Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Euskal Gobernantza Publikoari, barne-egituraketari, antolaketari, administrazio elektronikoari eta erakunde instituzionalen sorrerari buruzko txostenaren inguruko orientabideak.

Interneteko presentzia

Interneteko presentzia-ereduari dagokionez, honako eremu hauek nabarmendu behar ditugu:

Euskadi.eus

Euskadi.eus da atari komuna; domeinu nagusia da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren Interneteko presentzia osatzen duten webgune, eduki eta zerbitzu guztiak domeinu nagusi horren barruan erakutsi eta argitaratuko dira.

Euskadi.eus irispide-puntu elektroniko orokorra da, eta hortik leku hauetara iritsi daiteke: Zuzenean; egoitza elektronikoa eta herritarren karpeta (Nire Karpeta); EHAA; Gardena gardentasun-ataria, Irekia eta Open Data Euskadi; sailen eta administrazio instituzionalaren atariak, baita EAEko foru-aldundi eta udalenak ere.

Egoitza elektronikoa

Hauxe da egoitza elektronikoaren izen ofiziala: “Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoa”; helbidea: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

Jakinarazpenak eta horien ondorengo kudeaketak Nire Karpetaren bidez egiten dira.

Egoitza elektronikoko informazioa esklusiboa da, eta, beraz, ezin izango da beste webgune batzuetan sartu; gehienez ere, informazio horretara iristeko esteka bat jarri ahal izango da.

Egoitza elektronikoan eduki hauek daude:

Ereduaren elementu komunak

Hauek dira Interneteko presentzia-ereduaren elementu komunak:

  • Eusko Jaurlaritzaren estandar teknologikoetan jasotako aplikazio eta tresna korporatiboak.
  • Interneteko presentziaren arauak Euskadi.eus-en publikatuta daudela, honako edukiekin: estilo-liburua, eduki eta aplikazioei buruzko kalitate-arauak, weberako irispiderako arauak eta katalogaziorako ardatz orokorrak.
  • Interneteko presentzia eta edukien zein zerbitzuen erabilera era koherentean antolatzeko eta bultzatzeko ezartzen diren izaera korporatibo eta horizontaleko tresnak, nahitaez bete eta erabiltzekoak direnak EAEko sareko atari guztietan zein Administrazio Orokorrean eta haren Administrazio Instituzionalean.

Web irisgarritasuna

Honako hau dio Irailaren 7ko 1112/2018ko Errege Dekretuak, zeina Sektore publikoko gailu mugikorretarako webguneen eta aplikazioen irisgarritasunari buruzkoa baita: “errege-dekretu honetan xedatutako aplikazio-eremuko entitateen webguneak eta gailu mugikorretarako aplikazioak irispidean izan behar dituzte erabiltzaileek eta, batez ere, adinekoek eta desgaitasunen bat duten pertsonek; beraz, edukiek hautemangarriak, eragingarriak, ulergarriak eta sendoak izan behar dute. Hori irisgarritasunaz arduratzen den unitateak egiaztatuko du, zeinak Euskadi.eus-en argitaratuko baititu irisgarritasun-arauak; nolanahi ere, sail, organismo edo ente bakoitzak bere irisgarritasun-arduraduna izendatu beharko du (oraindik ezarri gabe dago).

Atari berriak sortzea

Atari berri bat sortzea justifikatu egin beharko da, irizpide hauen arabera: efizientzia, baliabide publikoen esleipen eta erabileraren ikuspuntutik, eta lehentasunezko interesa izatea politika publiko jakin bat ezartzearen edo Europar Batasuneko edo estatuko araudia aplikatzearen ikuspuntutik; gainera, herritarren arretarako organo eskudunaren aldeko txostena eduki beharko da, baita ataria funtsean aldatu, birdiseinatu edo ezabatzeko ere. Organo horrek Atari- eta aplikazio-sarearen inbentarioa argitaratuko du, eta eguneratuta mantendu sailetako eta erakunde desberdinetako Euskadi.eus sarearen webguneen arduradunen laguntzarekin.