Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Argitalpen-data: 2016/11/16

Internacional Cheese Festivalek Donosti gaztaren munduko hiria bihurtuko du

Donostia gaztaren munduko hiria bihurtuko da, Internacional Cheese Festival ospatuko baita bertan; ekitaldian 3000 gazta baino gehiago arituko dira lehian, gaztagile artisauen ordezkaritza zabalarekin eta 5 kontinentetatik etorritako 250 epailerekin. Eusko Jaurlaritzak hasieratik babestu du ekitaldi hau, eta bertan egingo diren ekintzetan egongo da modu nabarian.

Eusko Jaurlaritzak hasieratik babestu du ekitaldi hau, eta bertan egingo diren ekintzetan egongo da modu nabarian. Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakaria bera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapia eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz-ekin batera, Donostiako Kursaal Jauregian izan den ekitaldi honen lehen jardunaldira joan da, eta Artzai Gaztako Gazta Onenari eta World Cheese Awards sari-banaketetara. Lehendakariak artzainen lana aitortu nahi izan du, sektore hau kalitatezkoa, berritzailea eta kanpoaldera proiekzioa duena bihurtzen duena. “Haien lanari esker, gazta baino gehiago den produktu batez gozatzen dugu, artisautza, natura eta kultura transmititzen dizkigulako gainera”, esan du.

Basque Country standa

"Basque Country" estanda da, besteak beste, erakundeen presentzia horren adibide bat. Kursaaleko esparruan egongo da International Cheese Festivalak irauten dituen 3 egunetan, eta bertan 18 euskal enpresa egongo dira guztira, beraien produktuak erakusten. Ardoaren sektoreko enpresak (Arabako Errioxa eta Txakolina), Euskolabela duten sagardogileak, eta barazki, kontserba (arrainak eta barazkiak) eta artisautzako marmeladak egiten dituztenak izango dira enpresa horiek. Ekintza horrekin, Eusko Jaurlaritzak aukera ematen die enpresa horiei ekitaldi honek duen oihartzunaz baliatzeko eta Euskadin ekoizten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako kalitate handiko produktuak berriro sustatzeko, exekutibo autonomoa nekazaritzako elikagaien euskal industria babesteko garatzen ari den politikaren oinarrizko ardatza baita.

Hauek dira enpresa parte hartzaileak: Ondare, Txakoli Zudugarai, Gailur Upategiak, Barrenetxe Koop.E., Basatxerri / Urdetxe, Nardin Kontserbak, Petritegi Sagardoak, Jakion, Lumagorri, Arroyabe Kontserbak, Euskaber, Getariako Txakolina J.I.K.E, Sagardoaren Ibilbidea (Gipuzkoako Sagardotegi Elkartea), Ekain, Hiruzta Bodega, Bereziartua Sagardoa, Zugober Sa Upategial / Belezos Wine, Varal Upategiak eta Mahastiak.

Jardunaldi teknikoetan parte hartzea

Horrez gain, AZTIk, Itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua den zentro teknologikoak, zeinean Eusko Jaurlaritzak parte baitu, aktiboki hartuko du parte International Cheese Festivalarekin batera egingo diren jardunaldi teknikoetan.

Azaroaren 17an, 16:00etan, AZTIk “Nola eman balioa esne-gazurari gaztandegi txiki eta ertainetan” izeneko hitzaldia aurkeztuko du. Gaztandegietan sortzen den esne-gazuraren ustiapena oso interesgarria da bai ingurumenaren ikuspuntutik bai ikuspuntu ekonomikotik. Life- VALORLACT Europako proiektuaren ondorioak aurkeztuko dira. Proiektua Eusko Jaurlaritzako koordinatu du eta bertan azterketa zabala egin da Euskal Herriko kasu zehatzean egon daitezkeen balorizazio aukeren gainean, horietako batzuk izanik energia ekoiztea (biogasa) edo ganadua zuzenean elikatzea, bai eta pentsu eta elikagai batzuk garatzea ere.

Era berean, azaroaren 18an, ostirala, 11:00etan, AZTIko ikertzaileek “ardiak gobernatzeko lanetan eta artisautzako gaztagintzan gertatzen diren nahasmendu muskular eta eskeletikoen prebentzioaz" hitz egingo dute. Sektorean osasuna eta bizi kalitate hobetzeko gakoak emango dituzte, sektorean egiten diren lanetan dauden arrisku ergonomikoak murriztu edo ezabatzeko moduak ezagutzera emanez, esaterako postura eta mugimendu zuzen egitea, teknologiak hobetzea, ekipoak berdiseinatzea eta lanpostuak egokitzea. Helburua da ahalbidetzea lana seguru eta era osasungarrian egitea, errazago izan dadin belaunaldi berriak sartzea eta abeltzaintza ustiategiak eta artizsautzako gaztandegiak iraunkorrak izatea.