Argitalpen-data: 2015/01/14
Gasteizko Udalak hitzarmen bat sinatu du EEE eta HAZIrekin, udalerriko basoetako biomasa energia sortzeko erabil dadin sustatzeko
Gasteizko Udalak eta Energiaren Euskal Erakundeak eta HAZI Fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, hirian biomasako zentral logistiko bat sortzea aztertzeko; horrek udalerriko mendietan dauden egur baliabideak kudeatuko lituzke, udal instalazioetarako energia termikoa lortzeko. Basoetako baliabideez gain, Gardelegiko eraikitze eta eraiste hondakinak tratatzeko lantegian lortutako biomasa erabiliko litzateke.
Biomasa proiektua 2020rako Euskadiko Energia Estrategiaren barruan sartzen da, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuordetza zein Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetza EEE eta HAZI erakunde publikoen bitartez sustatzen ari diren energia berriztagarrien aldeko politikaren ildotik.
Euskadiko mix energetikoa handitzeko beharra
Euskadin gehien erabiltzen diren energia motak petrolioaren deribatuak (% 41) eta gas naturala (% 38) dira; hori dela eta, 2020rako Euskadiko Energia Estrategiak Euskadiko mix energetikoa handitzearen alde egiten du. Gaur egun, energia berriztagarriek Euskadin kontsumitzen den energiaren % 7 baino gehiago ematen dute eta horren % 57 biomasari dagokio.
Industria sailburuorde Juan Ignacio Motiloak adierazi duenaren arabera, “Euskadin energia berriztagarrien ustiaketak etengabe gora egin duen arren, oraindik ez da nahikoa garatu, eta arlo horretan baso biomasak funtsezko zeregina bete dezake datozen urteetan, energia termikoa lortzeko alternatiba gisa, batez ere”.
Euskadin biomasa lortzeko baso baliabide ugari
Euskadiko basoetan duden egur izakinak 62,6 milioi m3 baino gehiago dira, duela 40 urte zegoenaren bikoitza baino gehiago. Beraz, Euskadi egur izakin gehien duen autonomia erkidegoa da, batez bestekoa hektareako 160 m3-tik gorakoa baita.
Hori dela eta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozen hitzetan, "baso biomasak aukera ematen du energia baliabide autoktono eta berriztagarriak erabiltzeko, eta prezio lehiakorrean erregai konbentzionalen aldean; gainera, enplegua sortzen du horren ustiaketa ezartzen den udalerrietan".
EEEk eta HAZIk zerbitzuak eta laguntza teknikoa eskaintzen diete Gasteizko Udalari zein beste 24 udali, udal instalazioen berokuntza autokudeatzeko.
2012ko martxoan inauguratu zen Gasteizko biomasa bidezko lehen zentral termikoa. Horri esker, Olarizuko etxaldean gasolioaren ordez ingurumena zaintzen duen jatorri ekologikoko erregaia baliatzen da egoitza berotu eta bertan ur beroa izateko beharrezkoa den beroa sortzeko. 2013ko otsailean, berriz, beste lau biomasa zentral jarri ziren, Ibaiondo eta Iparralde gizarte etxeetan, Mendizorrotzeko kirol esparruan, eta San Andreseko kiroldegian. Instalazio horien bitartez, Udalak ia 90.000 euro aurrezten ditu urtean, orain arte egurra kanpoko ekoizleei erosi arren.
Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak hitzarmena sinatzean azaldu duenez, "helburua da Gasteizko Mendietatik bertatik ateratzea lehengaia, horrek aukera ematen baitu energia baliabide propio eta berriztagarriak erabiltzeko, eta prezio lehiakorrean erregai konbentzionalen aldean".
Gainera, baliabideen ustiaketa basoen kontserbazio eta mantentzearekin uztartu nahi du Udalak, eremu horiek babestuko dituen oreka bat lortzeko. Azkenik, lehen sektorean enplegua bultzatu nahi da.