2004ko Gure Artea Sariak
Euskal Teknika
Peio Agirre
Aurrekoa - Orrialde 7 . Guztira 7
Testu osoa (pdf,181,28 kB)
IV
Hemen azaldutakoa laburtzeko, agian komenigarria litzateke Utopia kontzeptua berreskuratzea duen beste esanahian, hau da, duen ikuspegi idealista horri kontrajarritako forman, eta kategoria negatibo bezala ikusi [eskuarki "modernismoaren amets txarra" bezala deskribatuko genukeena].
Gaur egun adibide ugari dago sistema neo-liberal globalak duen beharraz; eskualde txikiek hedatutako gogo bero dosi handiak behar ditu eta horiei begiratzen die, izan ere, badaki gogo bero horrek kapitala sortuko duelako. Eta eskualde horiek Nancy Fraserek aipaturiko borroka horietan buru-belarri sartuta daude, onarmenaren aldeko borroketan alegia. Baian gogo beroa ahultasunaren zeinu bezala ikustea baikortasun ariketa da berez.
Inoiz baino behar handiagoa dago tresna bereizleak izateko, baita identitate kolektiboak eta komunitateak sortzean erabili diren bitartekoen eta prozesuen berezitasuna azpimarratuko duten teknika metodologikoak izateko ere, hartu ditugun aurreiritzi zurrunduak berritzeko tresnak aurki ditzagun artera eta kulturara joaz.
Antzinako eta zorionez ahaztutako eztabaida batek, erabilitako teknika artistikoari buruzkoak, hain zuen, [Gure Arteako ardatz nagusia 1996ra arte] esanahi sinbolikoa eta metaforikoa izan dezake hemen.
Errusiar formalistek teknikaren nozio konbentzionala bere konklusio logikora eraman zuten. Aristotelesek edo Greziako tradizioan teknikaren kontzeptu hori arte lanetik kanpo eraman izan zuten beti, "amaierara" edo egina izan zen helburura, bere eraginera, psikologiara edo antropologiara edo etikara.
Formalistek eredu hori itzuli egin zuten eta teknika ororen nahia arte lana bera egitea zela ikusi zuten. Lanaren esanahia, duen eragina, duen mundu ikuskera, teknika bihurtu zen formalistekin: material gordinak lan jakin horri izatera iristen uzteko daudenak hor. Lehentasunak itzultzearen bidez, lan bera ere alderantziz jartzen da, orain ekoizlearen ikuspegitik ikusten bai da kontsumitzailearenetik baino.
Formalismo horietan [Konstruktibismoa edo Suprematismoa, esaterako] teknikaren gaiak, funtzionalismo bezala hartuta, arte guztiak bat egiten zituen eta gizartearen zerbitzura jartzen. Aldi berean, teknikak modernoaren kritika eta isla bezala funtzionatzen zuen, baina baita mitoaren kritika bezala ere, Adornok eta Horkheimerek iradoki zuten bezala Dialéctica de la Ilustración ospetsuan.
Euskal Herrian gaur egun egiten den artearen kasuan, aniztasun politikora irekia eta diskurtso anitzez osatua, modernitatea versus nazionalismoa debatean mitoa kritikatzearen gaia litzateke alderdirik sendo eta konplexuenetakoa. Teknizismoaren eta esoterismoaren arteko tentsioak ere ate bat irekiko lioke abangoardia proiektuari mugimendu bikoitz legez: etorkizunean aurreratutako zeinu unibertsal objektiboak dituen komunikazio ingeniaritza eta, aldi berean, iragan mistiko bateko oinarrizko formetara eta diseinuko irudietara itzuli.
Techné batek ez gaitu egiteko modu batera bakarrik igortzen, ezta praktika zientifikoan pilatutako esperientziara bakarrik ere, baizik eta baita teknologia batera ere [hitzaren zentzu foucaultarrean], non subjektuek euren buruak egiten baitituzte botere sistemaren bidez eta horren barruan, eta non teknika horiei esker hartzen duten auto-kontzientzia delaeta, euren jokaerak, pentsamenduak, gorputzak eta ekintzak arautzen baitituzte. Teknologia horiek [Ni-arenak] jendeak [artistek?] erabiltzen dituen metodoak dira; besteek eta eurek beraiek "norbera" bezala nola hautemango dituzten kezka dutenek erabiltzen dituztenak, hain zuen. Agian aldatze horretan aldatu ahal izango dugu erregistroz eta euskal teknikaz hitz egiten hasi euskal artearen ordez