Errioxatik Arabako Lautadara: Kontrasteen lurraldea

Vitoria-Gasteiz

Nueva katedrala

Gasteizko hiribildua 1181. urtean sortu zuen Nafarroako Antso Jakituna erregeak eta Erdi Aroko hirigintzaren adibidea da, kale estuekin, lursail-banaketa gotikoarekin eta alportxa-etxeekin. Hiriaren kokapen estrategiko bikainagatik, erregeak gazteluak eta gotorleku-elizak eraikitzeko eta harresi garai eta sendoez babestutako barrutia osatzeko agindua eman zuen.

Gasteiz, muino baten gainean kokatuta, Lautadaren erdian, azkar bilakatu zen interes handiko merkataritzagune eta penintsula barruaren eta Nafarroako eta Frantziako mugen arteko funtsezko komunikaziogune ere. Hirigune historikoaren barruan nabarmen bereizten dira Erdi Aroko trazadura eta XVIII. mendeko zabalgune neoklasikoa. Erdi Aroko hiribilduak jatorrizko trazaduraren aztarna gordetzen du. XIII. mendean, merkataritzaren gorakadaren ondorioz sortutako hazkundearen eraginez, zabalgune bana garatu zen muinoaren bi hegaletan, eta horrela sortu zen Villa Suso izenaz ezaguna den gotorlekuaren inguruko gremio-kaleen (Karrozeria, Zapatari, Errementari, Aiztogile, Pintore, Judutegi) hesia.

Lursail-banaketak eta eraikuntza-tipologiak eraldaketa handiak izan dituzte, batez ere goialdean -Villasuso-. Bertan, garrantzi historiko-artistiko handiko eraikinak daude, hala nola, Santa Maria katedrala, XII. eta XIV. mendeen artean eraikitakoa gotorlekuen antzinako arrastoen gainean; San Bizente eliza, hegoaldean, antzinako horma-kubo baten gainean; San Migel eliza, XIV. mendetik aurrera eraikitakoa, antzinako judu-ermita zegoen lekuan; Montehermoso, Eskoriaza-Eskibel eta Villasuso jauregi errenazentistak, Gonzalez Txabarri antzinako jauregia eta Etxanobe etxea.

Galeria fotografikoa: