Arautegia
Inprimatu5/2026 DEKRETUA, urtarrilaren 13koa, zeinaren bidez ezartzen baita Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 17
- Hurrenkera-zk.: 361
- Xedapen-zk.: 5
- Xedapen-data: 2026/01/13
- Argitaratze-data: 2026/01/27
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte gaiak; Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak (aurrerantzean, 1/2004 Lege Organikoa) 27. artikuluan arautzen du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek laguntza ekonomiko bat jasoko dutela, baldin eta baliabide ekonomikorik ez badute edo adinagatik, prestakuntza orokor eta espezializaturik ez izateagatik eta beste gizarte-inguruabar batzuengatik enplegua lortzeko zailtasun bereziak izango dituztela uste bada. Eskubide subjektibo hori aitortuz, aipatutako 1/2004 Lege Organikoaren printzipio gidarietako bat ziurtatu nahi da: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako baliabide ekonomikoak bermatzea, haien gizarteratzea errazteko.
Zehazki, laguntza ekonomikoa biktimaren familia-arduren arabera modulatuko da, eta helburu nagusia biktimaren diru-sarreren gabezia aldi baterako arintzea da, erasotzaileagandik independizatzeko eta egoera egonkortzeko aukera emango dioten baliabide ekonomikoak izan ditzan.
Abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuak 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan xedatutako laguntza ekonomiko hori garatzen du. Errege-dekretu horrek jasotzen ditu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek laguntzaren onuradun izateko zer baldintza bete behar dituzten, baldintza horiek nola egiaztatu behar dituzten, laguntzak izapidetzeko eta emateko eskumena zer organok duten eta, hala badagokio, baita laguntzak itzultzekoa ere, eta 8. artikuluan aurreikusten du gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duten administrazioek, beren prozedura-arauekin bat etorriz, zainduko eta bermatuko dutela prozeduraren fase guztiak ahalik eta azkarren eta izapide gutxien eginda burutuko direla.
Aurreikuspen horiek jarraituz, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2007ko azaroaren 29ko Agindua, Herrizaingo Sailaren 2010eko martxoaren 3ko eta 2011ko maiatzaren 30eko aginduak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Agindua onetsi ziren; horien bidez, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedurak ezarri ziren.
Martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 1. artikuluak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, botere publikoak behartzen ditu egiturazko desberdintasuna eta sexuagatiko diskriminazio mota guztiak ezabatzera, emakumeen aurkako indarkeria matxista barne. III. tituluko VII. kapitulua indarkeria matxistari buruzkoa da, eta EAEko administrazio publikoen esku uzten du indarkeria matxistaren biktimei zerbitzuak eta prestazioak bermatzea.
Prestazio ekonomikoei dagokienez, 61.4 artikuluan ezartzen da EAEko administrazio publikoek emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei berariazko laguntza ekonomiko batzuk bermatu behar dizkietela, besteak beste, baliabide ekonomikorik ez duten genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntza ekonomikoa. Horretarako, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari eta Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemari buruzko arauak eta prestazioak egokitu behar dituzte.
Testuinguru horretan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren barruan, laguntza hori berariaz jasota dago Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea garatzeko onartutako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroan; zehazki, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuaren 4.3.1 artikuluan eta aipatutako dekretuaren eranskinaren 3.1.2 fitxan.
Horrenbestez, dekretu honek 2014ko urriaren 29ko Agindua ordezten du, eta orain indargabetzen den agindu hori onartu zenetik izandako lege-aldaketetara egokitzen da. Kontuan hartzekoa da lege eta arau hauek egokitu direla: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Prozedura Erkidearena; 9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna garatzeko presako neurriena, 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluaren 5. apartatua aldatzen duena; uztailaren 9ko 664/2024 Errege Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoa, zeinaren bidez sexu-indarkeriaren biktimentzako dirulaguntzak arautzen baitira eta 1452/2005 Errege Dekretuaren 2. eta 8. artikuluak aldatzen, eta Emakumeek eta gizonek ordezkaritza parekidea eta presentzia orekatua izateko abuztuaren 1eko 2/2024 Lege Organikoaren azken xedapenetako zortzigarrena, zeinaren bidez aldatzen baita Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 2.4 i) artikulua, eta alde batera uzten dirulaguntza hauek dirulaguntzen lege-esparrutik.
Azken aldaketarekin, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 2. artikuluaren 4. apartatuan i) letra sartuta, hau xedatzen da: «Ez dira dirulaguntzatzat joko suposizio hauek: i) Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera emandako genero-indarkeriaren biktimentzako dirulaguntzak, Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoaren 41. artikuluan ezarritakoaren arabera eta Indarkeriazko delituen eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimak laguntzeko eta sorosteko abenduaren 11ko 35/1995 Legean ezarritakoaren arabera eman badira». Bestetik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 3.3.i) artikuluak hauxe xedatzen du: «lege honen aplikazio-eremutik kanpo uzten dira: i) Sexu-indarkerien biktimentzako laguntza ekonomikoak, Sexu-askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoaren 41. artikuluan eta Indarkeriazko eta sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimak laguntzeko eta sorosteko abenduaren 11ko 35/1995 Legean ezarritakoaren arabera emandakoak».
Funtsezko aldaketa dakar horrek aurreko erregulazioarekiko. Laguntza horiek dirulaguntza izateari utzi diote. Hori dela-eta, bertan behera geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako zuzkidurari aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran publizitatea egiteko betebeharra. Horrenbestez, orain, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan ez bezala, ez dago aurrekontu-zuzkidurari publizitatea egin beharrik.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 15.d) artikuluak xedatzen du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailari dagokiola garapen komunitarioaren, gizarte-ongizatearen eta gizarte-zerbitzuen jardun-arloa.
Bestalde, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 320/2024 Dekretuaren 11.b) artikuluak xedatzen du, Bizitza Beterako Laguntzen Zuzendaritzari dagokiola ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoak ebaztea eta ordaintzea.
Horrenbestez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, bat etorriz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin, eta, Gobernu Kontseiluak proposamena aztertuta eta onartuta 2026ko urtarrilaren 13an eginiko bileran, hau
Dekretu honen xedea da Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusi eta abenduaren 2ko 1452/2005 Errege Dekretuaren bidez garatutako laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura arautzea.
Helburu jakin baterako laguntza da, bizitzeko gutxieneko baliabide ekonomikoak izatea helburu duena, erasotzaileagandik independizatzeko eta haien gizarteratzea eragozten duten zailtasunei aurre egiteko.
Laguntza ekonomikoa genero-indarkeriaren biktima izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren emakumeei zuzenduta dago, baldin eta nahikoa baliabide ekonomiko ez badute eta enplegua lortzeko zailtasun bereziak badituzte.
Laguntza hau ez da dirulaguntza bat izango, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 2.4.i) artikuluaren arabera.
Laguntza ekonomiko honen onuradun izan daitezke genero-indarkeriaren biktimak diren emakume guztiak, adin nagusikoak edo emantzipatutako adingabeak, baldin eta eskabidea aurkezten dutenean baldintza hauek betetzen badituzte:
Eskaera egiten den egunean EAEn erroldatuta egotea.
Indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75etik gorako errentarik ez izatea (hilabeteko zenbaketan), aparteko bi ordainsarien zati proportzionala kontuan izan gabe, dekretu honen 4. artikuluan aurreikusi den moduan.
Enplegu bat lortzeko zailtasun bereziak izatea; Lanbide Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako txostenaren bitartez egiaztatuko da.
Aurretik laguntza honen onuraduna ez izatea, ez Euskal Autonomia Erkidegoan ez Estatuko beste autonomia-erkidego batean, beste biktimario batek gauzatutako indarkeria-egoera baten ondorio izan ezean.
Genero-indarkeriaren egoera egiaztatzea, hurrengo artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Erasotzailearekin edo ustezko erasotzailearekin ez bizitzea, eta harekin bikote-harremanik ez izatea.
Aurreko apartatuetan eskatutako betekizunak laguntza-eskaera aurkezten den unean bete behar dira, eta laguntza ematea ebazten den unera arte betetzen jarraitu. Horretarako, laguntza emateko prozedura izapidetzen ari den bitartean, interesdunak berehala eman beharko dio laguntza emateko kontuan hartu diren betekizunen edozein aldaketaren berri kudeaketaren ardura duen organoari.
Dekretu honetan arautzen den laguntza jasotzeko eskubidea aitortu ahal izateko, genero-indarkeria egon dela egiaztatu behar da, bitarteko hauetako baten bidez:
Genero-indarkeriaren biktimaren aldeko babes-agindua edo kautela-neurri bat ezartzen duen ebazpen judiziala, zeinak indarrean egon behar baitu eskaera egiten den egunean.
Genero-indarkeria dakarten gertaerengatiko kondena-epaia, biktimaren aldeko babes-neurriak adosten dituena, zeinak laguntza eskatzen den egunean indarrean egon behar baitute, eta betiere bi urte baino gehiago igaro ez badira neurriak indarrean jarri eta laguntza-eskaera egin den egunera bitarte.
Babes-agindu, kautela-neurri edo kondena-epairik ezean, eskatzailea genero-indarkeriaren biktima dela iradokitzen duten zantzuak daudela azaltzen duen Fiskaltzaren txostena hartuko da genero-indarkeria egiaztatzeko agiritzat, harik eta babes-agindua eman arte.
Titulu judizialik ez badago indarrean, genero-indarkeriako egoerak egiaztatzeko Berdintasuneko Konferentzia Sektorialean onartutako eredu komunaren araberako administrazio-egiaztagiriek era balioko dute. Eredu hori genero-indarkeriako egoerak egiaztatzeari buruzkoa izango da, eta Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluak xedatutakoaren arabera emango da, gehienez ere laguntza-eskaera aurkeztu baino sei hilabete lehenago.
Biktima adingabekoen kasuan, egoera hori Fiskaltzara edo organo judizialera bidalitako osasun-agiri ofizialen bidez ere egiaztatu ahal izango da.
Desgaitasuna duten Pertsonen Konbentzioaren 9. artikulua betez, genero-indarkeriaren egoera egiaztatzeko bide guztiak irisgarriak izango dira, desgaitasuna duten emakumeen eskubideak guztiz bermatzeko.
Errenta nahikorik ez duela erabakitzeko, laguntza eskatu duen pertsonak edo haren kontura bizi direnek dituzten edo izan ditzaketen errentak edo diru-sarrerak soilik hartuko dira kontuan. Beraz, ondorio horietarako ez dira zenbatuko biktimarekin bizi diren baina haren kargura ez dauden familia-unitateko beste kide batzuen errentak edo diru-sarrerak.
Laguntza eskatzen duen pertsonak familia-ardurak baditu, errenta nahikorik ez duela ulertuko da familia-unitate osoaren hileko errenta unitate horretako kide-kopuruaz zatitu eta gainditzen ez duenean lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75.
Errenta edo diru-sarrera konputagarritzat hartuko dira genero-indarkeriaren biktimak edo haren kargura dauden pertsonek dituzten edo izan ditzaketen edozein ondasun, eskubide edo etekin, datozela lanetik eta kapital higigarri edo higiezinetik, ondare-gehikuntzak barne, nahiz jarduera ekonomikoetatik edo prestazioetatik, hauek izan ezik:
Gizarte Segurantzaren diru-esleipenak, seme-alaba edo familia-harreran dagoen adingabe bakoitzeko, edo adinez nagusi izanik desgaitasuna duen pertsona bat ardurapean izateagatik.
Ardurapeko seme-alaba adingabeak izateagatik egiten diren zuzeneko ordainketengatiko kenkari fiskalak.
Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarte-inklusioari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 8.1.b) eta 31. artikuluetan aurreikusitako mugikortasun-subsidioa eta garraio gastuengatiko konpentsazioa (azaroaren 29ko 1/2023 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartu zen testu bategin hori).
Mantenu-pentsioak, konpentsazio-pentsioak, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legetik eratorritako pentsio ekonomikoak, alokairu-laguntzak edo lan-ekintzailetza sustatzeko laguntzak.
Okupazio-zentroetan desgaitasuna duten pertsonei emandako sariak edo ordainsariak, egindako gastu bat konpentsatzeko dirulaguntzak, laguntzak edo bekak, bai eta Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen babesean emandako prestazio ekonomikoak eta gauzazkoak ere.
Genero-indarkeriaren biktima izateagatik ematen diren bekak, sariak edo antzeko aintzatespenak.
Ondarearen zenbateko ekonomikotik ken daitezkeen errendimenduak ere salbuetsiko dira, balioari diruaren indarreko legezko interes-tasaren % 50 aplikatuz, baina ez, biktimaren bizilekua den etxebizitza eta dagoeneko errentak zenbatu zaizkien ondasunak.
Lanetik ez datozen eta hilabetetik gorako periodikotasunarekin jasotzen diren errentak hilero hainbanatuta zenbatuko dira ondorio hauetarako.
Araudi honetan arautzen ez den guztirako, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onesten duen azaroaren 21eko 173/2023 Dekretuak xedatutakoa hartuko da kontuan.
Familia-erantzukizunaren edo ardurapean dauden adingabeen kontzeptua mugatzeko, dekretu honen 6. artikuluan ezarritakoa beteko da.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren txostenak jaso beharko du laguntza hori eskatzen duen emakumeak, adinagatik, prestakuntza orokor edo espezializaturik ez izateagatik eta gizarte-inguruabarrak direla eta, ez duela asko hobetuko enplegagarritasuna laneratzeko enplegu-programa espezifikoetan parte hartzeagatik.
Horretarako, laneratzeko ibilbide pertsonala prestatzean, aurreko paragrafoan aipatutako faktore bakoitza balioetsiko da, baita horiek guztiek zer eragin duten ere biktima lan munduan sar dadin eta haren enplegagarritasuna hobetu dadin.
Adina balioesterakoan, kontuan hartuko da Lanbidek, bere esperientziaren arabera, zer adinetatik aurrera ondorioztatzen duen laneratzeko zailtasunak egon daitezkeela.
Biktimaren prestakuntza orokor edo espezializatuari buruzko inguruabarrei dagokienez, eskolatzerik gabeko edo, hala badagokio, analfabetismo funtzionaleko kasuak hartuko dira, funtsean, aintzat.
Gizarte-inguruabarrak baloratzean, jasandako indarkeria-egoerarekin zerikusia dutenak hartuko dira kontuan, eta egoera horiek gizarteratze-programetan parte hartzeko edo horietaz baliatzeko eta aitortutako desgaitasun-mailarako zer ondorio dituzten, eta Lanbideren iritziz, biktimaren enplegagarritasunerako eragina izan dezaketen beste edozein ere hartuko dira kontuan.
Familia-ardurak izango dira onuradunak berarekin bizi den bigarren mailarainoko (berau barne) odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko senide bat, gutxienez, bere kargura duenean. Baina ez dira haren kargura daudela joko, bi aparteko ordainsariren zati proportzionala kenduta lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta altuagoak dituzten senideak, errenta horiek edozein motatakoak direla ere.
Familia-ardurak eskaera egiten den unean bete beharko dira, honako kasu hauetan izan ezik: seme-alabak jaiotzen direnean, seme-alabak jatorrizko herrialdetik familia berriro elkartzean edo seme-alaben legezko tutoretza berreskuratzean, hurrengo 300 egunen barruan. Horrela gertatzen bada, jasotako laguntzaren zenbatekoa berrikusiko da, dagokion zenbatekora egokitzeko, baldin eta eskabidea egin den egunean ardura horiek izan badira, hurrengo artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Bizikidetza dagoela joko da, nahiz eta genero-indarkeriaren ziozko arrazoiengatik etenda egon.
Ez da bizikidetzarik behar izango hitzarmen edo ebazpen judizialak mantenua eman beharra ezarri duenean. Kontrako frogarik aurkeztu ezean, bizikidetza dagoela ulertuko da biktimaren izenean egindako agirian senideei Gizarte Segurantzaren osasun-laguntzaren onuradun direla onartu zaienean.
Oro har, 6 hilabetean langabezian egoteagatik jasotzen den sorospena besteko laguntza jasoko da.
Genero-indarkeriaren biktimak familia-ardurak baditu, laguntzaren zenbatekoa hau izango da:
Langabeziagatiko hamabi hilabeteko sorospena, biktimak bere kargura senide bat edo hartutako adingabe bat duenean.
Langabeziagatiko hogeita lau hilabeteko sorospena, biktimak senide edo hartutako adingabe bi edo gehiago dituenean, edo senide bat eta hartutako adingabe bat dituenean kargura.
Genero-indarkeriaren biktimari ofizialki aitortu bazaio % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila, laguntzaren zenbatekoa hau izango da:
Langabeziagatiko hamabi hilabeteko sorospena, biktimak familia-ardurarik ez duenean.
Langabeziagatiko hemezortzi hilabeteko sorospena, biktimak senide bat edo hartutako adingabe bat duenean bere kargura.
Langabeziagatiko hogeita lau hilabeteko sorospena, biktimak senide edo hartutako adingabe bi edo gehiago dituenean, edo senide bat eta hartutako adingabe bat dituenean kargura.
Genero-indarkeriaren biktimaren kargura dagoen senideari edo hartutako adingabeari ofizialki aitortu bazaio % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna, laguntzaren zenbatekoa hau izango da:
Langabeziagatiko hemezortzi hilabeteko sorospena, biktimak senide bat edo hartutako adingabe bat duenean bere kargura.
Langabeziagatiko hogeita lau hilabeteko sorospena, biktimak senide edo hartutako adingabe bi edo gehiago dituenean, edo senide bat eta hartutako adingabe bat dituenean kargura.
Familia-ardurak dituen genero-indarkeriaren biktimari edo biktimarekin bizi den senideari edo hartutako adingabeari ofizialki aitortu bazaio % 65eko edo hortik gorako desgaitasuna, langabeziagatiko hogeita lau hilabeteko sorospena jasoko du laguntza gisa.
Genero-indarkeriaren biktimari edo biktimarekin bizi den senideari edo hartutako adingabeari ofizialki aitortu bazaio % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna, langabeziagatiko hogeita lau hilabeteko sorospena jasoko du laguntza gisa.
Emandako laguntzaren zenbatekoa berrikusi eta igo egingo da, baldin eta, laguntza eskatu eta hurrengo 300 egunen barruan, egoera hauetakoren bat gertatzen bada:
eskatzailearen seme-alabaren bat jaiotzea.
emakume migratu eskatzailearen seme-alaben familia-berrelkartzea, jatorrizko herrialdetik.
eskatzailearen seme-alaben tutoretza berreskuratzea.
Era berean, zenbatekoa gorantz berrikusi ere egingo da, baldin eta, dekretu honetan aurreikusitako laguntza eskatzeko unean, biktimak beretzat edo bere ardurapeko pertsonentzat % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna aitortzeko eskaera ofiziala egin badu, baina eskaera hori oraindik ez badu ebatzi foru aldundiko dagokion zerbitzuak.
Emandako laguntzaren zenbatekoa berrikusi egingo da, baldin eta desgaitasuna aitortzeko egintza dekretu honetan araututako laguntza-eskabidea egin eta hurrengo 6 hilabeteen barruan egiten bada. Zenbatekoa berrikusteko eskabidea desgaitasuna onartu eta hiru hilabete igaro baino lehen aurkeztu behar da.
Edozein egoeratan, onuradunaren eta ardurapeko pertsonen arteko bizikidetza egiaztatu beharko da, dekretu honen 6. artikuluaren 4. paragrafoan jasotako kasuetan izan ezik.
Laguntza-eskaera modu elektronikoan aurkeztu ahal izango da helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2025/genero_indarkeria_biktimak_laguntzak/web01-tramite/eu/ edo aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan Zuzenean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/) edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako bitartekoen bidez.
Eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko kanal presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideetan kanal bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke.
Eskaera aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin ahal izango dira:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Eskabideak, horrekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio osagarriarekin batera, interesdunaren legezko ordezkari baten bitartez aurkeztu ahal izango dira. Ordezkaritza egiaztatzeko, zuzenbidean baliozkoa den edozein bide erabili ahal izango da, baldin eta haren existentzia modu fidagarrian erakusten badu, Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritakoaren arabera. https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Eskaerak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, gutxienez alderdi hauek jasoko dituena:
Egiazkoak direla eskaerako eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetako datuak, eta betetzen direla laguntzaren onuradun izateko baldintzak.
Konpromisoa hartzen duela laguntza kudeatzen duen zuzendaritzari berehala jakinarazteko eskaeran adierazitako daturen bat aldatzen bada edo prozedura izapidetzen ari den bitartean laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan zerbait aldatzen bada.
Ez dela erasotzailearekin edo ustezko erasotzailearekin bizi, eta ez duela harekin bikote-harremanik.
Aurretik ez dela laguntza honen onuradun izan, ez EAEn, ez Estatuko beste ezein erkidegotan, biktimario bera dela eta.
Eskabide-inprimakiak eta gainerako administrazio-izapideak formalizatzeko eredu normalizatuak elektronikoak izango dira, eta eskuragarri egongo dira prozeduraren fitxan, egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2025/genero_indarkeria_biktimak_laguntzak/web01-tramite/eu/
Inprimaki eta eredu horiek herritarrei eta zerbitzuei arreta emateko eskumena duen organoaren jarraibideen arabera egingo dira. Eskabide-inprimakian, Administrazioarekiko jakinarazpen- edo komunikazio-kanala hautatuko da, eta jakinarazpen- edo komunikazio-abisuaren datuak emango dira.
Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Helbide honetan dago eskuragarri laguntzaren informazio-fitxa:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2025/genero_indarkeria_biktimak_laguntzak/web01-tramite/eu//
Helbide horretan, eskuragarri egongo dira eskabidea, eskabidea betetzeko jarraibideak eta laguntza lortzeko betekizunak egiaztatzeko agiriak.
Eskabidea izapidetzen ari den bitartean, interesdunarekin izaten diren komunikazioetan hizkera ulergarria eta argia erabiltzen dela bermatuko da, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 2.3 artikuluarekin.
Eskatzaileek ez dituzte berriro aurkeztu behar izango dagoeneko administrazio publikoen esku dauden dokumentuak eta informazioa. Horretarako, ezarritako betekizunak egiaztatzen dituzten datuak edo agiriak herri-administrazioen datuak trukatzeko plataformen bidez lortu edo egiaztatuko dira, interesduna aurka ez badago edo teknikoki ezinezkoa bada eskuratzea. Horrek ez du eragotziko Administrazio Publikoak egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.
Instrukzio-organoak ofizioz begiratu, lortu edo egiaztatu ahal izango du laguntzen eskatzaileek betebeharrak behar beste aldiz betetzen dituztela. Horrek ez du eragotziko Administrazio Publikoak egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea. Hala ere, eskatzaileak kontsultaren aurka egin ahal izango du; kasu horretan, baldintza horiek betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
Eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztuko dira:
Nortasuna egiaztatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea, atzerritarraren identifikazio-zenbakia, bizileku-baimena edo antzekoa, bai eta eskatzailearen ardurapean dauden senideena edo harreran dauden adingabeena ere, baldin eta edukitzeko betebeharra badute.
Erregistro Zibilean sexuari buruzko aipamena zuzendu ez duten emakume transexualen kasuan edo Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren emakume transexual etorkinen kasuan, jatorrizko herrialdean erregistro-aldaketa egin ahal duten arte, Transexualen dokumentazio administratiboari buruzko abenduaren 22ko 234/2015 Dekretura joko da zer administrazio-dokumentazio aurkeztu behar duten zehazteko.
Adingabe emantzipatua dela egiaztatzen duen agiria, ebazpen judizialaren edo erregistro zibilaren ziurtagiriaren bidez.
Genero-indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria, dekretu honen 3. artikuluan ezarritakoa betez.
Eskatzailearen erroldatze-ziurtagiria, etxebizitzan bizi diren pertsona guztien zerrenda jasotzen duena, gehienez ere laguntza-eskabidea aurkeztu baino hilabete lehenagokoa.
Kargura dituen pertsonen kasuan, hauek aurkeztu beharko dira: erregistro indibidualaren kopia, familia-liburua, jaiotza-ziurtagiria edo parekoak, edo, hala badagokio, zaintza eta jagoletzaren egiaztagiria, hitzarmen arautzailearen kopia edo mantenu-betebeharra jasotzen duen ebazpen judiziala.
Hala badagokio, Gizarte Segurantzaren asistentzia sanitariorako dokumentuaren kopia aurkeztu beharko da, non familiakoaren onuraduna dela aitortzen baita, laguntza eskatzaileari dagokionez.
Eskatzaileak edo bere kargurako pertsonek % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna aitortuta badute, eskumena duen organismo publikoak egindako desgaitasun-mailaren egiaztagiria indarrean egon behar du.
Eskatzailearen edo haren kargurako pertsonen errentak zehazteko, hauek aurkeztu beharko dira:
Eskatzailearen eta, hala badagokio, aitorpena egiteko betebeharra duten kargurako kideen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpena, edo, bestela, dagokion foru-ogasunean aitorpena egiteko betebeharrik izan ez dutela egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia.
Foru-ogasunaren edo baliokidearen ziurtagiria, eskatzaileak zer ondasun higiezin dituen adierazten duena, eta, hala badagokio, baita bere kargura dituen pertsonek ere.
Eskatzailearen eta bere kargura dauden pertsonen banku-kontuen eta -tituluen egoerari buruzko banku-ziurtagiriak, laguntza-eskaera aurkeztu aurreko azken sei hilabeteetako xehetasunekin, bai interesdunaren jabetzakoak soilik badira, bai beste pertsona batekin partekatutakoak badira.
Lan egiteko adinean dauden eta ardurapean dauden pertsona guztien Lan Eskaeraren Alta eta Berritze Dokumentua (LEABD), edo, hala badagokio, bizikidetza-unitatean lan egiteko adinean dauden pertsona guztiak ikasten ari direla egiaztatzen duen ziurtagiria.
Eskatzailearen edo haren kargura dauden pertsonen hileko diru-sarrerak justifikatzen dituen beste edozein dokumentu.
Aipatutako dokumentazioaz gain, laguntza kudeatzen duen organoak 5. artikuluan aipatzen den txostena eskatuko dio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari, salbu eta eskatzaileak berariaz aurka egiten badu. Kontsultari aurka egiteak esan nahi du eskatzaileak bere kabuz egin behar dituela Lanbideren txosten hori lortzeko izapide eta kudeaketa guztiak, eta laguntza kudeatzeko eskumena duen organoari aurkeztu behar dizkiola.
Eskabideak osatugabe aurkezten badira edo aurkeztu beharreko nahitaezko agiririk gabe, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean eskabidea zuzentzeko edo nahitaezkoak diren agiriak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, aldez aurretik ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera.
Halaber, eskumena duen organoak prozeduraren edozein unetan eskatu ahal die interesdunei behar dituen datuak eta agiriak emateko.
Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen zuzendaritzari dagokio laguntzak emateko prozedura kudeatzea, hura baita organo kudeatzailea.
Gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendariaren ebazpen espresu eta arrazoituaren bidez emango da eskatutako laguntza, eta, hala badagokio, ukatuko.
Laguntza ekonomikoaren eskaerak ordenan ebatziko dira, eskaera-espediente horiek osatuta dauden egunaren arabera.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Gehienez ere sei hilabete izango dira eskaera ebazteko eta eskatzaileari ebatzitakoa jakinarazteko, eskaera Erregistro Elektroniko Orokorrean jaso den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta interesdunei berariazko ebazpenik jakinarazi ez bazaie, ulertuko da laguntza emateko eskaera baietsi egin dela administrazio-isiltasunez.
Laguntza-eskaera ukatzen bada betekizunen bat ez betetzeagatik, berriz eskatu ahal izango da lehenengoz ukatzeko izan ziren inguruabarrak aldatzen badira.
Zenbatekoa berrikusteko eskabidea haurra jaio edo familia berrelkartu edo tutoretza berreskuratu edo, 8. artikuluaren 2. paragrafoaren kasuan, desgaitasuna onartu eta hiru hilabete igaro baino lehen aurkeztu behar da. Gainera, eskabide horrekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:
Eskatzailearen seme-alaben jaiotza-ziurtagiria, hala badagokio.
Familia-berrelkartze bidez seme-alabak eskatzailearen etxean elkartu direla egiaztatzen duen ziurtagiria, hala badagokio.
Legezko tutoretza egiaztatzen duen agiria, hala balegokio.
Biktimak edo aurreko kasuetan seme-alabaren batek desgaitasun bat badu, alegatutako desgaitasuna aitortzen duen ziurtagiri ofiziala.
Nolanahi ere, errolda-ziurtagiria edo bizikidetza-ziurtagiria.
Artikulu honetan arautzen ez diren prozedura-alderdiei dagokienez, dekretu honen 9., 11. eta 12. artikuluetan laguntza eskatzeko ezarritakoa beteko da.
Dekretu honetan araututako laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar du. Erregistratuta ez badago edo Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetara jo dezake alta emateko edo datuak aldatzeko:
Aurrez aurre: «Hirugarrenaren alta» eredu normalizatuaren araberako formularioa; hemen dago: https://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/adjuntos/ALTA.pdf
Bide elektronikoz: Hirugarrenen Alta Erregistroko inprimakia betez; hemen dago: https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-sede/eu/
Laguntza berehala ordainduko da, eskatzaileak adierazten duen banku-kontuan diru-sarrera bakarra eginez. Banku-kontu horren titularra eskatzaileak izan behar du, eta ez da inola ere ordainduko biktimarioarekin partekatutako banku-kontu batean.
Laguntza hori behin baino gehiagotan jaso ahal izango da, baldin eta biktimak biktimario desberdinek bereizirik eragindako indarkeria bereiziak jasan baditu eta egiaztatuta badaude, eta, betiere, laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen baditu.
Jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko dira, laguntza baldintzak bete gabe lortu bada edo laguntza ematea eragotziko luketen egitateak edo datuak faltsutu edo ezkutatu badira hura lortzeko, bai eta dekretu honetan arautako laguntzarekin bateraezina den beste laguntzaren bat jasotzen ari bada.
Era berean, onuraduna biktimarioarekin bizi dela edo harekin bikote-harremana duela jakinez gero ere itzuli egin beharko da jasotako laguntza.
Itzultzeko prozedura honi jarraituko zaio:
Gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendariak, ebazpen arrazoitu baten bidez, itzulketa-prozedura hastea erabakiko du eta zergatik hasi den adieraziko du; 15 egun balioduneko epea emango dio laguntzaren onuradunari egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik egin gabe bukatu ondoren, gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendariak bukatutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez.
Itzulketa-jardunbideari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, itzulketari ekiteko erabakia hartzen den egunetik zenbatzen hasita. Baldintzak betetzen ez badira, jarduketak iraungi eta artxibatu egingo dira.
Ebazpenean jasotzen bada laguntza jasotzeko betekizunen bat ez dela bete edo falta dela, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko du, eta dagokion zenbatekoa ebazpena jakinarazi eta gehienez ere 2 hilabeteko epean itzuli behar zaiola Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
Borondatez ordaintzeko epean itzulketarik egiten ez bada, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren ogasun eta finantzaren arloko eskumena duen Ogasun Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatuari jarraituz.
Laguntza horiek bateragarriak izango dira abenduaren 11ko 35/1995 Legeak Indarkeriazko delituen eta sexu askatasunaren aurkako delituen biktimak laguntzeko eta sorostekoak ezarritako edozein laguntzarekin, bai eta genero-indarkeriarengatik autonomia-erkidego batek edo toki-erakunde batek emandako beste edozein laguntza ekonomikorekin ere.
Diru-sarrerak bermatzeko beste prestazio ekonomiko batzuekin bateragarriak izango dira, hala nola diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin.
Eskatzaileak aurreko paragrafoetan adierazitako laguntzak jasotzen baditu, errenta edo diru-sarrera moduan zenbatuko dira, dekretu honen 4. artikuluan ezarri den errenta nahikoa ez edukitzeko betekizuna betetzen duen erabakitzeko.
Dekretu honetako xedapenen arabera aitortutako laguntza ekonomikoa bateragarria izango da Gizarte Segurantzaren kotizazio gabeko baliaezintasun- eta erretiro-pentsioekin, eta ez da, inola ere, errenta edo diru-sarrera konputagarritzat hartuko pentsio horiek jasotzearen ondorioetarako.
Laguntza hau bateraezina da honako hauetan aurreikusitako laguntzekin: behar ekonomiko bereziak eta enplegua aurkitzeko zailtasunak dituzten langabeak gizarteratzeko errenta aktiboa kobratzea eta 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena, 2/2024 Errege Lege Dekretuak emandako idazkeran (2/2024 Errege Lege Dekretua, maiatzaren 21ekoa, zeinaren bidez presako neurriak hartzen baitira langabezia-babesaren asistentzia-maila sinplifikatzeko eta hobetzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 20ko (EB) 2019/1158 Zuzentarauaren transposizioa osatzen baita, familia bizitza eta gurasoen eta zaintzaileen lanbide-bizitza bateragarri egiteari buruzkoa, eta Kontseiluaren 2010/18/EB Zuzentaraua indargabetzen).
Sexu-indarkeriaren biktimentzako laguntza ekonomikoak arautzen dituen uztailaren 9ko 664/2024 Errege Dekretuaren 8.2 artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean, eskatzaileak dekretu honetako laguntza ekonomikoa edo errege-dekretuko horretakoa aukeratu beharko du, biak elkarrekin bateraezinak baitira.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako laguntza ekonomikoa kudeatzerakoan biltzen diren datu pertsonalak arau hauen arabera tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra), eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzekoa.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik aurkeztutako eskabideak Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan xedatutakoa betez ebatziko dira. Agindu horren bidez, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko azaroaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan xedatutakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezarri zen.
Indargabetuta geratzen da Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Agindua, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena (1/2004 Legea, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Garapena.
Gizarte-zerbitzuen arloko eskumenak esleituta dituen saileko titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak onesteko.
Halaber, ahalmena ematen zaio aurkeztu beharreko dokumentazioa aldatzeko, dekretu honetan arautzen diren eskubideak aitortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatze aldera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. 185/2015 Dekretua, urriaren 6koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoa.
Aldatu egiten da dekretu horren I. eranskineko 3.1.2 fitxa, eta xedapen honen eranskinean ezarritako moduan idatzita geratuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko urtarrilaren 13an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Aldatzen du: 185/2015 DEKRETUA, urriaren 6koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoa.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2014ko urriaren 29koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duena (1/2004 Legea, genero-indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzkoa).