Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Gazte politika integrala: sarrera

1.- Zeri deritzogu gazte politika integrala?

Gazte-politika integralak, batetik, gazteak errazago gizarteratzeko neurriak hartzen ditu barne, gazteen emantzipazioa lortze aldera, gazteen arloko zeharkako politiken plangintzaren, burutzapenaren eta ebaluazioaren bitartez. Bestetik, gaztetasunaren sustapenerako neurriak hartzen ditu barne; berariaz gazteei zuzendutako programa, jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen bitartez eta, beti ere, gazteen partaidetza sustatuko duten prozesu eta bideen bitartez burututako neurriak, izan ere.

2.- Nori zuzentzen gatzaizkio?

Gazte politika integrala aplikatzeko garaian, konbentzio modura, gazteak 14 eta 30 urte bitarteko pertsonak izango dira.

3.- Gazte politika integralaren printzipio orokorrak

  • Gazteen egoeraren arreta integrala
  • Zeharkakotasuna
  • Aukera-berdintasuna
  • Aniztasuna eta ezberdintasuna errespetatzea
  • Gazte-ikuspegiaren integrazioa
  • Ekintza positiboa
  • Rolak eta estereotipoak desagerraraztea
  • Lankidetza eta koordinazioa
  • Plangintza
  • Hurbiltasuna
  • Partaidetza
  • Balioen sustapena 

4.- Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzaren eginkizunak

320/2024 DEKRETUA, urriaren 29koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena

Euskadiko gazteen emantzipazio- eta garapen-politikak sustatzeko, Gazteria eta Emantzipazio Zuzendaritzari, dekretu honek oro har esleitzen dizkion egitekoez gain, honako hauek dagozkio:

  1. Gazteriaren, aisialdiaren eta denbora librearen arloko araudi-proposamenak egitea, eta, bereziki, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legea erregelamendu bidez garatzeko arau-proposamenak; besteak beste, gazteriaren arloko zerbitzuak ematen dituzten pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuen aitorpenari aplikatu beharreko gutxieneko betekizunak eta baldintzak ezartzeari buruzkoak, bai eta gazteentzako zerbitzu eta ekipamendu espezifikoak antolatzeari buruzkoak ere; horretarako, zerbitzu eta ekipamenduak irekitzeko, aldatzeko, funtzionatzeko eta ixteko baldintzak, langileen gaikuntza eta aintzatespen-, ituntze- eta ikuskatze-arauak (goi-ikuskaritza barne) arautuko dira.

  2. Beste erakunde publiko eta gizarte-eragile batzuekin lankidetzan, gazteak behar bezala gizarteratzeko politikak bultzatzea, bai eta emantzipazio-politika espezifikoak ere, gazteen emantzipaziorako laguntza-programak kudeatzea, eta Gazteen Emantzipaziorako Euskal Sarea bultzatzea eta koordinatzea.

  3. Gazte-politika integralak garatzea eta Gazteriaren arloko Euskal Estrategiaren lanketa bultzatzea, gainerako euskal erakunde publikoekin lankidetzan.

  4. Gazteen egoeraren berri eman dezakeen informazioa eta dokumentazioa biltzea eta zabaltzea, eta horri buruz egokitzat jotzen diren ikerketak eta azterlanak egitea.

  5. Aisiaren gizarte-, kultura- eta hezkuntza-erabilera sustatzeko planak egitea.

  6. Gazteen martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 9. artikuluaren lehen puntuaren i) letran jasotako ekintza zuzeneko jarduera, zerbitzu eta ekipamenduen hornidura bermatzea, lege horren 8. artikuluaren 4. zenbakian aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  7. Haur eta gazteen aisialdiko hezkuntzan, dinamizazio soziokulturalean eta haur eta gazteei zerbitzuak emateko zentroetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza eta profilaren definizioa bultzatzea.

  8. Gazteen asoziazionismoa eta boluntariotza sustatzea, Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzarekin koordinatuta.

  9. Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Koordinazio Zentroari eta Gazteriaren Euskal Behatokiari esleitutako egitekoak garatzea, gazte-politika integralak hedatzeko, haien jarraipena egiteko eta ebaluatzeko.

  10. Lankidetzan aritzea Estatuko, Europako eta Europaz gaindiko beste entitate eta organismo batzuekin, gazteriaren arloan interes komunekoak diren jardueretan, Gazteriaren Euskal Sistema ordezkatuz, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan zein kanpoan.

  11. Gazteentzako Zerbitzu eta Ekipamenduen Erregistro Orokorra kudeatzea, bai eta Gazte Elkarteen eta Gazteentzako Zerbitzuak Ematen dituzten Erakundeen Errolda ere.

  12. Gazteriaren arloko Erakundearteko Koordinazio Organoari eta Gazteriaren Sailarteko Batzordeari babesa eta laguntza ematea.

  13. Gazteen emantzipaziorako eta mugikortasunerako informazio, orientazio, bitartekaritza, aholkularitza eta laguntza integral, jarraitu eta pertsonalizatuko online zerbitzua sustatzea, itzulera barne, eta aurrez aurreko arreta eskainiko duten gazteen emantzipaziorako zentroen sarea sustatzea eta koordinatzea, Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentazio Sarearekin, Euskadiko Gazte Informazio eta Dokumentaziorako Koordinazio Zentroarekin eta lurralde-zentroekin artikulatuta.

  14. Ikuskatzeko administrazio-ahala baliatzea, Gazteen martxoaren 10eko 2/2022 Legearen 52. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

  15. Gazteen martxoaren 10eko 2/2022 Legean aurreikusitako arau-hauste arin eta astunengatiko zehapen-espedienteak hasi eta ebaztea.

  16. Gazteriaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitutako gainerako egitekoak betetzea, Gazteriaren martxoaren 10eko 2/2022 Legean aurreikusitakoaren arabera.

Gazte Plana hasierako orrira itzuli

Azken aldaketako data: