Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2013ko otsailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
755

AGINDUA, 2013ko urtarrilaren 22koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena. Honen bidez, eginkizunengatiko eta/edo hizkuntzagatiko berariazko lehiaketara deitzen da, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundean eskakizun bereziko lanpostuak betetzeko.

2012ko azaroaren 27ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 229. zenbakian, azaroaren 21eko 237/2012 Dekretua argitaratu zen, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen lanpostu-zerrendak onartzen dituena.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundean, Auzitegi Medikuen Kidegoan, eginkizunengatiko eta/edo hizkuntzagatiko eskakizun bereziko lanpostuak hutsik daude. Lanpostuok aurrekontuz hornituta daude, eta, zerbitzuaren beharrak direla-eta, komenigarritzat jotzen da horiek betetzea.

Euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a artikuluan, euskal herritarrei aitortzen zaie Administrazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako edozein erakunde edo entitaterekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea. Halaber, bere 6.1 artikuluaren arabera, herritar guztiei aitortzen zaie, Autonomia Erkidegoaren lurraldean, herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa.

Beraz, lanpostu horren deialdia egingo da berariazko lehiaketaren bitartez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Legearen VIII. tituluan eta abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 43. artikuluan eta hurrengoetan eta xedapen indargabetzaile bakarrean ezarritakoaren arabera (1451/2005 Errege Dekretua, Justizia Administrazioaren zerbitzupeko funtzionario berriak hartzeari, funtzionario horien lanpostuak hornitzeari eta lanbide sustapenari buruzkoa).

Horregatik guztiagatik, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Deialdia.

Berariazko lehiaketara deitzea, I. eranskinean zerrendatzen diren eginkizunengatiko eta/edo hizkuntzagatiko eskakizun bereziko lanpostuak betetzeko, Bulego Judizial berria ezartzeko Legeria Prozesala aldatzeko Legearen osagarri den azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoaren bigarren artikuluan xedatutakorekin bat.

Bigarren artikulua.– Eska daitezkeen lanpostuak.

1.– Lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek I. eranskinean bilduta dauden Auzitegi Medikuen Kidegoko eskakizun bereziko lanpostu hutsen artetik edozein eskatu ahal izango dute, betiere eskabideak aurkezteko amaiera-datan eskatzen diren baldintza orokorrak eta bereziak betetzen badituzte, parte hartzen dutenean dauden Kidego edo Eskalan duten egoera administratiboa barne, eta deialdiari buruzko behin betiko ebazpena ematen den arte eusten badiete.

2.– Lanpostu huts horiek I. eranskinean jasota dauden lanpostu kodea eta dotazio zenbakiaren arabera identifikatuko dira.

3.– Lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute eskatzen dituzten lanpostuak zuzen identifikatu dituztela, izan ere, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren ez da onartuko egindako eskaeran aldaketarik egitea, ezta, esleipenaren kasuan, uko egitea ere.

4.– Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.

Hirugarren artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak eta baldintzak.

1.– Baldintza orokorrak:

1.1.– Eginkizunengatiko eskakizun bereziko lanpostuen kasuan, lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, esklusibotasunez eta behin bakarrik, Auzitegi Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek, baldin eta, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearen lanpostu-zerrendetan ezarritakoaren arabera kasuan kasuko espezializazio arloan aditu bihurtzeko ikastaroa eginda badaukate, lanpostuak bete behar diren udalerrian behin betiko destinoa badute, eta jardunean edo lanpostua gordeta badaude.

1.2.– Hizkuntzagatiko eskakizun bereziko lanpostuen kasuan, berriz, lehiaketa honetan parte hartzea izango dute, esklusibotasunez eta behin bakarrik, Auzitegi Medikuen Kidegoko karrerako funtzionarioek, baldin eta lanpostuak bete behar diren udalerrian behin betiko destinoa badute eta jardunean edo lanpostua gordeta badaude. Deialdi honetan parte hartzen duten funtzionarioek lortu nahi dituzten lanpostuak betetzeko, halakoetarako eskatzen den euskara ezagutzaren baldintza bete behar dute, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Horretarako, lanpostu bakoitzak ezarrita duen hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharko dute, lanpostu-zerrendan xedatuta dagoenaren arabera.

