Arautegia
Inprimatu5/2025 LEGEA, maiatzaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 101
- Hurrenkera-zk.: 2334
- Xedapen-zk.: 5
- Xedapen-data: 2025/05/22
- Argitaratze-data: 2025/05/30
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta Administrazio Publikoa; Sailak
Testu legala
Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela 5/2025 Legea, maiatzaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legea aldatzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legearen 10. artikuluak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren epe luzeko zorpetzearen saldoa gehienez ere zenbat handituko den ekitaldi horretarako, onetsitako diru-sarreren eta gastuen egoera-orriekin bat etorriz.
Bestalde, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren 48. eta 62.b artikuluetan xedatutakoaren babesean, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, 2024ko abenduaren 23an egindako bileran, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2025-2027 aldirako aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren helburuak erabaki zituen. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren defizitaren eta zorraren 2025erako helburuak Euskal Autonomia Erkidegoko BPG barne produktu gordinaren % 0,3 eta % 13 dira, hurrenez hurren.
Egungo egoera geopolitikoak eta horrek ekonomian izan dezakeen inpaktuak euskal erakunde publikoen erantzun arin eta azkarra eskatzen dute, inpaktua mugatzeko, bai eta zientzia-, teknologia-, enpresa- eta industria-sektorean izan dezakeen eragina mugatzeko ere.
Ildo horretan, Europako Batzordeak Europako Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteari eta Eskualdeetako Lantaldeari egindako Komunikazioa onartu du, 2025eko otsailaren 26koa, Industria Garbiaren aldeko Itunari buruzkoa. Europar Batasunean lehiakortasunari eta deskarbonizazioari laguntzeko ibilbide-orri kolektibo bat da [COM (2025) 85 azkena] eta, bertan, agerian uzten du Europako industriarentzat une erabakigarrian gaudela eta Industria Garbiaren aldeko Itunak kapitulu berri bat ireki nahi duela Europako industria-historian, hazkundeak, erresilientziak eta lidergoak definitua, munduko testuinguruan.
Esparru horretan, inbertsio publikotik eta pribatutik egin beharreko jarduketa nabarmentzen du Europako Batzordeak, estrategia partekatuaren funtsezko palanketako bat baita. Horretarako, Batasunaren aurrekontua bera erabili nahi du, finantzaketa pribatua nabarmen handitzea eragin nahi du eta estatu-laguntzen eraginkortasuna handitu nahi du, laguntze aldera bai Industria Garbiaren aldeko Itunaren helburuei bai estatu kideetako agintariek industria babesteko dituzten gainerako eskemei.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak, 2025eko martxoaren 3an, lankidetza-protokolo bat sinatu zuen Euskadiko finantza-ekosistemako eragile nagusiekin, Euskadin finantza-tresna publiko-pribatu berriak aktibatzeko euskal aliantza bat ezartzeko. Lankidetza-protokolo horrek azpimarratzen duenez, erakundeek funtsezkotzat jotzen dute Euskadiko finantza-gaitasunak lerrokatzea eta ardaztea euskal industria bultzatu ahal izateko eta inbertsio handiak egin ahal izateko azpiegitura energetiko eta zientifiko-teknologikoetan, bai eta enpresak hazi eta errotzeko eragiketa industrial eta teknologikoetan ere. Horregatik, elkarrekin lan egiteko konpromisoa hartzen dute, Euskadin lankidetza publiko-pribatuko finantza-tresnak aktibatzea ahalbidetuko duten formulak bilatzeko, funtsezko hiru bertikal ardatz hartuta: errotzea, industria eta azpiegitura energetikoak eta zientifiko-teknologikoak.
Deskribatutako egoerak, batetik, eta aipatutako neurriak ezartzeak, bestetik, aholkatzen dute epe luzeko zorpetzea arrazoizko zenbateko batean handitzea, Euskadiko ekonomiaren eraldaketa eta dinamizazioa bultzatzen laguntzeko, hargatik eragotzi gabe hasiera batean 2025eko ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen artean, gainerako politika publikoekin alderatuta, onetsitako aurrekontu-orekari eustea.
Euskadiren eraldaketa ekonomikoari ekiteko eta deskribatutako erronkei aurre egiteko inbertsioak egiteko zorpetzearen baliabide gehigarri hori guztiz bateragarria da Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutako aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren bidearekin, eta errespetatu egiten ditu Autonomia Estatutuan eta gainerako ordenamendu juridikoan Euskal Autonomia Erkidegoaren zorpetzeari buruz ezarritako aurreikuspenak. Hori bermatzen da, baimena ematen baita izaera gehigarriarekin, eta zentzu finalistarekin, erabiliko baita Finantzen Euskal Institutuari, edo haren mendean sor litezkeen sozietateei, deskribatutako helburuak lortzeko behar diren baliabideak emateko.
Ildo horretan, kontuan hartuta maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 98. artikuluan Euskadiko merkataritza-organismo autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen, sozietate publikoen eta Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazioen aurrekontuak aldatzeko ezarritako mugak, beharrezkoa da, halaber, Gobernu Kontseiluari bide ematea Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuetan, Finkatze Kapitala Finkatuz SAren aurrekontuetan edo Finantzen Euskal Institutuaren mendean, ezohiko finantzaketa hori kudeatzeko, sor litezkeen sozietate publikoen aurrekontuetan aldaketak baimentzeko.
