Ohiko galderak: AAI eta AAU - Zer ingurumen-baimen dagokio?
- Ez dakit nire jarduerak ingurumen-baimen integratua (IBI/AAI) edo ingurumen-baimen bakarra (IBB/AAU) behar duen. Nola egiazta dezaket?
- Nire zentroan jarduera bat baino gehiago egiten dira. Guztiak egiaztatu behar ditut AAI edo AAU dagokion jakiteko?
- Nire jarduera AAIren atalasetik behera dago. Horrek esan nahi du beti AAU bat izapidetu behar dudala?
- Nire zentroak baditu ingurumen-baimen sektorialak. Horren arabera jakin daiteke AAI edo AAU dagokion?
- Nire zentroak AAU bat du, baina jarduera aldatu da edo haren ahalmena handitu da. AAIren mende gera daiteke?
- AAU izapide bat hasi dut, baina nire instalazioa AAIren mende dagoela uste dut. Eskaerarekin jarraitu behar dut?
- Araudia aztertu ondoren, oraindik zalantzak ditut AAI edo AAU dagokion. Nola egin dezaket aurretiazko kontsulta?
Aurreikusitako jarduerak eta instalazioak aztertu, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen
I. eranskinarekin alderatu:
- Jarduera edo instalazioren bat I.A eranskinean jasota badago, ingurumen-baimen integratua (IBI/AAI) izapidetu behar da.
- I.A eranskinean jasotako jarduerarik ez badago, baina jarduera edo instalazioren bat I.B eranskinean badago, ingurumen-baimen bakarra (IBB/AAU) izapidetu behar da.
- Jarduera ez badago atal horietako batean ere, egiaztatu beharko da jarduera sailkatuaren lizentzia, jarduera sailkatuaren aurretiazko komunikazioa edo ingurumeneko beste araubide sektorial bat dagokion.
Benetan egiten den jarduera, aurreikusitako eragiketak, ekoizpen- edo tratamendu-ahalmena eta eranskinean ezarritako gainerako irizpideak eta atalaseak hartu behar dira kontuan.
- Ohiko akatsa:
- Aplikatu beharreko araubidea CNAE kodearen edo jardueraren merkataritza-izenaren arabera soilik zehaztea. Datu horiek erreferentzia gisa erabil daitezke, baina sailkapena instalazioaren benetako ezaugarrietan eta I. eranskineko irizpide eta atalaseetan oinarritu behar da.
Bai. Instalazioaren parte diren jarduera eta eragiketa guztiak egiaztatu behar dira, baita jarduera nagusiarekin lotura teknikoa duten eta emisioetan edo kutsaduran eragina izan dezaketen jarduera osagarriak ere.
Instalazioaren barruko jardueraren bat AAIren mende badago, baimena AAI gisa izapidetu behar da. AAU bat soilik dagokio instalazioa AAIren mende ez dagoenean eta 10/2021 Legearen I.B eranskineko kasuren batean sartzen denean.
- Ohiko kasua:
- Zentro batean jarduera nagusi bat egiten da, eta, gainera, hondakinak tratatzeko, errekuntzako edo bestelako prozesu osagarriak egiten dira. Ez da jarduera nagusia bakarrik egiaztatu behar. Gainerako eragiketek aplikatu beharreko ingurumen-araubidea baldintza dezakete.
- Ohiko akatsa:
- Instalazio bat jarduera desberdinetan artifizialki zatitzea eta jarduera bakoitza bereizita aztertzea, haien arteko lotura teknikoak kontuan hartu gabe.
Ez nahitaez. I.A eranskineko atalase bat ez gainditzeak AAIren kasu zehatz hori baztertzeko aukera baino ez du ematen.
Ondoren, jarduera edo instalazioa I.B eranskineko kasuren batean sartzen den egiaztatu behar da. Hala bada, AAU bat izapidetu behar da. I.B eranskinean ere jasota ez badago, dagokion ingurumen-araubidea zehaztu beharko da, hala nola jarduera sailkatuaren lizentzia, jarduera sailkatuaren aurretiazko komunikazioa edo baimen edo komunikazio sektorial bat.
