Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoari buruzko ohiko galderak

Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 DEKRETUaren azken Xedapen lehenaren 9. puntuko a) eta b) azpiataletan aipatutako inguruabar bereziak aplikatuko zaizkie 1etik 8ra arteko planei.

Horregatik, 5.2. artikuluan eskatutako dokumentazioaren bidez justifikatuko da inguruabar horien ondorioz ingurumenaren gaineko eragin esanguratsuak egon daitezkeela.

Hierarkian gorago dagoen plan bat garatzen duen planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategikoa igaro behar du, baldin eta eragin esanguratsuak izan baditzake ingurumenaren gainean eta, ondorioz, azken xedapen lehenean jasotako planen eta programen tipologietako batean sartzen bada. Horregatik, sustatzaileek ez dute baztertu behar 7.4 artikuluak eskaintzen duen aukera; hau da, ingurumen-eragileak sustatzea, ingurumenaren gaineko eragin esanguratsurik egon ez dadin garapen-plan horietan eta, beraz, ondoren ingurumen-ebaluazioa egin beharrik egon ez dadin.

Aukera horrek erantzuna eman nahi dio ingurumen-prozedura estrategikoaren helburu nagusietako bati: planak eta programak prestatzeko eta onartzeko orduan ingurumen-alderdiak integratzea, garapena jasangarria izan dadin.  

Baldin eta egiturazko antolamendu-plan bat garatzen duen plan eta programa batek/batzuek ingurumen-ebaluazio estrategikoa igaro behar badu/badute 211/2012 Dekretuaren arabera, ingurumenaren gaineko eragin esanguratsuak egon daitezkeelako, egiturazko antolamendu-plana tramitatzeko orduan egin beharko dira honako lan hauek: 

  • Ingurumen-ebaluazio estrategikoa igaro behar duten garapen-planen arauzko kontsulta ziurtatzea, ingurumen-txostenaren/txostenen sakonera eta xehetasun-maila erabakitzeko.
  • Ingurumen-txostenaren/txostenen sakonera eta xehetasun-maila erabakitzea.

Derrigorrezkoa da, beraz, ingurumen-organoak egiturazko antolamendu-plana tramitatzeko orduan daukan dokumentazioan argi egotea garapen-plan horren/horien inguruabarrak edo ezaugarriak, organo horrek behar bezala erabaki ahal izan dezan ingurumen-txostenaren/txostenen sakonera eta xehetasun-maila.

Ondorioz, jendaurrean erakusteko orduan, herritar interesdunen eta eragindako herri-administrazioen esku jarritako dokumentazioak (planaren memoria eta jasangarritasun-txostena) informazio hori aipatu beharko luke, ingurumen-ebaluazio estrategikoa igaro behar duten garapen-planen arauzko kontsulta ziurtatzeko.

Bestalde, egiturazko antolamendu-planaren ingurumen-memoria egiteko orduan, ingurumen-organoak ingurumen-eragileak bilatuko ditu garapen-plan horientzat, ingurumenaren gaineko eragin esanguratsurik egon ez dadin eta, ondorioz, plan horien ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin beharrik egon ez dadin ondoren.

Halakorik ezean, ingurumen-organoak adieraziko du zer alderdi azpimarratu behar dituen garapen-plan horien jasangarritasun-txostenak, eta haien ebaluazioak zenbateko sakontasuna izan behar duen.

Azken batean, eta informazioaren xehetasun-mailak ezinezko egiten ez badu, sustatzaileak erabakiko du ingurumen-eragile horiek integratzea edo ez, proposatutako lotura-mailarekin, garapen-plan horrek/horiek ingurumenaren gaineko eragin esanguratsurik izan ez dezan/dezaten, eta ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin beharrik egon ez dadin ondoren.

Baldin eta hierarkian gorago dagoen egiturazko antolamendu-planaren ingurumen-memorian erabaki bada garapen-plan baten jasangarritasun-txostenaren sakonera eta xehetasun-maila, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategikoari ekitea hasierako dokumentua ingurumen-organoari bidaliz. Kasu horietan, plan horien aurretiazko bertsioa eta jasangarritasun-txostena gutxienez 45 egunez jendaurrean erakutsi eta eragindako herri-administrazioen eta herritar interesdunen kontsultak amaitu ondoren, eta hura behin betiko onartu aurretik, aski izango da eskatutako informazioa bidaltzea ingurumen-organoari, ingurumen-memoria egin dezan. 

Prozedura honen tramitazioak ez du desberdintasunik aurreikusten kasu horietan. Oro har, ahalik eta gutxien interferitu nahi da funtsezko prozeduretan, sustatzaileak berak egokitu ditzan bi prozedura horiek, bere planaren edo programaren tramitazio bereziaren arabera. Halaber, arauzko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren helburuak betetze aldera, gutxieneko dokumentu eta mugarri batzuk ezarri dira: 

  1. Planaren edo programaren aurretiazko dokumentua jendaurrean erakustea eta eragindako herri-administrazioek eta herritar interesdunek kontsultatu ahal izatea, gutxienez 45 egunez. Planaren edo programaren edukiak zehatza eta eguneratua izan behar du; bertan identifikatu, deskribatu eta ebaluatuko dira ingurumenaren gaineko eragin esanguratsu posibleak, bai eta hura egin bitartean aztertutako beste aukerak ere, erreferentziako dokumentuak aurrez erabakitako sakonerarekin eta xehetasun-mailarekin. Horren bidez gardentasuna eta parte-hartze publikoa sustatu nahi da, plangintza-prozesuaren gaineko informazio osoa eta fidagarria emanez epe egokietan.
  2. Plana edo programa behin betiko onartzea (haren barruko dokumentu batean islatuko da nola integratu den arauzko ingurumen-memoria).

Erreferentziako dokumentua egiten den bitartean ingurumen-erreferentziarik ez egotea konpontzeko identifikatu da jasangarritasun-txostenaren eta erreferentziako dokumentuaren edukia. Era horretan ziurtatzen da sustatzaileak aurrez jakitea zer elementu minimo hartu behar dituen kontuan bere plana edo programa egiteko orduan, eta ingurumen-organoari dagokio eduki hori zehaztea, beharrik balego, erreferentziako dokumentuaren bidez. Era horretan, ingurumenaren aldagaia garaiz integra daiteke planak eta programak egiteko orduan.

Halaber, hirigintza-prozeduraren ikuspuntutik, jasangarritasun-txostenaren eduki minimoa aurrez jakiteari esker, txosten hori aurrerapenean txertatzea ziurta daiteke, araudia bat etortzea aurrerapenaren definizio-mailarekin, eta ondorengo garapena bat etortzea planaren eboluzioarekin, hura tramitatzen den fase bakoitzean. 

Azken aldaketako data:  2014/03/03