Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2015eko apirilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
1525

AGINDUA, 2015eko martxoaren 13koa, Osasuneko sailburuarena, Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean beste farmazia-bulego bat sortzeko prozedurari hasiera eman zaiola eta bigarren bat sortzea bidezkotzat jotzen dela iragartzen duena.

Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2012ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez iragarri zen bidezkoa zela Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean beste farmazia-bulego bat sortzea, urte hartako udal errondako biztanleriaren datuen arabera. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian 1073/2008 prozedura arrunta egin zenez, beste farmazia-bulego baterako deialdia atzeratu behar izan zen, harik eta auzi judiziala ebatzi arte; izan ere, ezin zen zehaztu zein osasun-barrutitan koka zitekeen farmazia.

Prozeduraren epai irmoa izanda (EAEANko Administrazioarekiko Auzietako Salaren 388/2012 epaia), bidezkoa da administrazio-prozedura horri hasiera ematea.

Bestetik, Vitoria-Gasteizko biztanleriaren 2015eko udal erroldako datuak jakinda, bidezkotzat jotzen da beste farmazia-bulego bat jartzea Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean.

Hala ere, une honetan ezin da zehaztu zein osasun-barrutitan koka daitekeen bigarren farmazia hori, lehenaren kokapenaren arabera zehaztu behar baita. Hori dela eta, farmazia-bulegoak sortzea, lekuz aldatzea, ixtea eta jardunean jartzea arautzen duen ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 1.3 artikuluan xedatutakoa betetzeko, bigarren farmazia hori sortzeko prozedurari hasiera emateko deialdia egingo da, kokalekuaren gaineko, hau da, osasun-barrutien gaineko zalantza argitu ostean.

Azaldutako guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

1.– Deialdia egiten da Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean beste farmazia-bulego bat sortzeko, farmazia-bulegoak sortzea, lekuz aldatzea, ixtea eta jardunean jartzea arautzen duen ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuan xedatutakoarekin bat (otsailaren 3ko 24/2004 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori).

2.– 11/1994 Legearen 13. artikuluan xedatutako irizpideekin eta 2012ko biztanleriaren datuekin bat, deialdiko farmazia-bulegoa honako hiru osasun-barruti hauetakoren batean kokatu beharko da:

○ 1.1.02: Aranbizkarra II.eko osasun-barrutia.

○ 1.1.04: Santa Luziako osasun-barrutia.

○ 1.1.10: Lakuabizkarrako osasun-barrutia.

3.– Farmazia-bulegoaren titulartasuna lortzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4.– Aipatutako eskabideekin batera aurkeztu beharko dira ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako agiriak, 24/2004 Dekretuak emandako idazkuntzaren arabera.

5.– 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoez gain, eskabideak honako helbide hauetan aurkeztu ahal izango dira:

Osasun Saila

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

Arabako Lurralde Ordezkaritza

Olagibel kalea 38

01004 Vitoria-Gasteiz.

Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza

Antso Jakitunaren kalea 35.

20010 Donostia.

Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza

Recalde zumarkalea 39

48008 Bilbao.

6.– Iragartzea bidezkoa dela Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean beste farmazia-bulego bat sortzea, 2015eko udal erroldatik ateratako datuak oinarritzat hartuta.

7.– Aipatutako farmazia-bulego hori sortzeko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako iragarki baten bidez egingo da, aipatutako 11/1994 Legearen 13. artikuluko irizpideen arabera non koka daitekeen jakin bezain laster.

8.– Iragarki horrek, halaber, aipatutako farmazia-bulegoaren titulartasuna lortzeko eskabideak aurkezteko epea adierazi beharko du.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 13a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala