Euskadiko Merkatu Soziala

Erakundea:
Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
Organoa:
Gobernu Irekiaren Zuzendaritza
Egoera:
Proiektua aribidean

Helburuak

6084

Berritzailea da, honako arrazoiengatik

Ziklo ekonomikoaren fase guztietan (ekoizpena, banaketa, finantziazioa eta kontsumoa) kontsumo arduratsu eta eraldatzailerako alternatibak eskaintzen dizkie euskal herritarrei, eta ekonomia solidarioko erakundeek sortutako produktuak eta zerbitzuak modu integratuan erakusten ditu, orain arte modu isolatuan aurkezten baitziren.

Atxikitzen zaion plana

Merkatu Soziala REAS Euskadik (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak) garatzen duen estrategia da, jarduera sozioekonomikoak inpaktu handiagoa izateko helburua duena, horretarako haren kide diren enpresen eta erakundeen arteko lankidetza baliatuz. Helburua pertsonen eta bizitzaren iraunkortasunaren zerbitzura jarritako jarduera ekonomiko alternatiboak bultzatzea da.

Ekonomia solidarioa ez da proposamen teoriko bat, baizik eta eraldaketa ekonomiko eta sozialerako jardun alternatiboen multzo bat. Ekoizpen-, banaketa-, kontsumo- eta finantzaketa-harremanak eraiki nahi ditu, justizia-, lankidetza- eta elkarrekikotasun-balioetan oinarrituz, eta pertsona guztien eta planetaren ongizatearen zerbitzura jarriz. Eraikitze horretan, merkatu soziala erdigunean dago: ekonomia solidarioa hazteko eta hedatzeko estrategia da. Merkatu soziala lankidetza eta solidaritatea sustatzeko bultzadarekin sortu zen, lehiaren eta merkatu kapitalistaren jardun baztertzaileen aurka.

Merkatu sozialak kontsumo kontziente, kritiko eta eraldatzailerako espazio bat sortu nahi du, hiperkontsumismoaren aurka. Merkatu sozialak balioetsi egiten ditu ekoizpen- eta ugalketa-lan guztiak, eta baita ekonomia solidarioaren parte diren eta merkatu konbentzionalek ikusezin bihurtu eta baliogabetu dituzten beste harreman ekonomiko mota batzuk ere.

Eremua

Merkatu soziala ekonomia solidarioa hazteko estrategia da, eta honako eremu hauetako ekintzak eramaten ditu aurrera.

  1. Ikusgai egitea eta sentsibilizatzea.
  2. Inpaktu ekonomiko handiagoa izatea.
  3. Arlo politikoan eragitea.
  4. Aintzatespen eta erreferentzialtasun handiagoa lortzea.
  5. Komunitate ekonomikoa eta erlazionala eraikitzea eta garatzea.

Duela 12 urte baino gehiagotik, jarduera ugari eta askotarikoak egin dira EAE osoan: ESS azokak (Ekonomia Sozial eta Solidarioko azokak), katalogoen banaketa, produktuen eta zerbitzuen online bilatzailea, kontsumo arduratsuari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak, barne-kontsumoa sustatzeko edo proiektu komunak sortzeko barne-lankidetzako topaketak, Bazkide Eguna eta abar.

Jarduera horiek guztiak Merkatu Soziala bultzatzen duen talde baten bultzadarekin garatu dira. Talde egonkorra da sarearen barruan, eta batez beste 12 erakundek osatzen dute. Lantalde horren esparruan pentsatu eta diseinatu dira jarduerak, eta baita horiek aurrera eramateko finantzaketa aurkitu ere.

Sareko gainerako erakundeekin lankidetzan aritzeko batzarrak eta lanerako guneak sarritan erabili izan ditugu jarduketen egokitasuna eta emaitzak egiaztatzeko.

Parte-hartzaileak eta eragileak

Azken 10 urteotan, Euskadiko Merkatu Soziala produktu eta zerbitzu alternatiboak eskaintzen dituzten 40 erakunde izatetik 98 izatera igaro da. Ia 100 erakunde horiek 3.520 enplegu biltzen dituzte, eta ekimenek —asko izaera kooperatibokoak izanik— 28.000 boluntario eta pertsona bazkidetu inguru biltzen dituzte.

Merkatu alternatibo hori gero eta handiagoa da, ekimenak gerturatzen zaizkigu eta erakundeen arteko harremanetarako espazio kopurua ere gora egiten ari da, bizirauteko eta ekimenak garatzeko aukerak handituz.

Hori guztia dela eta, sektore ekonomiko gehiago sartu dira Merkatu Sozialaren eskaintzan, eta programa berriak sortu ahal izan ditugu modu kolektiboan, ekimenak sortzen eta daudenak mantentzen laguntzeko, merkaturatzeaz beraz harago, hedatzeko eta ikusgai egiteko tresnak baliatuz; horren adibide da ekoSol buletina, hamabost egunez behin ia 2.300 postontzitara iristen dena.

Merkatu Sozialak urratsak eman ditu erakundeen kudeaketan ikuspegi feminista txertatzeko eta, horretarako, Erakunde Bizigarrien kontzeptua sortu du. Helburu horrekin, autoanalisirako eta metodologia berriak ezartzeko tresnak eraiki ditu, erakunde bakoitzak bere egiteko moduak modu kritikoan berrikus ditzan eta egiteko modu berriak pentsa ditzan.

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data:
Ebaluazioaren laburpena:

Eragile sustatzaileak: REAS Euskadi

Parte-hartzaileak: Ekonomia solidarioko 80 erakunde eta enpresa, hainbat jarduera-sektoretakoak

Lurraldea: Euskadi

Denboraldia: 2013 - gaur egun

Informazio gehiago: Reas EuskadiMerkatu Soziala

Kategoriak: Ekonomia

Fasea: Diseinua eta plangintza, Martxan jartzea eta garatzea