1.3.– Eginkizunengatiko eta hizkuntzagatiko eskakizun bereziko lanpostuen kasuan, 1.1 eta 1.2 paragrafoetan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Akoplamendu-prozesua denez, honako hauek ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu: eszedentzia-egoeran dauden funtzionarioek, lanpostua gordetzeko eskubiderik gabe; lan-etenaldi irmoan daudenek, etenaldi horrek dirauen artean; eta nahitaezko lekualdatze bidez zehatutakoek, zehapena ezarri zaien herri berean bada destinoa, betiere urtebete edo hiru urte igaro arte, falta larria edo oso larria bada, hurrenez hurren.

Laugarren artikulua.– Balioeste- eta baremazio-faseak.

Berariazko lehiaketa honek hainbat fase ditu.

1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak egiaztatu eta balioestea:

1.1.– Antzinatasuna: kidegoan emandako zerbitzuengatik, bi puntu emango dira zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzionalki zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Horretarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak izango dira, eta 60 puntu emango dira gehienez.

1.2.– Euskararen jakite-maila: Lanpostu hau betetzeko eskatzen den baino euskararen jakite-maila altuagoa egiaztatzen bada, gehienez 12 puntu lortuko dira, xede horretarako bakarrik.

Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta adierazitako Autonomia Erkidegoaren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Hizkuntza-eskakizuna esleitu gabe duten lanpostuak:

2. hizkuntza-eskakizuna: 6 puntu.

3. hizkuntza-eskakizuna: 8 puntu.

4. hizkuntza-eskakizuna: 12 puntu.

2. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:

3. hizkuntza-eskakizuna: 8 puntu.

4. hizkuntza-eskakizuna: 12 puntu.

3. hizkuntza-eskakizuna esleituta duten lanpostuak:

4. hizkuntza-eskakizuna: 12 puntu.

2.– Bigarren fasea: merezimendu espezifikoak balioestea. I. eranskinean deskribatutako lanpostuen ezaugarrietara eta edukira egokitzen diren merezimendu espezifikoak balioetsiko dira, eta, gehienez ere, 43 puntu emango dira.

2.1.– Merezimendu akademikoak: Doktoregoa: 11 puntu.

2.2.– Antzeko eginkizunak dituzten lanpostuak betetzeagatik: 2 puntu urteko, eta gehienez 22 puntu.

2.3.– Lanpostuaren eginkizunen berezko arlo edo diziplinetan prestakuntza espezifikoa izateagatik: 0,2 puntu, jasotako prestakuntzako 10 orduko, eta gehienez 10 puntu. Atal honetako merezimenduak balioetsi egingo dira, baldin eta unibertsitateak, institutuek edo eskola ofizialek edo beste erakunde batzuek deituak edo antolatuak izan badira, eta betiere herri-administrazioren batek homologatu baditu.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean balioetsiko dira merezimenduak. Agirien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, eskakizun hori bete ezean, ez dira aintzat hartuko.

Bosgarren artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1.– Lehiaketan parte hartzeko eskabideak agindu honen II. eranskin gisa argitaratutako ereduari jarraituz beteko dira. Hamar (10) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzara zuzenduko dira eskaerak, bai Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATko sarrera-erregistroan, bai Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskabideak, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluan aurreikusitako moduan ere bidal daitezke.

Postetxeetan aurkezten direnak bi modutara bidali daitezke:

a) Posta arruntaren bitartez; kasu horretan, eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik iritsi beharko dute Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATko erregistrora edo Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren erregistrora.

b) Posta ziurtatuz. Eskabideak gutun-azal irekien barruan aurkeztu beharko dira postetxean, postako langileak, bidali baino lehen, eguna eta zigilua jar diezaien. Lehiaketako parte-hartzaileek postetxeko zigilua duen eskabidea bidali beharko dute; eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ez da baldintza hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta eskabidea postaz bidali eta gero egiaztatu ahal izan.

3.– Lehiaketa honetan parte hartzen duen funtzionario bakoitzak eskaera bakarra egin ahal izango du.

4.– Eskariak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaera loteslea izango da eskatzailearentzat, hau da, eskaria ezin izango da aldatu. Norbaitek bere eskabidea zuzendu nahi badu, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango du, eskabideak aurkezteko epean, eta azken eskabideak aurrekoa automatikoki ezeztatuko du.

Eskabideak onartzeko epea amaitu aurretik soilik egin ahal izango zaio uko lehiaketan parte hartzeari.

Seigarren artikulua.– Eskaerak balioestea.

Merezimenduak Herri Administrazioko eta Justiziako sailburuaren agindu bidez izendatutako balioespen-batzordeak ebaluatuko ditu.

Balioespen-batzordean, deialdia egiten duen administrazioko lau kide izango dira, administrazio horrek berak izendatuta, eta haietarik bat gutxienez Justizia Administrazioko funtzionario izango da. Administrazioak izendatutako kideetatik hautatuko dira lehendakaria eta idazkaria.

Dagokion alorrean ordezkari gehien duten sindikatuek bi ordezkari izango dituzte batzorde horretan.

Deitutako lanpostuari atxikitzen zaion titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzorde horietako kide guztiek.

Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzak aztertu egingo du parte-hartzaileek parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez, eta balioespen-batzordeari laguntza emango dio merezimenduak balioesterakoan, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuak aintzat hartuta, eta parte-hartzaileek, eskariak aurkezteko epean, aurkezten duten dokumentazioaren arabera.

Zazpigarren artikulua.– Esleipenak.

1.– Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera bi faseetako azken emaitzak batuta lortutako puntuazioak emango du, deialdi honen laugarren artikuluan xedatutako baremazioaren arabera.

2.– Guztizko emaitzan berdinketarik gertatuz gero, kidegoan antzinatasun handiena nork duen begiratuko da.

Zortzigarren artikulua.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Deialdi hau behin-behinean ebatziko da, eta aldi berean argitaratuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EATtako iragarki-tauletan eta www.justizia.net web-orrian.

Onartuei buruzko behin-behineko ebazpena ematearekin batera, baztertuen zerrenda jarriko da leku horietan, baztertzeko arrazoiak azalduta.

2.– Onartuen behin-behineko ebazpenak adieraziko du destinoa ematen zaien interesdunen jatorrizko lanpostua eta herria, baremoa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.

3.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko ebazpenaren aurka, alegazioak aurkeztu ahal izango dira, ebazpena aipatutako web-orrian eta iragarki-oholetan argitaratu eta hamar egun naturaleko epean; horretarako, behar den dokumentu bidezko froga eta aurkeztu zuten eskabidearen fotokopia zigilatua aurkeztu beharko dituzte epe horretan, Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailean, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela, eta bildutako datuak, baremazioa eta behin-behinean emandako destinoa onartzen dituela.

Ezin izango dira inola ere zuzendu eskabideetan deialdi-hurrenkerako zenbakiei buruzko transkripzio akatsak, deialdi honen 2.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Nolanahi ere, behin-behinean emandako destinoek ez dute eskubiderik ematen, lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

Bederatzigarren artikulua.– Behin betiko ebazpena.

1.– Alegazioak ebatzi ondoren, deialdi hau Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren agindu batez ebatziko da behin betiko.

2.– Ez bada lortzen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean aldi berean argitaratzea, epeak EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

Hamargarren artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.

1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, zerbitzuagatiko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako.

2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Hamaikagarren artikulua.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen adierazirik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urtarrilaren 22a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

Josu Iñaki Ercoreca Gervasio.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala