|
Estatutu-aroko Lehendabiziko Kontzertu Ekonomikoa onartu zeneko hogeita bosgarren urtemugak, gure herriko gaurko historian berebiziko garrantzia duen erakunde baten sendotzea adierazteaz gain, gure autogobernuko ezaugarri funtsezkoenetakotzat, bitxienetakotzat eta bakarrenetakotzat duen garrantzi bereziaren gainean gogoeta egitera ere gonbidatzen gaitu, bertako autogobernuko ezaugarri hau ezin baitaiteke beste edonora erraz esportatu. Izan ere, erakundea den aldetik hemendik aurrera zein etorkizun dagokion gogoeta egitera eramaten gaitu, hau da, etorkizunean zein betekizun izan behar duen.
Gaurko urteurren alaia hasteko orduan, gaur egun indarrean dagoen Kontzertuaren duela hiru urteko azken edizioaren hitzaurrean nik neuk egindako aipu bat gogorarazi gura dizuet: une hartan aipatu nuena errepikatu nahi dut, zeren Kontzertu Ekonomikoaren eta gure autogobernu-ereduaren artean dagoen harremanarekin uztartzen dela uste baitut. Hitzaurreko zati hark hala zioen:
Ondorioz, eskubide historikoak Euskal Herriko konstituzioa dira.
Edonola ere, hasieran esaten nuen bezala, aurrera begiratzeko unea dugu oraingoa. Kontzertuarekin burutu den alde bateko gestio arduratsuak oso betekizun garrantzitsua bete badu ere, bai euskal gizartearen bizitza-kalitatea, ongizatea eta garapen ekonomikoa garatzeko funtsezko tresnatzat bai gaur egun Euskadik Europako Batasuneko batez besteko errenta jadanik gainditua izateko oinarrizko faktoretzat, ez dezagun orain hori guztia behin eta berriz nabarmendu. Errealismo historikoari heldu behar zaio une honetan, instituzio honek gaur egun duen osasun-egoera diagnostikatu eta etorkizuneko bilakaera zein izango den asmatu.
Nire ustez, indarrean dagoen Kontzertu Ekonomikoa 2002ko otsailean sinatzeko orduan ere aipatuak izan ziren arren, etorkizuneko bidean aurre egin beharreko erronka nagusiak hiru dira: Lehenengo eta behin, Estatuan eta Europan instituzio gisa izan behar duen sendotzea. Bigarrenez, ziurtasun juridikoa bermatu beharra dago. Azkenik, bere konfigurazioa gure autogobernuaren etorkizuneko garapenera moldatu beharko du Kontzertuak, hots, gure Estatutuaren garapenera, eta, azken batean, etorkizunari begira euskaldunok Espainiako Estatutuarekin gauzatu nahi izango dugun harreman-esparru berrira.
Kontzertua defendatzeko lan honetan, Euskal Erakundeen zerga-ahalmena defendatzeko zeregin honetan azken finean, euskal Erakunde guztien adiera bakarreko jarduera eta adostasuna guztiz nahitaezkotzat jotzen dut nik; are gehiago, Erakundeez gain euskal indar politiko guztien adiera bakarreko jarduera eta adostasuna ere guztiz ezinbestekoa dela pentsatzen dut, zeren guztiok Kontzertua defendatzea erabaki genuen eta ildo horretatik denok batera jardun behar dugu. Kontzertuaren aurkako iritzi asko dago, eta gure adostasun ezak aurkako iritzi horien asmoak berotuko eta bizkortuko lituzke: ez dugu horrelakorik egin behar, ez horixe.
Azkenik, beste erronka politiko bati ere eutsi beharko diogu: Kontzertu Ekonomikoak alde batetik, eta gure autogobernuaren garapenak, gure Estatutuak, eta azken batean, etorkizunean Euskal Herriak Espainiako Estatuarekin izan nahi duen harreman-esparru berriak izango duten ibilbide politikoak beste aldetik, elkarrekin bat etorrita bidea egin beharko dute.
Beti pentsatu izan dut Estatutuak eta Kontzertuak elkarrekiko bizitza paraleloak dituztela. Estatutuan gertatutako aldaketek, adibidez, Kontzertuaren planteamendu berriak sortu behar dituzte.
Gure Autonomia Estatutu berria duela hogeita bost urte jaio zen, XXI. mendeko hasiera honekin batere zerikusirik ez zuen testuinguru politiko eta sozial batean. Sasoi hartan itxaropen handia jarri zuten esparru juridiko berrian, eskubide historikoen onarpenetik abiatu eta gure autogobernuaren oinarriak ezartzen zituen esparru juridikoan, alegia. Orduko autogobernuaren lehendabiziko gauzatzeetako bat, hain zuzen ere, Kontzertu Ekonomiko erregimena berriz ere jartzea izan zen.
Dena den, ondoko urteetako bilakaerak eta joan-etorriek sasoi hartako itxaropen anitz beste leku batean kokatu dituzte, autogobernu hasiberri haren garapena ez baita guztiz bukatu eta horrek autogobernua bera lermatu egin baitu. Gainera, Estatuko erakundeek beren ahalmen legegileak eta exekutiboak gauzatu dituztenean, eta Auzitegi Konstituzionalak Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko eskumenak zedarritzeko orduan egin duen interpretazioak, beste aldetik, autogobernua hustu egin dute.
|