13. EUskaLkiEn ORaiNA EtA GeRoa
Euskara batua leku ofizialetan zabaltzean, hau da, irakaskuntzan, hedabideetan eta administrazioan, euskalkiak ahozko eremuetara lerratu dira kasu askotan. Etxeko, herriko mailan gorde dira, baina idatzian askoz gutxiago.
Hizkera mota bakoitzak bere lekua hartu behar du eta horretan ere bilakaera gertatu dela argi ikusten da. Euskara batua sortzeko irizpideak landu eta erabakiak hartu ondoren, 1960-70 bitartean, batuaren aldekoak eta euskalkien aldekoak elkarren kontrakoak ziren aldi berean. Jarrerak nahiko muturrera heldu zirela esan daiteke. Denborarekin gauzak baretzen eta bakoitzak bere lekua daukala aitortzen hasi ziren. Batasunerako emandako arauak eta hartutako erabakiak ondoen beteta ere, herri-hizkeren bizitasuna eta adierazkortasuna behar-beharrezkoak dira hizkuntzaren lehenengo helburua betetzeko, komunikazioa.

1990eko hamarkadan, XX. mendearen amaieran hasita, hizkera bakoitzari lekua egiteko jarrerak gero eta ugariagoak izan dira. Eskola giroan lekuan lekuko hizkerari aitorpena ematen zaio. Herri edo eskualde mailako aldizkariak hedatu diren neurrian, toki euskaldun askotan hartzaileen hizkuntza-ohituretara egokitu dituzte argitalpenen ereduak.
Irizpide oso ezberdinak erabili izan dira jarraibideok erabakitzeko, ez beti egokienak, baina agerian dago tokian tokikoari balioa eman eta betiko euskaldunen eredua eredu jaso edo landuarekin lotzeko premiari erantzun nahi izan zaiola.


Gauza bera esan daiteke euskararen erabilera hain sendoa ez den herrietan ere. Inguruetako eskualde euskaldunen ereduetara hurbiltzeko ahalegina, euskaldun berri-euskaldun zaharren, ikasi gabe-ikasien arteko zuloa eragozteko.
Euskaltzaindiak ere zerbait esan beharra izan zuen, ez bakarrik euskara batua zer den, baita euskara batuaren esparrua zein den ere, egoera eta testuinguru bakoitzak erregistro eta eredu bat eskatzen duelako. Hor dago hizkuntzaren bizitasuna eta adierazgarritasuna. 2004an adierazpen bat kaleratu zuen Euskaltzaindiak euskalkien alde, maila bateko zabalkundea duten esparruetan herri-hizkerak erabiltzea eta euskara batua bera elkarren osagarri direla adieraziz.
Batasunaren goraldian oinarriak finkatzen jarri zenean indarra, eredua zabaltzea eta euskara bera erabileraesparru berrietara egokitzea zen lehentasunezkoa. Baina azken urteotako kezka erabilera da, ikasitakoa eguneroko bizimodura ekartzea. Orduan, herri-hizkerak, lehenagokoen lekukotasunak, hiztun onen ereduak bihurtu dira iturririk aberatsena erabilerarako dauden hutsuneak betetzeko.
Hau dena transmisioari lotuta dago. Asko aurreratu da euskarari prestigioa ematen, euskara lantzeko bitartekoak lantzen, eta euskarazko produktuak sortzen. Baina gure gizartean gero eta informazio gehiago daukagu eskura, mundua txikitu egin da, komunikabideak arindu eta teknologia berriak etxeratu egin dira. Beraz, harremanak, interesguneak eta bitartekoak asko aldatu dira gizartearen barruan. Horregatik, euskarak beste hizkuntzen artean bere lekua egin behar duen moduan, euskararen barruan hizkera bakoitzak non, norekin eta zertarako balio duen erabilerak berak finkatuko du.
Hizkuntzaren barruan halako ugaritasuna badago eta eztabaidarako gai bada, hizkuntza hori bizirik dagoelako gertatzen da. Eta bizia inoiz ez dago geldi, etengabe bilakatzen ari da, aldatzen.