Horregatik guztiagatik, lege honek hemeretzigarren xedapen gehigarria gehitzen dio abenduaren 20ko 8/2024 Legeari, helburu hauekin: alde batetik, arau horretan aurreikusitako zorpetzearen gehieneko muga handitzea, aipatutako inbertsioak finantzatzeko zorpetze gehigarrira jotzeko gaikuntzaren bidez, Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Ekonomia Itunean aurreikusitakoaren arabera adostutako aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren helburuak berrikustearen esparruan, eta, bestetik, Gobernu Kontseiluari bide ematea Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuetan, Finkatze Kapitala Finkatuz SAren aurrekontuetan edo Finantzen Euskal Institutuaren mendean sor litezkeen sozietate publikoen aurrekontuetan aldaketak baimentzeko, Euskadiko ekonomia eraldatzeko inbertsio-lerroen finantzaketarekin lotuak, bereziki sektore zientifiko-teknologikoan, enpresa-sektorean eta industria-sektorean eragin zuzena dutenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2025. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 20ko 8/2024 Legeari hemeretzigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio, eta honela idatzita geratzen da:
Hemeretzigarren xedapen gehigarria. Euskadiren eraldaketa ekonomikoari lotutako inbertsioak finantzatzeko zorpetze gehigarria.
Lege honen 10. artikuluan xedatutakoa ezertan eragotzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, 1.000.000.000 euroko saldo gehigarrian handitu ahal izango da 2025eko eta 2026ko ekitaldietan, eta Finantzen Euskal Institutuaren bidez finantza-inbertsioak egiteko erabiliko da.
Indartuz tresna eta partaidetza finantzarioen funts estrategikoa sortzen da, Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuetan ezarritako dotazio bereizi gisa. Funtsaren xedea Euskadiko ekonomia eraldatzeko inbertsio-lerroak finantzatzea izango da, bereziki zientzia-, teknologia-, enpresa- eta industria-sektorean eragin zuzena dutenak.
Indartuz funtsaren kargura egindako inbertsioak gauzatu ahal izango dira hala zuzenean, Finantzen Euskal Institutuaren partetik, nola zeharka, kapital erabat publikoko eta aipaturiko entearen titulartasuneko sozietate bat edo batzuen bidez. Sozietate publikoen bidezko zeharkako kudeaketari dagokionez, sozietate horiek sortzeko, Finantzen Euskal Institutuak, Indartuz funtsa finantzatzeko aurreikusitako zuzkidurez gainera, beste ekarpen batzuk ere egin ahal izango ditu, hala nola: akzioak eta partaidetzak merkataritza-sozietateen kapitalean; lehentasunezko harpidetza-eskubideak; obligazioak; kredituak, eta bere titulartasuneko antzeko beste edozein eskubide, betiere aintzat hartuta hurrengo apartatuan xedatutakoaren arabera onartutako irizpideak eta jarduketa-printzipioak.
Kasu eginez hala gardentasunaren eta gobernu onaren arauen printzipioei nola Estatu-laguntzen arloan aplikatzekoa den Europako araudiari, Finantzen Euskal Institutuaren Administrazio Kontseiluak inbertsio- eta desinbertsio-irizpideak onetsi beharko ditu, baita partaidetzapeko sozietateetan gizarte-organoetan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko pautak ere, funtsaren inbertsio finantzarioak hasi baino lehen. Ondore horietarako, alabaina, ez dira aplikatuko Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 111.2 artikuluan, sozietateetako administrazioan bazkide-eskubideak eta ordezkaritza-eskubideak erabiltzeari buruz, xedatutakoak. Indartuz funtseko finantza-partaidetzak kudeatzeko printzipio zuzentzaileak, irizpideak eta jarduketa-pautak publikoak izango dira eta eskuragarri egongo dira Finantzen Euskal Institutuaren webean eta gardentasun-atarian. Era berean, zeharkako kudeaketa hautatzen bada, sozietate publiko berriaren estatutuetan ere jasoko dira.
Finantza-tresnak eta partaidetzak eskuratzea eta besterentzea, bai eta Indartuz funtsaren bidez egiten diren gainerako inbertsioak, zeharkako kudeaketa hautatzen den kasuan, finantza-politikaren arloan eskumena duen sailburuak baimendu beharko ditu.
Indartuz funtsaren zuzkiduren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 19ko 2/2017 Legearen III. tituluaren II. kapituluan aurreikusitako kontrol ekonomiko finantzarioaren eta kudeaketa-kontrolaren mende egongo da.
Finantzen Euskal Institutuak Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontuen Batzordeari Indartuz funtsaren kargura egindako eragiketei buruzko informazioa emango dio, eragiketak egin eta hiru hilabeteko epean, eta funtsaren kudeaketari buruzko urteko memoria argitaratuko du.
8/2024 Legearen 18. artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, Gobernu Kontseiluari dagokio, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren 98. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuetan, Finkatze Kapitala Finkatuz SAren aurrekontuetan edo Finantzen Euskal Institutuaren mendean sor litezkeen sozietate publikoen aurrekontuetan aldaketak baimentzea, baldin eta aldaketak Euskadiko ekonomia eraldatzeko inbertsio-lerroak finantzatzearen ondorioz egiten badira, bai eta sektore zientifiko-teknologikoan, enpresarialean eta industrialean eragin zuzena duten aldaketak baimentzea ere, eta bereziki xedapen gehigarri honetan xedatutakoa aplikatuz lortutako baliabideak erabiltzeko beharrezkoak direnak.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 26a.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.