Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa
- Zer da proiektuen ingurumen?inpaktuaren ebaluazioa?
- Zein proiektu egon daitezke ingurumen?inpaktuaren ebaluazioaren mende?
- Nork hartzen du parte prozeduran?
- Prozeduraren fase orokorrak
- Ingurumen?zaintzako programa
- Zer ekarpen egiten du ingurumen?inpaktuaren ebaluazioak?
- Energia Berriztagarriko proiektuetarako jarraibideak (eolikoa eta fotovoltaikoa)
- Dokumentuak aurkezteko gida
- Izapideak
Ingurumen‑inpaktuaren ebaluazioa (IIE) administrazio‑prozedura bat da, proiektu batek ingurumenean izan ditzakeen ondorio esanguratsuak identifikatu, aztertu eta baloratzeko, proiektua gauzatu aurretik. Helburua da ingurumenaren babes maila handia bermatzea eta ingurumen‑alderdiak erabakiak hartzeko prozesuan txertatzea, garapen jasangarria sustatuz.
IIEk ez du ordezkatzen proiektuaren baimen‑prozedura substantiboa; aitzitik, hari integratzen zaio, eta ingurumen‑arloko pronuntziamendu baten bidez proiektuaren bideragarritasuna eta, hala badagokio, gauzatzeko baldintzak zehazten ditu.
Ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzaketen proiektu publiko edo pribatuak ingurumen‑inpaktuaren ebaluazioaren mende egon behar dira, ingurumen‑ebaluazioari buruzko araudian ezarritakoaren arabera. Proiektuaren ezaugarrien, kokalekuaren eta izan dezakeen eraginaren arabera, honako hauek bereizten dira:
- Ingurumen‑inpaktuaren ebaluazio arrunta, eragin handiagoa edo konplexutasun handiagoa duten proiektuetarako.
- Ingurumen‑inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua, ingurumen‑konplexutasun txikiagoko proiektuetarako; haren bidez zehazten da proiektua ebaluazio arruntaren mende jarri behar den ala ez.
Ebaluazio sinplifikatuaren ondorioz, proiektua ingurumen‑ondorio kaltegarri esanguratsurik ez duela ondoriozta daiteke, edo, bestela, ebaluazio arrunta egin behar dela.
Informazio-iturriak, proiektu bati ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazteko izeneko dokumentuak aukera ematen du proiektu bat ingurumen‑inpaktuaren ebaluazioaren mende jarri behar den ala ez egiaztatzeko, 2023ko ekainaren 13ko 445/2023 Errege Dekretuan ezarritako irizpideen arabera; dekretu horrek Ingurumen‑ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I., II. eta III. eranskinak aldatzen ditu.
Proiektuen ingurumen‑inpaktuaren ebaluazioan, oro har, honako eragile hauek parte hartzen dute:
- Sustatzailea, proiektua definitu eta beharrezko ingurumen‑dokumentazioa prestatzearen arduraduna.
- Organo substantiboa, proiektua baimentzeko eskumena duena eta prozedura nagusia izapidetzen duena.
- Ingurumen‑organoa, proiektuaren ingurumen‑ondorioak aztertzen dituena eta dagokion ingurumen‑pronuntziamendua ematen duena (ingurumen‑inpaktuaren txostena edo adierazpena).
- Eragindako administrazio publikoak eta interesdunak, kontsulten eta, hala badagokio, jendaurreko informazioaren bidez parte har dezaketenak.
Ebaluazio arrunta edo sinplifikatua izan, proiektuen ingurumen‑inpaktuaren ebaluazioak, oro har, honako fase hauek ditu:
1. Prozeduraren hasiera
Prozedura sustatzailearen ekimenez hasten da, honek organo substantiboari eskaera aurkezten dionean, beharrezko ingurumen‑dokumentazioarekin batera. Ebaluazio arruntean, dokumentazio horren barruan ingurumen‑inpaktuaren azterlana dago; ebaluazio sinplifikatuan, proiektuaren ingurumen‑agiria.
2. Proiektuaren ingurumen‑azterketa
Ingurumen‑organoak aurkeztutako dokumentazioa aztertzen du, honako alderdi hauek baloratuz:
- Proiektuaren ezaugarriak.
- Proiektuaren kokalekua.
- Ingurumenean izan ditzakeen ondorio esanguratsuak.
- Proposatutako prebentzio‑, zuzenketa‑ edo konpentsazio‑neurriak.
Ebaluazio arruntean, azterketa hori jendaurreko informazioarekin eta administrazio interesdunei egindako kontsultekin osatzen da.
3. Ingurumen‑pronuntziamendua
Prozeduraren emaitza gisa, ingurumen‑organoak honako hauek ematen ditu:
- Ingurumen‑inpaktuaren txostena, ebaluazio sinplifikatuan; txosten horrek zehazten du proiektua aurkeztutako moduan gauzatu daitekeen ala ebaluazio arruntaren mende jarri behar den.
- Ingurumen‑inpaktuaren adierazpena, ebaluazio arruntean; adierazpen horrek proiektua ingurumen‑ikuspegitik bideragarria den ala ez adierazten du eta, hala badagokio, ezarri beharreko baldintzak, neurriak eta kontrolak zehazten ditu.
4. Proiektuaren baimenean integratzea
Ingurumen‑pronuntziamendua prozedura substantiboaren azken ebazpenean integratzen da (adibidez, ingurumen‑baimen batean), haren zati bereiztezina bihurtuz eta ingurumen‑arloko alderdiei dagokienez loteslea izanik.
Ingurumen‑zaintzako programaren helburua da proiektua ingurumen‑ikuspegitik ebaluatutako baldintzetan gauzatzen dela egiaztatzea, eta ezarritako prebentzio‑, zuzenketa‑ eta, hala badagokio, konpentsazio‑neurriak behar bezala aplikatzen eta eraginkorrak direla bermatzea.
Programa horren bidez, proiektuak ingurumenean dituen benetako ondorioen jarraipena egiten da, ingurumen‑inpaktuaren ebaluazioan aurreikusitako eraginak betetzen diren egiaztatzeko eta, hala badagokio, desbideratzeak edo aurreikusi gabeko inpaktuak antzemateko, eta horiei aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko.
Ingurumen‑zaintzako programak zehazten ditu kontrolatu beharreko ingurumen‑aldagaiak, egin beharreko jarraipen‑ eta kontrol‑ekintzak, bai eta horien maiztasuna ere, betiere proiektuaren ezaugarrien eta identifikatutako inpaktuen arabera. Era berean, ez‑betetzeak edo emaitza desegokiak atzemanez gero hartu beharreko jarduketak jasotzen ditu.
Oro har, jarraipenak proiektuaren hainbat fase har ditzake barne, hala nola obren edo gauzatzearen fasea, ustiapen edo funtzionamendu‑fasea, eta, hala badagokio, itxiera edo desmuntatze‑fasea.
Ingurumen‑zaintzako programa proiektuaren ingurumen‑dokumentazioaren parte da, eta haren zehaztapenak dagokion ingurumen‑pronuntziamenduan txertatzen dira. Programaren betearazpena nahitaezkoa eta loteslea da proiektua baimentzeko esparruan.
Ingurumen‑inpaktuaren ebaluazioak honako hauek ahalbidetzen ditu:
- Ingurumen‑kalteak prebenitzea eta minimizatzea, gertatu aurretik.
- Proiektuen diseinua hobetzea, ingurumen‑neurriak txertatuz.
- Segurtasun juridiko handiagoa eskaintzea sustatzaileentzat eta administrazioentzat.
- Ingurumenean eragina duten proiektuetan gardentasuna eta parte‑hartze publikoa bermatzea.
Energia eolikoa eta fotovoltaikoa ezartzeko proiektuen ingurumen-inpaktuaren azterketa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5.3.c) eta 35. artikuluetan eta VI. eranskinean aurreikusitako edukiez gain, argitaratutako gidetan adierazitakora egokituko da: Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin
Gida hauetan jasotzen den bezala, hegaztiei buruzko azterlanak sartu beharko dira, eta kiropteroen parke eolikoen kasuan, hala badagokio, urteko iraupen-ziklo bat hartuko dutenak.
Inpaktu-ebaluazio sinplifikatua behar duten eta estepako hegaztiak egon daitezkeen eremu batean dauden planta fotovoltaikoen kasuan, eskaeran hegazti-faunaren operazio-aurreko azterlan bat sartuko da, gutxienez estepako espezieentzako aldi sentikorretan egin beharrekoa (apirila eta ekaina bitartean), Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren "Eguzki-instalazioek estepako hegazti-faunako espezieetan dituzten ondorioak baloratzeko gida metodologikoa" izenekoaren eskakizunei jarraikiz.
Ingurumen prozedura guztietan, energia berriztagarrien proiektuei lotutako informazio geografikoa modu normalizatuan jaso eta Eusko Jaurlaritzaren sistema kartografikoarekin bat etorriz biltzeko, proiektu horien datu geoerreferentziatuak jarraibide hauetara egokituko dira (dagokien datu-egiturarekin aurkeztu behar diren geruza geografikoen zerrenda).
DOKUMENTUAK AURKEZTEKO GIDAK (PDF, 1 MB)
emandako argibideak bete behar izango dira.
Arreta berezia jarri beharko da honako hauetan:
- Abenduaren 9ko 21/2013 Legediaren 16. Artikuluak ezartzen dituen zehaztapenak bete behar dira. Hau da: Ingurumen-edukia duten dokumentuen egileek behar bezala identifikatuta egon beharko dute (izena, abizena, titulazioa eta Identifikazio-zenbakia) eta dokumentuak datatuta eta sinatuta egon behar dira.
- INGURUNETen bidez aurkezten den dokumentazioa dagozkion ataletan sartu beharko da. Atal bakoitzaren edukiak bat etorri beharko du INGURUNETen eskatutakoarekin.
- Pdf formatuko planoek behar bezala geoerreferentziatuta egon beharko dute. Halaber, planoak shape formatuan aurkeztuko dira.
Azken aldaketako data: