Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2010eko maiatzaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
2354

124/2010 DEKRETUA, apirilaren 27koa, Zezen-ikuskizunei buruzko Araudia onesten zuen Dekretua aldatzen duena.

Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas-jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legea garatzeko, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Zezen-ikuskizunei buruzko Araudia onetsi zuen azaroaren 11ko 183/2008 Dekretua. Hain zuzen, horrek arau bakar batean biltzen ditu zezen-ikuskizun guztiak, hau da, zezen-ikuskizun orokorrak, tradiziozkoak eta beste ikuskizun batzuk izenekoak.

Egun, indarrean dagoen aipatu Araudiak eztabaida handia sortu zuen zezen munduko hainbat enpresari eta profesionalen artean; horregatik, hori aldatzeko horiekin beraiekin adostasun batera heltzea lortu da, helburu komun hau duena: gure Autonomia Erkidegoan garatzen diren zezen-ikuskizunak berme gehiena eta kalitatea izatea, zezen-jaiak dituen berezko ezaugarri eta berezitasun ukaezinak errespetatuz.

Aldaketa honen ardatza ikuskizun orokorrei buruzko artikuluetan datza, izan ere orain horien gainean desadostasuna baitago; bestalde, egungo Araudiaren alderdi positiboak errespetatuko dira.

Era berean, 32.1 artikuluaren bigarren paragrafoa aldatuko da, zati batean zuzenbidearen kontrakotzat jo baita eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren epaiak baliogabetuta.

Halaber, egokitzat jo da tradiziozko eta beste ikuskizun batzuk izeneko hainbat ikuskizunetan exijitzen diren osasun-zerbitzuei dagozkien zenbait alderdi zuzentzea eta, orobat, aseguruen erregimenaren idazketan hobekuntza teknikoren bat egitea.

Hori dela bide, Herrizaingoko sailburuak proposatuta, Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueretarako Euskal Kontseiluak aldeko txostena eman eta gero, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2010eko apirilaren 27ko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 9. artikuluaren 2. paragrafoaren b) eta c) hizkiak aldatu egiten dira eta c) hizkiari azken paragrafo bat gehituko zaio, eta honela idatzita geratuko direnak:

«b) Hesia: abereak hondarretik irtetea saihesten du eta toreatzaileak eta beste pertsona edo zerbitzu batzuk babesten ditu. Hondarretik, 1,60 metroko garaiera izango du eta kailejoitik 1,40 metro. Tradiziozko erabileraren arabera aukeratuko dira materialak, egitura eta antolamendua. Orri bikoitzeko hiru ate izango ditu gutxienez eta lau ezkutaleku. Ezkutalekuen artean tarte bera egongo da eta tamaina egokikoak eta sendoak izango dira. Halaber, luzeran egindako ointokia eduki beharko du, bi aldeetan, profesionalek errazago jauzi egin dezaten.

c) Kailejoia: hesiaren eta tendiduei eusteko hormaren arteko korridorea da eta 1,50 eta 2,50 metro arteko zabalera izango du, bertatik toreatzaile, parte-hartzaile eta ikuskizunaren berezko zerbitzuak iragan daitezen. Kailejoiaren barruan ezkutalekuak jarri beharko dira hauek erabil ditzaten: plazako ordezkariak, koadriletako kideak, osasun- eta kirurgia-zerbitzuetako langileak eta albaitariak, enpresa antolatzailearen zein abeltzaintza-etxearen ordezkariak eta parte hartzen duten toreatzaileenak. Pertsona horiek ezkutalekuan egon beharko dute ikuskizuna gauzatu bitartean eta araudi honek ematen dien lana burutzeko bakarrik mugitu ahal izango dira bertatik. Ezkutalekuak jarri ahal izango dira, hedabideek argazkiak egin ditzaten, beti ere Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak ezarritako baldintzak eta kopuruak betetzen badira.

Herritarren segurtasuneko lanak burutu ahal izateko, segurtasun-indarretako kideek kailejoian egotea izango dute.

Ezkutalekuen kopurua, kokapena, esleipena eta aldizkako aldaketarako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren aurretiazko baimena eduki beharko dute.

Eraiki berri diren zezen-plazetako kailejoiek ikuskizunetan erabili ohi diren materialak biltzeko edo gordetzeko gunea edukiko dute, baita jadanik dauden zezen-plazetan ere, hori instalatzea teknikoki zilegi bada».

Bigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 19. artikuluaren 1. paragrafoaren b) hizkia aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«b) Suteen aurka babesteko zerbitzuari dagokion egiaztagiria edo eskumeneko teknikariak sinatutakoa, suteetatik babesteko indarrean dagoen araudian ezarritako neurriak plazak biltzen dituela edo hartutako bestelako neurriak nahikoak direla jasotzen duena».

Hirugarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 20. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«1.- Zezen-plaza ez finkoak, aldi baterakoak eta mugikorrak irekitzeko baimen-eskaerarekin batera esparrua gaitzeko edo jartzeko proiektua aurkeztuko da. Proiektua arkitektoak, arkitekto teknikoak edo dagokion teknikari baliokideak sinatu beharko du eta pertsonei eta gauzei arriskurik ekartzen ez dien zezen-ikuskizuna ohi bezala egiten dela bermatzeko segurtasun eta higienerako neurriak islatuko ditu; halaber, instalatzeko udal lizentzia edo baimena baita aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa ere aurkeztuko da».

Laugarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 21. artikuluaren 4. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«4.- Zezen-ikuskizun orokor guztietan bi anbulantzia egon beharko dira eskuragarri, saioa gauzatu bitartean. Batek oinarrizko bizi-euskarria izango du eta besteak bizi-euskarri aurreratua. Osasun-dotazio hori egongo da ohiko ikuskizunetan eta beste ikuskizun batzuk izenekoetan, abelburuek puntadun adarrak kuxinik gabe eta bolaztatu gabe aurkezten dutenean.

Tradiziozko gainerako zezen-ikuskizunetan eta beste ikuskizun batzuk izenekoetan, 1.000 ikusletik gorako lokal edo esparruetan egiten bada, bi anbulantzia izan beharko ditu eskuragarri saioa burutu bitartean, bietako bat, gutxienez, oinarriko bizi-euskarriduna. Hala ere, ikusle-edukiera txikiagoa bada edo ikuskizuna bide publikoan edo erabilera publikoko esparru irekian egiten bada, gutxienez, oinarrizko bizi-euskarridun anbulantzia bat egon beharko da eskuragarri.

Aurreko paragrafoak hizpide izan dituen anbulantziak ikuskizunetako parte-hartzaileak zein ikusleak artatzeko prest egongo dira».

Bosgarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 22. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoak aldatu egiten dira; eta honela idatzita geratuko dira:

«3.- Lehenengo eta bigarren mailako plazetako zezenketa, jaialdi misto, pikatzailedun nobillada, burtziketa eta jaialdietarako abeltzaintzako albaitari taldeko hiru kide izendatuko dira. Ikuskizun horiek hirugarren mailako zezen-plaza ez finko, aldi baterako eta mugikorretan eginez gero, abeltzaintzako albaitari bakarra egotea nahikoa izango da.

4.- Pikatzailerik gabeko nobillada, zezenkoen burtziketa eta zekorketetarako, abeltzaintza-arloko albaitari bat izendatuko da».

Seigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 29. artikulua aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«29. artikulua.- Izena emateko baldintzak.

Zezenketen Profesionalen Erregistroa osatzen duten sekzio bakoitzean izena emango da, baldin eta Herrizaingo Saileko titularraren Aginduz bakoitzean zehaztu diren betekizunak betetzen badira».

Zazpigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 32. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«1.- Tradizioari jarraiki eta zezen-jaiak indarrean jarraitzen duelarik, tauromakia-eskolak sor daitezke zezenketako profesional berriak trebatu eta jarduna sustatzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako baimena beharko da aldez aurretik.

Tauromakia-eskoletan izena emateko, 12 urte edo gehiago izan behar dira. Hala ere, 16 urte bete arte ezin izango da bizirik dauden abereekin praktikarik egin edo zezen-ikuskizunetan parte hartu».

Zortzigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 46. artikuluaren 2. eta 6. paragrafoak aldatu egiten dira, honela idatzita geratuko direnak:

«2.- Abeltzaintza-etxearen erantzukizuna da jendeari zezenketa-abereen osotasuna bermatzea. Adarrak kamustuz egiten den iruzurra eta substantzia bidez zezenaren jarrera artifizialki aldatzea galarazi behar da».

«6.- Abelburuek garrantzi handirik gabeko adar-ezkaildurarik izango balute, aurretiazko azken azterketa egin baino lehen, plaza-ordezkariaren aurrean eta, gutxienez, zerbitzuko albaitari baten kontrolpean, adarrak garbitzeko baimena eman dezake plaza-buruak. Orobat, garbitzeko lan horietan, ikuskizunean parte hartuko duten profesionalak egon daitezke».

Bederatzigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 47. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«2.- Zigiluak kaioletako alboetan edota goiko aldean ipiniko dira. Zigilurik gabeko kaioletan edo zigiluak urraturik dauzkaten kaioletan garraiaturiko abereak ez dira onartuko, ez badago, behintzat, ezinbesteko arrazoiren bat behar bezala zuriturik».

Hamargarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 55. artikuluaren 4. eta 5. paragrafoak aldatu egiten dira, honela idatzita geratuko direnak:

«4.- Hondarrean gertaturikoa ikusita eta aberearen jarreran oinarrituta, plaza-buruak ofizioz edo albaitari-taldeak edo parte-hartzaileek eskatzen dituzten puntuei buruz izango da post mortem azterketa. Parte-hartzaileek eskatuta bada, beraiek ordainduko dute analisien kostua.

5.- Zezenketak eta pikatzaileak dituzten nobilladak egin ondoren, plazaren maila edozein dela ere, zezenen adarrak aztertu ahal izango dira, plaza-buruak toreatzerakoan ikusitakoetan oinarriturik eskatuta bada eta, edozein kasutan ere, parte-hartzaileek hala eskatuta eta 52.7 artikuluan jasotako kasuan. Horrelakoetan, azterketaren kostua eskatzaileek ordainduko dute».

Hamaikagarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 56. artikuluaren 5. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«5.- Alderdiek bestelakorik adosten ez badute, abereen zozketa eta banaketa egin baino lehen, ikuskizunaren enpresa-antolatzaileak ikuskizunaren parte-hartzaileen ordainsariak ordaintzera behartuta daude, indarreko lankidetza-hitzarmenen arabera; baita Gizarte Segurantzari ordaindu beharrekoak gauzatzera, horrek sinatu eta zigilatutako jardun-agiriak betez. Plazaren Delegaritzak enpresari exijituko dio behar horiek betetzen direla egiaztatzea, parte hartzen duten profesionalek eskatuta».

Hamabigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 65. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoak aldatu egiten dira, honela idatzita geratuko direnak:

«2.- Zezenkariek zezenketarako egoera egokian egon beharko dute. Lesioren bat edo toreatzeko ahalmenean eragin dezakeen ageriko beste sintomarik badu, plaza-buruak zehapena egon daitekeela ohartaraziko du edota, hala uste badu eta bere jardueran ikusitakoaren ondorioz, zezen-plazako mediku-taldeak azter dezan agindu dezake.

3.- Ezpatari batek parte hartu ezin eta arauzko ordezkorik ez badago, gainontzeko zezen-hiltzaileek ordezkatu beharko dute derrigorrez, baldin eta bakoitzari dagozkionak baino zezen bat gehiago toreatu eta hil behar badu. Bi zezen-hiltzaile ez badaude, hirugarren hiltzaileak torea ditzake zezen guztiak, arauzko koadrilak baldin baditu, beti ere. Gainera, alderdiak ados jarriko dira enpresa-antolatzaileak eman beharreko diru ordaina jasotzeko, aipatu gertakariagatik».

Hamahirugarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 67. artikuluaren 1., 2. eta 3. paragrafoak aldatu egiten dira, honela idatzita geratuko direnak:

«1.- Pikatzaileak dituzten zezenketa eta nobilladetan ezpatarien koadrilan bi pikatzaile, hiru banderilari, ezpata-mutil bat eta ezpata-mutilaren laguntzaile bat egongo dira. Ezpatari batek pikatzaileak dituzten zezenketa eta nobillada osoan jardun behar duenean, hiru koadrila aterako ditu, ezpata-mutilen kopurua hirukoizteko beharrik gabe. Bi ezpatarik parte hartu behar badute, bakoitzak pikatzaile bat eta banderilari bat gehiago atera beharko du koadrilan, bi ezpatariek partekatu behar duten laguntzaileaz gain.

Ezpatari batek zezen bakarra hil behar badu, bi banderilarik, pikatzaile batek, ezpatari batek eta ezpata-mutilaren laguntzaile batek osatuko dute bere koadrila.

2.- Irizpide berak jarraituko dira pikatzaile gabeko burtzi eta nobillada ikuskizunetan koadrilak osatzeko eta kasu horietan pikatzaileak eta laguntzaileak alde batera utziko dira.

3.- Toreo-profesionalek edo toreo-eskoletako ikasleek jarduten duten zekorketetan, koadrila bakoitzak toreatu beharreko abelburu kopurua baino banderilari eta ezpata-mutil bat gehiago izango du».

Hamalaugarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 70. artikuluaren 8. eta 10. paragrafoak aldatu egiten dira; eta honela idatzita geratuko dira:

«8.- Txandako ezpatariaren irizpideari jarraiki, zezenek ezten egokiak jasoko dituzte, kasu bakoitzean eta animaliaren suhartasun eta indarraren arabera. Hortaz, lehenengo eztenaren ondoren, ezpatak ekitaldia aldatzeko eska diezaioke plaza-buruari eta honek eman. Dena dela, lehen mailako zezen-plazetan abelburu bakoitzak, gutxienez, bi eztenkada jaso beharko ditu».

«10.- Nolanahi ere, debekatuta dago zezena zulatzea, zezena ihesbiderik gabe uztea edo horren inguruan biraka nahita ibiltzea edota gaizki ezarritako zigorra mantentzea edo luzatzea».

Hamabosgarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 80. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«2.- Plaza-buruak zapi laranja aterata zezenari bizia barkatzeko agindutakoan, dagokion zezen-hiltzaileak gezurrezko hilketa burutu dezake. Horretarako, eztena erabili beharrean, arpotxo gabeko banderila edo esku hutsa erabiliko du, bere irizpidearen arabera».

Hamaseigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 81. artikuluaren 3. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«3.- Txandako ezpatariak salatuko balu dagokion zezena jadanik toreatu dela, plaza-buruak agindua eman dezake zezen hori itzultzeko eta beste batez ordezkatzeko, ezpatari edo burtzikari guztiek aho batez hala eskatzen badute. Adostasunik ez balego, plaza-buruak erabaki dezake aberea itzuli edo ez, bere iritziaren arabera».

Hamazazpigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 82. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«1.- Eguraldi txarra egiten duenean, bereziki haize gogorra badabil, eta zezenketaren ohiko jarduna ezinezko bihurtuz gero, plaza-buruak zezenketa hasi baino lehen iritzia eskatuko die ezpatariei, honako hau gaineratuz: ikuskizunari ekiteko erabakia hartuz gero, soilik oso eguraldi txarra egingo balu eta denbora luzez iraungo balu etengo litzatekeela ikuskizuna».

Hamazortzigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 85. artikuluaren 4. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«4.- Ikuskizunetan parte hartuko dutenak Zezenketen Profesionalen Erregistroan ezarritako edozein kategoriatako zezen-hiltzaile izan daitezke, eta denek ere ikuskizun bakar batean jardun dezakete. Toreatu beharreko zezenak baino banderilari bat gehiago edukiko du koadrila bakoitzak eta, behar izanez gero, pikatzaile bat zezen bakoitzeko, ezpatari-mutilaz gain. Ikuskizunean pikaldia dagoenean, eztenak zezen motaren araberakoak izango dira eta hiru zaldi erabiliko dira».

Hemeretzigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 86. artikuluaren 1. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«1.- Zezenketen Profesionalen Erregistroko I., II. edo III. ataletan izena emana duen toreo-profesional baten zuzendaritzapean egingo dira zekorketak».

Hogeigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 98. artikuluaren 2. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«2.- Ikuskizuna establezimendu publiko edo instalazio finko edo behin-behinekoetan egiten denean, aurreko atalak jasotzen ez duen tokietan: 350.000 euro».

Hogeita batgarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 101. artikuluaren 3. ataleko 4. paragrafoa aldatu egiten da, honela idatzita geratuko dena:

«Ikuskizuna bertan behera geldituko balitz, epe hori iragarri eta hurrengo egunean hasiko litzateke, eta lau egun beranduago amaitu. Hala ere, ikuskizuna bertan behera uzten bada lehenengo zezenaren zezenketa amaitu ondoren, antolatzailearen esku ez dauden arrazoiengatik, ikusleak ez du dirua berreskuratzeko eskubiderik izango».

Hogeita bigarren artikulua.- Azaroaren 11ko 183/2008 Dekretuak onartutako Zezen-ikuskizunei buruzko Araudiari Xedapen Iragankor bat gehitu zaio, honela idatzita geratuko dena:

«XEDAPEN IRAGANKORRA

Herrizaingo Saileko titularraren Aginduak Zezenketen Profesionalen Erregistroan izena emateko betekizunak garatzen ez dituen bitartean, Araudiaren 29. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatuko da Zezen-ikuskizunei buruzko Araudia onartzen duen otsailaren 2ko 145/1996 Errege Dekretuak horri buruz aurreikusitakoa, Dekretu honen aurreikusitakoari kontra egiten ez badio».

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko apirilaren 27an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala