Harkaitz Cano

Harkaitz Cano Donostian jaio zen 1975ean.

EHUko unibertsitatean zuzenbidean lizentziatu bazen ere, literatura izan du betidanik bizibidea. Lubaki Banda literatur taldearen sortzaileetako bat izan zen 1993an. Euskal Herriko hainbat egunkaritan kolaboratzeaz gain, irrati eta telebistako gidoigile eta egokitzaile bezala ere aritu izan da. 1994. urtean argitaratu zuen bere lehen liburua, "Kea behelainopean bezala" poemarioa. Geroztik, genero ezberdinak landu ditu: ipuinak ("Radiobiografiak", "Bizkarrean tatuaturiko mapak", "Telefono kaiolatua", "Neguko zirkua"), nobela ("Beluna jazz", "Pasaia blues", "Belarraren ahoa") eta baita haur literatura ere(">Itsasoa etxe barruan", "Sorgin moderno bat", "Omar dendaria"). Poesia ere ez du alboratu, poemario batetik besterako bideak luze jotzen diola adierazi izan duen arren. 2001ean argitaratu zuen bere bigarren poema liburua ("Norbait dabil sute-eskaileran"), lehenak argia ikusi zuenetik zazpi urtera.

Generoak nahasten diren bidegurutzeen zale ere bada Cano; horren lekuko, Piano gainean gosaltzen (2000) kronika liburua, egunkariaren, ipuin laburraren eta kazetaritzaren mugan dagoena, New Yorkeko egonaldi baten ondoren idatzia. Hibridaziorako zaletasun horren ondorio dira, bidenabar, hainbat musikari, aktore eta artistarekin egin dituen emanaldiak: "Hirisladak" (irudiak, musika eta literatura nahastuz), "Ahulkiak" (antzezpen irakurria), edota, berrikiago "Piztia otzanak" (Iñaki G. Holgadorekin atalka egiten ari den komiki gidoia).

Hainbat lan ditu gaztelerara itzulita: "Enseres de ortopedia inútil", "El puente desafinado", "Jazz y Alaska en la misma frase", "Interpretación de los temblores".