Karlos Zabala

Karlos Zabala Oiartzabal Irunen jaio zen 1963an.

Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta itzulpengintza masterra egin zuen EHU-UPVn. Dedikazio osoz sorkuntzara eta itzulpenera eman aurretik, dantzako eskolak eman zituen. Haurren euskara irakasle ere izan zen, eta zazpi urtez Arabako Aldizkari Ofiziala euskaratzen aritu ondoren, 2000. urtean utzi egin zuen zeregin hori. Gaur egun, literatura idazten eta itzultzen dihardu buru-belarri.

Idazle gisa, Irun Hiria saria irabazi zuen Mende akabera poemarioarekin 1994an, eta haur eta gaztetxoen literaturari dagokionez, Xabier Lizardi lehiaketan nagusitu zen 2002an, "Karakol Txikiren ipuinak" liburuari esker.

Itzulpenen arloan, Andreu Sotorra kataluniarraren "Tximistorratzeko kukua" (2003) haur eta gazteentzako eleberria itzuli du, eta helduentzat eginiko itzulpen lanen artean berriz, Émile Zolaren "Le ventre de Paris" euskaratzeaz gain, besteak beste, Jules Verneren "Mikel Strogoff" eta Portugalen zalaparta handia sortu eta debekatua izan zen Joao Ubaldo Ribeiroren "Buda zoriontsuen etxea"(2004) liburu erotikoa ere itzuli ditu.

Hainbat literatur lan argitara eman ditu "Plazara" aldizkarian.