Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2013ko otsailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
756

AGINDUA, 2013ko urtarrilaren 31koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Arabako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako lurralde-ordezkariaren lanpostua (kodea: 512076; dotazioa: 2.a) izendapen aske bidez betetzeko lehiaketa publikoa egiten dela iragartzeko dena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Arabako Lurralde Ordezkaritzako lurralde-ordezkariaren lanpostua (kodea: 512076; dotazioa: 2.a) hutsik dagoenez, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen aske bidez betetzeko deialdi publikoa egiten dela iragartzea erabaki du sail honek, hala xedatuta baitago Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan. Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman du. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza berberak betez, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute, lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan ez badaude:

1) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute. Ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.

2) Norbere kontuetarako edo familia ekartzeko borondatezko eszedentzian egonik lanera itzuli baino lehen egon beharreko denbora ez badute bete.

3.– Eskatutako baldintzak bete beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideetan, datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute hautagaiek.

2.– Hautagaiek eskaerarekin batera curriculum vitaea aurkeztu beharko dute, eta bertan honako hauek adierazi:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko langileen erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da. Hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, gehienez hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita.

Lanpostua lortzen duen pertsonak epe barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urtarrilaren 31.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua:

– Izena: lurralde-ordezkaria.

– Kodea: 512076.

– Dotazia: 2.a.

– Kidegoak:

– A-D irakasle funtzionarioak, A taldea/EAE-irakasle funtzionarioak, A taldea/EAE.

– X02EU A taldeko kidegoak-aukerak-eskalak (EAP- A taldeko kidegoak-aukerak-eskalak (EAP).

– Destino-osagarriaren maila: 29.a.

– Berariazko osagarria: 0-A.

– Kokapena: Arabako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza.

– Herria: Vitoria-Gasteiz.

– Hizkuntza-eskakizuna: 3. HE.

– Derrigortasun-data.

– Ezagupen berezituak.


Azterketa dokumentala