Ingurumenean eragina duten jarduerak baimentzea. AIREAREN KALITATEA BABESTEKO BALDINTZA OROKORRAK
- Baldintza orokorrak
- Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak
- Fokuak identifikatzea. Katalogazioa
- Emisioen muga-balioak
- Gasak biltzeko eta husteko sistemak
- Emisio lausoak
- Atmosferara egindako emisioak kontrolatzea
- Usainen kontrola
Instalazioa ustiatzean, ez dira gaindituko baimenan ezarritako gehieneko emisioen muga-balioak, eta ingurumen-organo honek ezarritako baldintza teknikoak bete beharko dira.
Prozesuan zehar aireratzen den gai kutsatzaile oro bildu eta bide egokienetatik kanporatuko da, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik iraganarazi ondoren, behar izanez gero.
Arau orokor honetatik salbuetsi ahalko dira emisio konfinatu gabeak, baldin eta teknikoki edota ekonomikoki atzeman ezin badira edo ingurunean oso eragin txikia dutela frogatuta badago.
Neurri egokiak hartuko dira istripuz emisiorik ez egiteko, eta efluenteak giza osasunerako nahiz segurtasun publikorako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira; alegia, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien laburtuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo erabili ezin diren aldiak.
Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.
Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko entitate batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da.
Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango dio ingurumen-organoari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
Instalazioan gauzatzen diren jarduerak Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzeko eta katalogoa aplikatzeko oinarrizko xedapenak finkatzeko urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren katalogoan jasotakoak izango dira.
Instalazioak «Airea – Baldintza Partikularrak» atalean jasotako fokuak ditu, Airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legean adierazitako atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoan sartuta daudenak.
Foku ez-sistematikoetako bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzen hasten bada eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago irauten badu, edo, maiztasuna edozein dela ere, emisioen iraupena orokorrean instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, emisio-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.
Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek jarraitzen ez badute. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.
Instalazioa ustiatzean, bermatu beharko da atmosferara egingo diren emisioek ez dituztela gaindituko «Airea – Baldintza Partikularrak» ataleko taulan jasotako emisioetarako ezarritako muga-balioak.
Emisio-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Ikusten bada emisioen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren zuzenketa-neurriak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, zuzenketa-neurrien eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.
Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo «Airea – Baldintza Partikularrak» ataleko taulan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Instalazioan emisio lausoen fokuak identifikatzen badira, neurri hauek hartu beharko dira:
- Zamalanak. Garraioa:
- Zamalanak olagarroarekin.
- Materialen zamalanak ahalik eta gehien murriztea.
- Materiala deskargatzeko unean erorketa-altuera ahalik eta gehien murriztea.
- Materiala hartu ostean zalia edo gakoak erabat ixtea.
- Deskargatu ostean, zalia pilatan denbora nahikoan uztea
- Zamalanak pala mekanikoarekin.
- Materialen zamalanak ahalik eta gehien murriztea.
- Materiala deskargatzeko unean erorketa-altuera ahalik eta gehien murriztea.
- Kamioiak kargatzean, pala kamioiaren ohean ahalik eta gehien sartzea.
- Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
- Era berean, murriztu egingo da ibilgailuen abiadura, eta zolatuta egon beharko dute ibilgailuen zirkulazio-eremuek.
- Zamalanak olagarroarekin.
- Bideak, lurzorua eta makineria garbitzea:
- Bideak, lurzorua eta makineria aldian-aldian garbituko dira.
- Bideak eta lurzoruak garbitzeko, ekortzeko eta baldekatzeko makinak erabiliko dira, eta baldekatzeko ekipoa eta ekortzekoa konbinatuko dira, hautsa ez dadin barreiatu.
Emisio lausoak minimizatze aldera, emisioak biltzeko sistemen mantentze-lan egokia egingo da; horrez gain, besteak beste, instalazioa garbituko da, kanpoko ateak eta pabiloienak itxiko dira, eta ingurumen-praktika egokiak eta teknika erabilgarri onenak aplikatuko dira.
Administrazioak foku lausoen irteerak egoki daitezen eskatu ahal izango du, emisio bideratuen baimenean sartzeko, horiei dagozkien muga eta neurketa-aldizkakotasunekin.
Instalazioak emisioak kontrolatu beharko ditu, baimeneko «Airea – Baldintza Partikularrak» ataleko taulan ezarritakoari jarraikiz.
Aipatutako neurketa guztiak administrazioaren II. mailako ingurumen-lankidetzako entitate batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako hauei dagokienez: neurketaren helburua eta plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.
Halaber, «Airea – Baldintza Partikularrak» atalean azaldutako emisio-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batez besteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programan justifikatu beharko da.
Lortutako emaitzen erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, betiere honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.
Jardueraren kontrolean sortutako dokumentazioa ingurumen-organoari igorriko zaio, «Ingurumena Zaintzeko Programa – Baldintza Orokorrak» atalean adierazitakoaren arabera.
Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuen emisioak biltzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.
Instalazioak jariatzen dituen usainak zehaztu beharko dira. Ikerketa olfatometriko hori egiteko, irizpide hauek jarraitu beharko dira:
- Iturri zehaztuak eta zehaztugabeak identifikatu beharko dira, eta horien kirats jarioak karakterizatu beharko dira.
- Kirats-iturri bakoitzean, usainaren kontzentrazioa, kirats jarioaren abiadura eta kirats-emaria zehaztu beharko dira.
- Laginketa, usainaren kontzentrazioa, hedatzeko abiadura eta kirats jarioaren zehaztapena arau honen arabera egingo da: UNE-EN 13725:2004 «Airearen kalitatea. Usainaren kontzentrazioa olfatometria dinamikoaren bitartez zehaztea».
- Kirats-jario bakoitzaren hiru lagin hartuko dira gutxienez.
- UNE-EN 13725:2004 arauaren araberako ziurtagiria duten erakundeek zehaztuko dituzte instalazioko kirats jarioak.
- Usainen laginak baldintza atmosferiko okerrenetan hartuko dira, ahal dela udan, eta betiere urteko maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Kirats jarioen eragin negatiboa ebaluatzeko, aipatutako ikerketa olfatometrikoa osatzeko usainen hedapenaren modelizazioa ere egin beharko da.
Modelizazio hori egiteko eta horren emaitzak eta ondorioak aurkezteko orduan, Ingurumen Sailburuordetzak argitaratu duen Dispertsio-ereduak egiteko jardunbide egokien Gidan ezarritakoari jarraitu beharko zaio. Emaitzak dagokion ingurumena zaintzeko programan bidaliko dira.
Halaber, kirats jariorik ez sortzeko edo, hori ezinezkoa denean, jarioak murrizteko, usainen kudeaketa-plana ezarri eta berrikusi beharko da –dauden instalazio guztiak barne hartuko ditu–, ingurumen-kudeaketako sistemaren zati gisa. Plan horrek honako elementu hauek izan beharko ditu:
- Jarduketa eta epe egokituak jasoko dituen protokolo bat.
- Usainen monitorizazioa egiteko protokolo bat.
- Usainekin lotutako gorabeherei erantzuteko protokoloa.
- Usainei aurrea hartzeko eta usainak murrizteko programa bat, usainen iturria edo iturriak zehazteko, usainekiko esposizioa neurtzeko edo balioesteko, iturrien ekarpenak karakterizatzeko eta prebentzio- edo murrizketa-neurriak aplikatzeko.
Usainaren eragina murrizteko neurriak ezartzen diren bakoitzean, edo kirats jarioei eragin diezaiekeen aldaketaren bat dagoen bakoitzean, beste azterketa olfatometriko bat egin beharko da, horien eraginkortasuna egiaztatzeko, eta azterketa hori dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztu beharko da. Era berean, organo eskudunak azterketa olfatometriko gehigarriak eskatu ahal izango ditu usainak gutxitzeko sistemen eraginkortasuna egiaztatzeko.
Azken aldaketako data: