2005 Oroitidazkia - Datuak Babesteko Euskal Bulegoa


4. Erakundeekiko Harremana eta Komunikazioa

2

4.4. Hitzarmenak

2005eko irailaren 28an DBEB eta Euskadiko Udalen Elkartea (EUDEL) erakundearen arteko elkarlanerako hitzarmen markoa sinatu zen, udal eremuan datu pertsonalak babesteari dagokionez, elkarlanerako markoa ezartzeko helburuz, aspektu hori funtsezkoa baita hiritarrarentzat. Hona dokumentuaren edukia, laburbildurik:

Betebeharrak

EUDEL

Prestakuntzako eta informazioko saioak koordinatu eta kudeatzea.
DBEBk ateratako dokumentazioaren hedakuntza erraztea
Erakunde honetako bazkide diren udalei etengabe arreta ezar dezaten eskatzea.
Euskal udalen kontsultak antolatu eta bideratzea.
Lanabes eta ereduzko agiriak eratzea.

DBEB

Informazioko saioak antolatzea.
Datu pertsonalen babesari buruzko jardunaldiak egitea.
Hurrengo alderdietan indarreko legeria bete dadin, aholkularitza ematea:

  • Datu-fitxategien sorrera, eraldaketa eta suntsipena
  • Segurtasun-neurriak betetzea
  • Zerbitzuak emateko kontratuak egitea
  • Eskubideen edukia eta egikaritzeko forma

Aplikatzeko era

Urtarrila baino lehenago, urteko eguneratze-plana eta honen aurrekontua egitea

Ariketa bakoitzean, dagokion aplikazioa

Laguntzaile- sarea

EUDEL eta DBEB erakundeek interesa agertzen duten udalei, datuak babestuko duen laguntzaile-sarea sortzea planteatuko diete, euskal udalen jarduera eta zerbitzuetan datu pertsonalak babesteko lanabesen diseinu eta erabilera erraztu eta optimizatzeko jomugaz.

Jarraipen Batzordea

Erakunde horietako kideek osatutakoa

Indarraldia

Sinatzean sartuko da indarrean eta ez du muga jakinik izango

Era berean, 2006. urtean dagozkien erakunde edota enpresekin sinatzeko zain geratu ziren hainbat hitzarmen ere negoziatu ziren:

  • Euskal Herriko Unibertsitatearekin
  • Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa, IZENPE,S.A.
  • Comisión de Libertades e Informática (CLI).
  • Sociedad Española de Informática de la Salud (SEIS).

4.5. Nazioarteko eta Europako akreditazioa eta nazioarte mailako foroetan esku hartzea

Bidezko tramiteak burututa eta Datuen Babesaren Komisarioen Nazioarteko Konferentziaren (Conférence Internationale des Commissaires à la Protection des Données Comité de Vérification / International Conference of Data Protection Commissioners Credentials Committee) aurrean eta Datuen Babes Kontuetako Agintarien Europar Konferentziaren aurrean (Conference of European Data Protection Authorities) DBEB kontrol-agintaritza gisa onartua izan zedin eskatuta, behar bezala akreditatua eta Konferentzia horien baitan onartua gertatu zen.

Bulegoak parte hartu zuen bi Konferentzien urteko ohiko saioetan gauzatu zen akreditazioa:

Pribatutasuna eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Nazioarteko Konferentzia (Nazioarteko XXVII Konferentzia), irailaren 14tik 16ra Suitzako Montreux-en egin zena, lelo honekin: Mundu globalizatuan eta aniztasuna aintzat harturik, datu pertsonalak eta bizitza pribatua babesteko eskubide unibertsala. Era berean, hurrengo alderdiak ere azpimarra daitezke:

  • Datuen babesaren alorreko 150 ordezkarik esku hartu izana. Lehen saioetan, alor pribatuko beste horrenbeste ordezkari gehitu zitzaizkien.
  • Hurrengo gaiak sakon aztertu ziren:
    • Datuen Babesa eta Segurtasuna (telekomunikazioetako datuen erregistroa, hainbat agintari nazionalen arteko informazio-trukea egiteko neurriak).
    • Teknologia berrien gorakada aurrera doala eta, datuak babestearen printzipioak duen gaurkotasuna (hirugarren belaunaldiko arauak eratzeko premia).
    • Datuen babeskuntza alorreko babes juridikoa ezartzeko premia (lanabes unibertsalaren premia, kontu hauetan nazioarte mailako araua xedatzeko premia).

Krakovian (Polonia) apirilaren 25 eta 26an egin den Datuen Babeserako Europar Agintarien Udaberriko Konferentzian, onetsi zenetik hamar urte igaro diren honetan, 95/46/CE Arteztarauaren indarraldia aztertu zen eta, bestetik, Europar Batasuneko estatuen artean barne-arazo, segurtasun eta justizia alorretako informazioa (hirugarren zutabea) partekatze kontuetan sakondu ahala, datu pertsonalak prozesatzeko arauetan batasuna eta koherentzia mantentzeari dagokion Krakoviako Adierazpena onetsi zen.

DBEB erakundeak, beste aldetik, Montrealen (Kanada) urriaren 17 eta 18an, bertako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Herri Zuzenbidearen Zentroak antolatu zuen Séminaire hispano-canadien de Protection des données personnelles et administration électronique izenekoan parte hartu zuen; mintegian Espainiako Bulegoen hainbat ordezkarik ez ezik, Kanadako Datuen Babeserako Komisario Federalak eta unibertsitate alorretako zein administrazio publikoetako beste zenbait ordezkarik ere parte hartu zuten.

4.6. Datu-babes kontuetan, mintegien eta bestelako jardueren antolakuntza

4.6.1. Estatuko datuak babeste kontuetako Kontrol-agintaritzen Konferentzia

Abenduaren 12an DBEBren egoitza berrian Estatu espainiarreko Datu-Babeskuntzan diharduten Bulego guztien arteko lan-saioa egin zen.

Marko horretan Bulegoetako zuzendariek Kontrol-agintaritzen urteko bilera instituzionalizatzearen egokitasuna aztertu zuten; jarduera horren helburuak, Datuen Babesean diharduten bulego guztien artean elkarlanean aritzea eta irizpideak koordinatzea lirateke.

José Luis Piñar Mañas Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren zuzendariak, Antonio Troncoso Reigada Datuak Babesteko Madrilgo Bulegoko zuzendariak, Esther Mitjans i Perelló Datuak Babesteko Kataluniako Bulegoko zuzendariak eta Iñaki Vicuña de Nicolás Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, lau bulegoetako SIDIR-eko (erregistroen arteko informazio-trukerako sistema) aholkulari juridiko eta arduradunekin batera, Gasteizen lan-jardunaldia izan zuten.

Saioan honako kontuak jorratu ziren:

  • Zuzendari taldea
    • Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa garatzeko Araudiaren zirriborroaren azterketa
  • Aholkulari Juridikoen taldea
    • Udal Errolda
    • Profesionalen elkargoetan fitxategi publiko eta pribatuak mugatzea
  • SIDIR taldea
    • Erregistroa soiltzea, aztergai
    • SIDIR arkitektura
    • On-line artxiboen kudeaketa, egiaztagiri digital eta guzti

4.6.2. Alkate eta Zinegotzientzako Datu Babesari buruzko I. Jardunaldia

Irailaren 28an Bilboko Erakustazoka zaharreko Altube Aretoan, Alkate eta Zinegotziei zuzenduriko Batu Babesari buruzko I. Jardunaldia egin zen, DBEBk antolatuta, EUDEL eta HAEEren laguntzarekin.

Bertan hurrengo hizlariek hartu zuten esku:

  • Karmelo Sainz de la Maza Arola Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) lehendakariak.
  • Iñaki Vicuña de Nicolás DBEBren zuzendariak; honek, Tokiko korporazioak eta datuen babesa gaia jorratu zuen, DBEBren ikuspegitik.
  • Daniel Inneraty Zaragozako Unibertsitateko Filosofiako irakasle titularra eta Literaturako Sari Nazionala 2003 (saiakera-modalitatea) irabazi zuenak Botere Kooperatiboa. Gobernu-forma berriak udal-administrazioetan gaia aztertu zuen.
  • Bilbo (Ibon Areso), Gasteiz (Alfredo Iturritxa) eta Donostiako (Kepa Korta) udalerrietako ordezkariek, HAEEko zuzendari den Jon Koldobika Urrutia Mingok koordinaturik, Datu pertsonalen babesa eta horren eragina jarduera politikoan. Aginte-kabinatiko ikusmoldea gaiari buruzko mahai-inguruan esku hartu zuten.
  • Jardunaldiei amaiera eman zien Basauriko alkate eta DBEBko Kontseilu Aholku-emailean udalen ordezkari den Rafael Ibarguen Gonzálezek.

Jardunaldian parte hartu zuten 90 kideei Autonomia Erkidegoan datu pertsonalen babesari buruzko dokumentazioa eman zitzaien.

4.6.3. Osasunari buruzko Datuen Babesaz II. Foroa

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, DBEB eta Osasunerako Informatikaren Elkarte Espainiarrak (SEIS) antolaturik, Bilbon 2005eko otsailaren 16 eta 17an garatu zen.

Elkarte horren sorrera-helburua, osasun sektorean informazio eta komunikazioen teknologien garapen eta ezarpena lagunduko duten egintzak gauzatzea da; horretarako, osasun alorrean teknologia garatzeko interesgarritzat jotzen dituen jarduerak datuen babesa, besteak beste bultzatuko ditu.

Foroaren jomuga, osasun zentroetako profesionalengan (gerenteak, zuzendaritza alorreko langileak, sendagileak, informatikariak, informazio sistemen erantzuleak eta gainerakoak) berez daukaten eta gainera onartu behar duten arduran, segurtasunari dagokionean (osasunari buruzko datuen konfidentzialtasun eta osotasunean) batik bat, sentsibilizazioa eta kontzientzia harraraztea izan zen.

2