Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Euskal Gobernantza Publikoari, barne-egituraketari, antolaketari, administrazio elektronikoari eta erakunde instituzionalen sorrerari buruzko txostenaren inguruko orientabideak.

Gardentasuna eta datu publikoak irekitzea

Gardentasuna eta datu irekiei dagokionez, alde hauek hartuko dira kontuan:

Datu irekiak

Informazio publikoa formatu berrerabilgarrietan eta erabilera-lizentzia irekien bidez argitaratzea bultzatuko da, eta Open Data Euskadi, datu irekien atarian, eskuratu ahal izango da; webgune horren lege-oharrean adierazi beharko da datuak berrerabiltzeko aukera dagoela, eta horretarako nahitaez aipatu beharko direla iturria eta eguneratze-data, informazioa ez desnaturalizatzeko.

Negozio-datu berriak kudeatu edo sortu behar badira (adibidez, erregistro formal bat edo erabakiak hartzen laguntzeko inbentario bat sortu edo erregulatu), datu horiek Open Data Euskadiren katalogoan sartzeko proposatu behar da. Baloratu behar da zer interes duen datuak berrerabiltzeak, eta zer legezko mugak dauden horretarako (Adibidez, datu pertsonalen babesa, jabetza intelektuala...).

Publizitate aktiboa

Arau batean publizitate aktiborako betebeharrak aurreikusten direnean, aztertu behar da ea hori kontraesanean dagoen gardentasunari buruzko araudiarekin (19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa). Gardentasun-kultura bultzatzeko beste modu bat da, halaber, araubide berezi sektorialetan interes publikoaren eta herritarren intereseko informazioari publizitatea emateko betebehar berriak sartzea.

Kontuz ibili behar da bereziki arau berrietan mugak jartzen direnean informazio sektorial jakin baterako irispiderako, ez dezaten talka egin egungo jurisprudentziarekin; hau da, muga berriak justifikatu egin beharko dira, eta xedearen eta babes-helburuaren araberakoak izango dira; halaber, kontuan hartuko da kasu jakin bakoitzaren egoera, bereziki, informaziorako irispidea justifikatzen duen interes publiko edo pribatu handiagorik ote dagoen.

GARDENA gardentasun-ataria; webgune honek publizitate aktiboa eman behar zaien EAEko Administrazio Publikoko sail edo ente bakoitzak emandako eta argitaratutako edukiak lotzen ditu. Informazioa argitaratzea eta mantentzea gaiaren ardura duen organo bakoitzari dagokio, eta oso kontuz zaindu behar da informazioa eguneratuta egon dadin. Adibidez: garrantzi handiko informazio juridikoa (hitzarmenak, bitarteko propio bati egindako enkarguak, ebazpen orokorren izapidetzea, irispide-eskubiderako ebazpenak...) espedienteen instruktoreek Izapidetze elektronikorako plataforma komunetik,argitaratzen dute Legegunean, eta webgune horri GARDENAtik lotzen zaio; kontratuei lotutako informazioa, berriz, kontratugilearen profiletik, lotura GARDENAtik eginez, eta abar...

Kontu ematea

Sare sozial nagusietan eta herritarrekiko harremanetarako lankidetzaguneetan presentzia izatea bultzatuko da profil korporatiboak ezarriz, bat etorriz gobernu irekiaren gidalerroekin, jarduera publikoari buruz informatzeko eta kontuak emateko helburuarekin.