizko antolaketaren diseinua, eta, era berean, jarduteko nahikoa tarte utziz, Bulegoak autoantolaketa ahalak gauzatu ahal izateko.

Erakundearen egitura osatzeko, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren 2005eko azaroaren 28ko Ebazpenaren bidez, hierarkikoki zuzendariaren menpe dauden hainbat unitate finkatu ziren. Ebazpenaren laugarren atalean arautu ziren «Datuak Babesteko Erregistroa eta teknologia berriak unitatea» eta bere eginkizunak.

Harrez geroztik, informazioaren eta komunikazioen teknologiek izan duten bilakaerak eta Bulegoak urte hauetan funtzionamenduaren arloan bildutako esperientziak orain arte baino garrantzi handiagoa aitortzen diete erregistratutako fitxategien egoera egiaztatzeko jarduerei. Batez ere, azpimarratu behar da informazioaren segurtasuneko neurrien gaineko auditoria, DBLO garatzen duen Erregelamendua onartu zuen 1720/2007 Errege Dekretua betetzeko hartu behar diren neurriak dira, eta otsailaren 25eko 2/2004 legearen 19. artikuluak Bulegoari esleitutako ikuskapen ahalen artean daude. Era berean, komenigarria da Bulegoak arreta jartzea garapen bidean dauden informazioaren teknologietan, herritarren pribatutasunean izan dezaketen eragina aztertzeko.

Horrek guzti horrek unitatearen eginkizunak aldatu beharra dakar, bai eta izendapena ere, emandako zerbitzuen kalitatea hobetzeko asmoarekin.

Ondorioz, eta Kontseilu Aholku-emailearen adostasunarekin,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitura organikoa garatzen duen 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena aldatzea. Hona aldaketak:

Bat.– Bigarren ataleko 2.a) puntua aldatuko da eta honela idatzita geratuko da:

«2.– Hierarkikoki zuzendariaren mende dauden administrazio-unitateak honakoak dira:

a) Datuak Babesteko Erregistroa eta teknologia berriak.»

Bi.– Laugarren atala aldatuko da eta honela idatzita geratuko da:

«Laugarrena.– Datu Pertsonalen Fitxategien Erregistroa eta Auditoria.»

Datu Pertsonalen Fitxategien Erregistroa eta Auditoria Unitatea Bulegoaren administrazio-unitateetako bat da, 2/2004 Legearen 18. artikuluan aurreikusitako Datuak Babesteko Erregistroa bere menpe du, eta aipatu legearen aplikazio eremuan dauden datu pertsonaleko fitxategien existentziaren publizitatea sustatzea dagokio. Halaber, datu pertsonalak babesteko araudia betetzen dela zaintzeko xedearekin, fitxategien segurtasun neurrien sektorekako ikuskaritza eta auditoria eginkizunak izango ditu, eta Datuak Babesteko Segurtasun Arduradunen eta Koordinatzaileen Laguntzaile-sarea koordinatzeko ardura. Bestalde, teknologia berriek pribatutasunean duten eraginarekin zerikusia duten ikerlanak egiteko eta Bulegoaren beraren Sistemen Plana burutzeko ardura izango du.

Datu Pertsonalen Fitxategien Erregistroa eta Auditoria Unitateak honako eginkizunak ditu:

1.– Datuak Babesteko Erregistroari lotutako zereginak:

a) 2/2004 Legearen 18.2 artikuluan aipatzen diren fitxategiak sortu, aldatu edo baliogabetzeko erregistroan espedienteak eta legean aipatzen diren gainontzeko inskripzioak izapidetzea, baita fitxategiaren titularrari jakinarazpen egokiak egitea ere.

b) Datu pertsonalen fitxategiak sortu, aldatu edo baliogabetzeko xedapenetako informazioa, kode tipoen edukia eta Datuak Babesteko Erregistroarekin zerikusia duten ebazpenak biltzea.

c) Idazpenen errakuntza materialak administrazioaren kabuz eguneratu eta zuzentzea.

d) Idazpenen egiaztagiriak egitea.

e) Inskribatutako fitxategien zerrenda argitaratzea, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak zehaztutako informazio osagarriarekin.

f) Herritarrei Datuak Babesteko Erregistrorako sarbidea erraztea eta hala eskatzen dutenei inskribatuta dauden edo ez dauden fitxategien berri, euren helburuen berri eta horien arduradunaren identitatearen berri ematea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Datu Pertsonalak Babesteko Erregistroan egindako inskripzioak prestatzea eta kudeatzea aldian-aldian Datuak Babesteko Espainiako Agentziako Erregistro Nagusira bidaltzeko.

h) Estatistikarako bakarrik sortutako fitxategien segurtasun-baldintzei buruzko irizpena proposatzea.

2.– Fitxategien Ikuskaritzari eta Auditoriari lotutako zereginak:

a) Bulegoaren planifikazioarekin bat, 2/2004 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen den zeinahi fitxategiren eta dagozkien ekipamendu informatikoen (dauden lokaletan) sektorekako ikuskapena burutzea. Horretarako, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutuaren 11. artikuluan ezarritako jarduerak burutu ahal izango ditu.

b) Ikuskaritza eta Lege Aholkularitza Unitateari laguntza ematea ikuskaritza-lan zirkunstantzialetan ekipoen azterketekin, transmisio-sistemak eta datuetarako sarbidearekin, Segurtasun-agiriaren egokiera egiaztatzearekin zer ikusia duten jarduerak eta eskatzen zaizkion bestelakoak burutzeko.

3.– Datuak Babesteko Segurtasun Arduradunen eta Koordinatzaileen Laguntzaile-sarea.

Datuak Babesteko Segurtasun Arduradunen eta Koordinatzaileen Laguntzaile-sarea koordinatzea, Datu Pertsonalen Erregistroko inskripzioei laguntzeko baliabide teknikoak egitea eta Laguntzaile-sarearen, fitxategien arduradunen, eta erabiltzaileen eskura jartzea, eta oro har fitxategi horiek kudeatzea, 2/2004 Legeak eta legearen xedapen osagarriek agindutakoa betez. Baliabide horien baitan sartuko dira, besteak beste, metodologiak, laguntzarako informatikako aplikazioak, produktuen edo zerbitzuen estandarizazioko eskemak, prestakuntza-materialak, agiri-tipoak eta ohiko galderen gidak.

4.– Teknologia berrien eraginarekin eta Bulegoaren kudeaketarekin lotutako zereginak:

a) Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien garapenaren eginari buruzko eta bilakaerari buruzko azterlanak burutzea, datu pertsonalak babestearekin zerikusia duten heinean, eta zuzendariari eta gainontzeko organoei aholku ematea informazioaren gizartearen baitan datuak babesteko garrantzitsuak diren espezializazio teknikoen eta kudeaketaren arloan.

b) Bulegoaren sistemen plana garatzea eta bere baliabide informatikoetan erabili beharreko segurtasun-jarraibideak finkatzea.

c) Bulegoaren zuzendariak aurreko ataletan zehaztutako arloei buruzko eskatutako txostenak eta proposamenak lantzea.

Hiru.– Bosgarren ataleko 2.b) puntua aldatuko da eta honela idatzita geratuko da:

«b) Datu Pertsonalen Fitxategien Erregistroa eta Auditoria Unitateari laguntza ematea, lege- eta prozedura-arloko jarduerekin zerikusia duten sektorekako ikuskapen-lanetan».

AZKEN XEDAPENA.– Ebazpen hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 17a.

Zuzendaria,

IÑAKI PARIENTE DE PRADA.


Azterketa dokumentala