- Ohiko akatsa:
- AAIren atalaseetara iristen ez den jarduera oro automatikoki AAUren mende dagoela pentsatzea.
Ez. Hondakinak kudeatzeko baimena, APCA baimena, isurketa-baimena edo ingurumeneko beste titulu sektorial bat izateak ez du berez zehazten AAI edo AAU bat dagokion.
Zentroko jarduera eta instalazio guztiak aztertu behar dira, eta 10/2021 Legearen I.A eta I.B eranskinetan sartzen diren egiaztatu. AAI edo AAU bat dagokionean, baimenak zentroari aplikatu beharreko ingurumen-baldintzak modu integratuan ezarriko ditu.
- Ohiko akatsa:
- Instalazioak funtzionatzeko behar dituen ingurumeneko titulu sektorialak badituenez, AAIrik edo AAUrik behar ez duela pentsatzea.
Bai. Aldaketaren ondorioz instalazioa 10/2021 Legearen I.A eranskineko kasuren batean edo kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko araudiaren aplikazio-eremuan sartzen bada, dagokion AAI izapidetu beharko da.
Izapidea hasi aurretik, egiaztatu aldaketaren ondoren egingo den jarduera, aurreikusitako eragiketak eta instalazioak izango dituen ahalmenak. Ez dira AAU aldatzeko izapideak erabili behar aldaketaren ondorioz AAIren mende geratuko den instalazio baterako.
- Ohiko kasua:
- AAU bidez baimendutako instalazio batek tratamendu-ahalmena handitzen du edo jarduera berri bat gehitzen du, eta AAIri dagokion atalasea gainditzen du. Kasu horretan, dagokion AAI izapidetu behar da.
- Ohiko akatsa:
- AAUren funtsezko edo funtsezkoa ez den aldaketa aurkeztea, aldatutako instalazioa AAIren mende geratuko den aurretik egiaztatu gabe.
Ez duzu instalazioari ez dagokion prozedura baten bidez eskaera betetzen edo aurkezten jarraitu behar.
Berrikusi aplikatu beharreko jarduerak, eragiketak, ahalmenak eta atalaseak. Instalazioa 10/2021 Legearen I.A eranskinean sartzen bada, AAI prozedura erabili behar da. AAU eskaera dagoeneko aurkeztu baduzu, ingurumen-organoak izapidetzea zuzentzeko ematen dizkizun jarraibideei erantzun beharko diezu.
- Ohiko akatsa:
- Prozedura INGURUNETen erabilgarri agertzen delako edo dokumentazio gutxiago eskatzen duela dirudielako aukeratzea, aplikatu beharreko ingurumen-araubidea aurretik egiaztatu gabe.
Aurkeztu kontsulta Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Elektroniko Orokorraren
bidez, ingurumen-organo eskudunari zuzenduta.
Gaian, adierazi aplikatu beharreko ingurumen-esku-hartzeko araubideari buruzko aurretiazko kontsulta dela, eta zehaztu jarduketa ingurumen-baimen integratuaren (AAI) edo ingurumen-baimen bakarraren (AAU) mende dagoen argitzea eskatzen duzula.
Erantsi, gutxienez, honako informazio hau jasotzen duen laburpen-memoria:
- aurreikusitako jarduera eta eragiketa guztien deskribapena;
- ekoizpen-, kontsumo-, biltegiratze- edo tratamendu-ahalmena;
- instalazio nagusiak eta osagarriak;
- lehengaiak eta tratatutako edo sortutako hondakinak;
- emisio, isurketa eta gainerako ingurumen-eragin nagusiak;
- kokapena eta kokalekuaren euskarri grafikoa.
Kontsulta baimen-eskaera hasi aurretik aurkeztu behar da. Erantzuna informatiboa izango da, eta izapidetu beharreko prozedura zehazteko balioko du.
- Ohiko akatsa:
- Kontsulta posta elektronikoz bidaltzea edo CNAE kodea, jardueraren izena edo proiektuaren deskribapen orokor bat bakarrik ematea. Kontsulta formalki erregistratu behar da, eta aurreikusitako jarduerei, prozesuei eta ahalmenei buruzko informazio nahikoa jaso behar du.
Azken aldaketako data:
