Hautaketa prozesuetan parte hartu nahi baduzu eskabidea Interneten bitartez egin dezakezu dagokion eredua betez. Eredua IVAPeko web orrian duzu.
Eskabidea beren-berengi egokituko diren tokietan ere egin daiteke. Tokiok honako hauek izango dira:
- Gasteizen: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea; Donostia kalea 1 (Lakua); PK: 01010.
- Bilbon: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea: Errekalde Zumarkalea 18; PK: 48009
- Donostian: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea: Bartolome Deuna 28. PK: 20007
- Oñatin: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea: Unibertsitate Zaharra. C.P.: 20560
----------------------------------------------------------------------------------------
- Noiz aurkeztu behar dut hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea?
Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea eta tasaren ordainketa oinarriek horretarako jarritako epearen barruan aurkeztu behar duzu. Epetik kanpo aurkezten diren eskabideak, ezin izango dira onartu, nahiz eta atzerapena txikia izan.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Hautaketa-prozesuan parte hartzeko onartutakoen zerrendan agertzen ez bada nire izena, zer egin dezaket?
Zure eskabideko datuak grabatzean akatsen bat egin dela uste baduzu: erreklamazioa egin idatziz, eta, idazkian, akatsa zuzentzeko eskatu. Zure eskabideak bete beharreko baldintzak betetzen ez bazituen, zuzendu akatsa. Horretarako 10 egun balioduneko epea izango duzu.
Akatsa zuzen daiteke, baldin eta okerra eskabidean badago. Nolanahi ere, hori egin ahal izateko, argi egon behar du interesatuak prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenago.
----------------------------------------------------------------------------------------
- ¿Zein dira tasak ordaintzeko moduak?
Tasak ordaintzeko bi modu daude:
4.1.- Eskabidea, oinarrietan adierazten diren bulego administratiboetan aurkezten baduzu, eskabidearen inprimakiarekin, honako banketxeetako sukurtsal batera joan beharko zara: BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa), Caja Vital Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Caja Laboral-Euskadiko Kutxa, BBVA (Banco Bilbao Bizkaia Argentaria), La Caixa (Caja de Ahorros y Pensiones de Barcelona), Bankoa, Banco Guipuzcoano.
4.2.- Eskabidea Internet bidez aurkezten baduzu, tasa ordaintzeko bi modu daude:
- OFF-LINE ordainketa: aipatutako banketxeetako edozein sukurtsalera jo eta sistemak emandako inprimakia aurkeztu.
- ON-LINE ordainketa: banketxe hauetako banka elektronikoko bezero izanez gero, sistemaren bitartez egin daiteke ordainketa.
Tasak ez badituzu ordaintzen, eskabidea aurkezteko epearen barruan, kanpo geratuko zara, ez baituzu bete hautaketa-prozesuan onartua izateko baldintza.
Aurrekoa horrela bada ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaizu akatsa zuzentzeko.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Hautaketa-prozesutik kanpo gelditzen banaiz, tasetako dirua itzuliko didate?
LEP honetan ordaintzen den tasa "Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomiadunetako langileak aukeratzeko deialdietan izena emateagatik" ordaindu beharreko tasa da. (1/2007 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, irailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena)
Tasaren zioa —ematen den zerbitzu publikoa— "eskabidea jaso eta aztertzea" da, eta hori betetzen da nahiz eta zu prozesutik kanpo gelditu, administrazioak zu kanpoan geratu izana zure eskaera jaso eta aztertu ondoren egiten duelako.
Beraz, tasa honen sorburu diren ekintza guztiak burutu dira, zure ondorengo egoera prozesuan edozein izanda ere. Horrenbestez, ezin duzu ordaindutako dirua berreskuratu.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Zer dira, bada, hizkuntza-eskakizunak?Zer esan nahi dute?
Hizkuntza-eskakizunen esanahiari eta edukiari buruzko informazioa aurki dezakezu IVAPeko web orrian bertan, HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEN ESANAHIA izeneko atalburuan.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko berariaz egindako azterketak gainditzeaz gain, ba al dago beste modurik hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko? Ba al dago hizkuntza-eskakizunen titulu edo ziurtagiri baliokiderik?
Hizkuntza-eskakizunen baliokideen zerrenda zein den jakin nahi baduzu, jo zaitez IVAPeko web orrialdeko IVAP-EK EMATEN DITUEN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNEN BALIOKIDEAK DIREN TITULU ETA ZIURTAGIRIAK atalera.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Hizkuntza-eskakizunen baten titulu edo ziurtagiri baliokideren bat baldin badut, noiz arte aurkez dezaket hautaketa-prozesuan kontuan har diezadaten?
Daukazun titulu edo ziurtagiriaren arabera, alegatzeko eta egiaztatzeko arauak desberdinak izango dira. Hori dena, deialdiaren oinarrietan azalduta aurkituko duzu.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Nolakoak dira euskara-probak?
Helburua hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea edo euskararen ezagutza hizkuntza-eskakizunen mailen arabera merezimendua gisa neurtzea da; beraz, ulermenari eta adierazpenari dagozkien hizkuntza-trebetasun idatzizkoak eta ahozkoak neurtuko dituzte euskara-probek. Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko hizkuntza-eskakizun bakoitzari dagokion azterketako hizkuntza-trebetasun guztietako atalak gainditu beharko dira.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Zer eraman behar dut azterketara?
Azterketak egitea ahalbideratzen dituzten identifikazio agiriak dira: NAN, pasaportea edo gidabaimena.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Noiz aurkeztu behar ditut hautaketa-prozesuan balioestea nahi ditudan merezimenduen frogagiriak?
Hautaketa-prozesuan berariazko epea zabaltzen denean.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Noiz entregatu behar dut prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen ditudala frogatzen duen dokumentazioa?
Eskabidearekin batera ez duzu inolako dokumentaziorik aurkeztu behar. Aurkezteko baldintzak betetzen dituzula adierazi baino ez duzu egin behar; frogatu gabe.
Prozesu osoa gainditu eta gero, 20 egun naturaleko epea irekiko da agiri guztiak aurkezteko. Ondorioz epearen barruan aurkezten ez duenak galdu egingo ditu bere eskubide guztiak.
----------------------------------------------------------------------------------------
- Hautaketa-prozesua gaindituta eta Estatu osorako gaikuntza duten toki administrazioko funtzionario izatea lortuz gero, zer egin behar dut lanpostu zehatz bat lortzeko?
Parte hartu beharko duzu urteroko lehiaketen deialdietan. Lehiaketa horiek, Lurralde Historikoen aldizkari ofizialetan argitaratzen dira gure Autonomia Erkidegoko lanpostuak direnean.
|