Banka: Zein da helbideratutako zordunketak itzultzeko epea?
Ordainketa Zerbitzuen Legea indarrean sartu ondoren, helbideratutako ordainketak itzultzeko agindua emateko eskubidea duzu.
Arauak bi epe bereizten ditu, kontuan kargatzea aldez aurretik baimenduta zegoen edo ez kontuan hartuta:
- Baimenduta ez bazegoen, itzultzeko aginduaren jakinarazpena gehienez ere 13 hilabeteko epean egin beharko da, idazpenaren datatik zenbatzen hasita.
- Ordainketa aldez aurretik baimenduta bazegoen, baimendutako ordainketei dagokien zenbateko osoa itzultzeko eskubidea duzu, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
- Baimena eman zenean, ordainketa zenbatekoa izango zen zehatz ageri ez bazen.
- Aurreko jarraibideak kontuan hartuta, zenbateko horrek arrazoizko moduan espero zenuena gainditzen badu.
- Bigarren kasu horretan, erakundeak datu gehiago aurkezteko eska diezazuke. Gainera, itzultzeko agindua emateko gehieneko epea zortzi astekoa da, funtsak zure kontuan zorduntzen diren egunetik zenbatzen hasita.
Bi kasuetan, itzultzeko eskaera jaso eta 10 egun balioduneko epean (ez dira zenbatuko larunbatak, igandeak eta jaiegunak) erakundeak ordainketa-eragiketaren zenbateko osoa itzuli behar dizu, edo bestela zergatik ez dizun itzuliko justifikatu, eta erreklamatzeko zer prozedura judizial eta estrajudizial dituzun adierazi behar dizu.
Araudia
- 16/2009 Legea, azaroaren 13koa, Ordainketa Zerbitzuena.
Azken aldaketako data: