Gaur Donostiak saneamenduko kolektore nagusiaren bigarren eta azken zatia inauguratzen du, Urumea ibaiaren ezker aldean kokatua dago eta hiriko hondakin-ur gehienak Loiolako araztegira garraiatzen ditu, hemen araztu ondoren itsasora isuriko direnak.
Kolektore berriak, kilometro bateko luzera eta 1,5 metroko barne-diametroa duena, orain arte erabiltzen zen kolektore zaharra ordezten du, Santa Katalinako ponpalekuaren (izen berdineko zubiaren ondoan dagoena) eta Azpeitia kalearen artean zegoena. Puntu honetan, Donostiako hondakin-urak Loiolako HUAra garraiatzeko 1999an eraiki zen kolektorearekin lotuko da.
Obren aurrekontua 3,4 milioi eurokoa izan da eta Uraren Euskal Agentziaren eta Añarbeko Urak-en artean sinatu zen lankidetza-hitzarmen bati esker gauzatu eta finantzatu dira, obren kostuaren %75a eta %25a euren kontu hartuko dituztelarik, hurrenez hurren.
Mikrotuneladora indartsuak 117 lanegun behar izan ditu (astelehenetik larunbatera) kolektore berriaren 1.049 metroak zulatzeko: lehen zatia (Araba parkeko putzua eta Gernikako Arbola pasealekuko San Jose Ikastetxearen artean) martxoaren 22tik apirilaren 16ra bitartean gauzatu zen; bigarrena (Araba parkeko putzua eta Azpeitia kalearen artean), maiatzaren 14tik uztailaren 11ra bitartean; eta hirugarrena (San Jose Ikastetxea eta Foruen pasealekuaren hasiera bitartean), abuztuaren 20tik urriaren 9ra arte. Ordutik hona, inguruko udal kolektoreak aldatzeko lanak egin dira, eta baita ere putzuak ixteko eta zolak, hiri-altzariak, argiteria, zuhaitzak eta abar birjartzeko lanak burutu dira.
Makinaren bataz besteko abiadura 9 metro eguneko izan da; hau da, bataz beste ia-ia lau hodi jarri dira (bakoitza 2,5 metrokoa) lanegun bakoitzeko, zeren zulatu beharreko lurzoruaren ezaugarriak oso onuragarriak izan dira.
Zulaketaren teknikari esker zangak egin gabe gauzatu da obra, ia ikusezina izan da eta afekzioak gutxi izan dira
Zulaketa-teknika honi esker, obraren trazaketaren azalera osoan zangarik ireki gabe eraiki da kolektorea, soilik lau puntutan putzu bertikalak ireki dira (Azpeitia kalea eta Bizkaia pasealekuaren izkina; Araba parkearen iparrean; Gernikako Arbola pasealekuan dagoen San José ikastetxearen inguruan, eta Foruen pasealekuaren hasieran) makina zulatzailearen sartu-irteerak egiteko eta jarri beharreko hodiak sartzeko.
Sistema honi esker, hiriari eragozpen eta afekzio ugari (eragozpenak oinezkoei, zola puskatzerakoan sortzen den zarata eta poluzioa, lurpean existitzen diren zerbitzuentzat arriskua, trafiko desbideratzeak, zuhaitzen mozketa, lurrak eta materialen garraioa, eta abar) aurrezten dizkio.
Kasu honetan, kolektorearen trazaduran existitzen den zuhaizti baliotsua mantentzeari ardura berezia eskaini zaio, ondorioz 350 zuhaitz moztea saihestu da, eta moztu behar izan diren zuhaitz kopuru txikia birjarri egin dira.
Kolektore berriaren trazaketa Urumea ibaiarekiko paraleloan doa, Foruen, Gernikako Arbolaren eta Bizkaia pasealekuetatik zehar. Ubidearen sakontasuna 5,26 metro eta 6,58 metro artean dago eta milatik 2-ko malda iraunkorra du.
Kolektore berriaren eraikuntzari esker hiriko saneamendu-sistemaren ustiapena hobetzea ahalbidetu da; orain arte Santa Katalinako ponpalekuan pilatzen ziren hondakin-urak derrigorrez ponpatu egin behar ziren, eta kolektore berria zerbitzuan jartzen denean, ingurumen hobekuntzak eta hobekuntza hidraulikoak garrantzitsuak izango dira:
- Funtzionamendu hidraulikoa hobetzen da, bai hiriaren erdiguneko saneamenduaren udal sarearena, hiriko kolektoreetatik igarotzen den ur-maila gutxitu egingo delako, bai Añarberen jabetzakoa den goi-sarearena.
- Euriteetan inguru hidrikora egiten diren isurketak murriztu egingo dira, urpeko isurbidetik eta Tximistarriko gainezkabidetik itsasora egiten direnak eta salbuespen gisa Urumea ibaira.
- Eurialdietan Loiolako araztegira gaur egun baino emari handiagoa garraiatuko da.
- Santa Katalinako ponpalekuan hondakin-uren ponpaketa asko gutxituko denez, energia elektrikoaren kontsumoa gutxitu egingo da, eta ondorioz, haren ekoizpenak sortarazten dituen ingurumen kostuak.