Odol-ematea

Galdera ohikoenak

Zergatik eman behar da odola?
Aurrerakuntza zientifiko eta teknologiko handiak egin diren arren, giza odola ezin daitekeelako sortu era artifizialean; beraz, ezinbestekoa da gizakiaren eskuzabaltasuna, geure organismoa baita odola sortu eta horni dezakeen bakarra.

Nork behar du odola?
Odol emaile boluntarioei esker, egunero salbatzen dira bizitzak eta hobeto bizitzen laguntzen zaie milaka gaixori. Emaileok doan ematen dugun odolak erabilpen ugari ditu medikuntzan: interbentzio kirurgiko konplexuetan; organo transplanteetan, odol kantitate handia behar izaten duten interbentzioak izaten baitira; gaixo hemofilikoetan, eurek ez daukaten koagulazio faktorea behar dutelako; beste gaixo hematologiko batzuetan edota leuzemia jasaten duten gaixo batzuetan, periodikotasunez odol osasuntsua sartu behar zaienak euren odol defizitario eta gaixoa ordezkatzeko, bizirik irauteko daukaten aukera bakarra; minbizia daukaten eta transfusioak behar dituzten gaixoak, istripuen ondoriozko hemorragiak jasan dituztenak, anemia daukaten pertsonak, etab.

Mingarria al da ziztada?
EZ. Oso ongi biselaturiko orratzak erabiltzen dira; horregatik mina odol analisiak egiterakoan jasaten dena baino askoz ere arinagoa izaten da.

Zenbat denbora irauten du dohaintzak?
Dohaintza motaren eta ziztatzen den zainaren kalibrearen arabera izaten da hori. Batez beste, odol emate konbentzional batek 5-10 minutu iraun ditzake, plasma dohaintzak 40-60 minutu, eta anitz osagaitako aferesi batek 60-80 minutu.

Ordaintzen al da odola emateagatik?
EZ. Odol emate saritua (ordaindua) debekaturik dago, zeren eragin lezake emaileak bere osasunari buruzko daturen batzuk, hartzailearentzat arriskutsuak gerta litezkeenak, ezkutuan gordetzea. Noizik behin emaileei oparitxoren bat egiten zaie dohaintza sustatzeko: egutegi, "pin", giltzatako, karta sorta eta horrelakoak. Odol emate kopuru altu batera iritsi diren emaileei ohorezko intsignia bat eman ohi zaie.

Zein talde da onena odola emateko?
Odol talde guztiak dira beharrezkoak eta oso onak. Egia da 0 - taldeko emailea, "emaile unibertsala" ere deitua, bereziki interesgarria gertatzen dela, larrialdi kasu batean bere odola edozein pertsonari transfunditu dakiokeelako.

Gauza txarren bat gerta lekidake odola emateagatik?
EZ. Elkarkonektaturiko poltsa sistema eta erabiltzen den gainerako material guztia erabilpen bakarrekoa da; beraz, EZ DAGO INOLAKO ARRISKURIK GAIXOTASUN INFEKZIOSO LARRIRIK KUTSATZEKO (hies, hepatitis, edo antzekoak). Ematen den 450 cm3 odola organismoak egun gutxitan birsortzen du inolako arazorik gabe. Ohitua ez dagoen emaileak, inoiz, jasan lezake ondoezaldi pasakor bat eta, oso gutxitan bada ere, litekeena da hematoma txiki bat agertzea besoan, baina hori ere laster desagertzen da.

Ona al da osasunerako odola ematea?
Bai. Ekintza hain sinple honekin giza bizitzak salbatzen direla jakiteak ematen duen gogobetetasunaz gainera, dohaintza bakoitzarekin egiten den azterketa medikoan detekta daitezke zenbait osasun arazo (hipertentsio arteriala, anemiak, arritmiak, gibeleko gaixotasunak edo infekziosoak), ezagutzen ez zirenak, sintomarik aurkezten ez zutelako, eta garaiz harrapatuta, oso erraz senda daitezkeenak.

Zenbatean behin eman daiteke odola?
Bi emanaldiren artean igaro behar duen gutxieneko tartea bi hilabetekoa da. Halere, legeak ezartzen du urtebetean egin daitezkeen emanaldiak gehienez ere 4 izan daitezkeela gizonezkoentzat eta 3 emakumeentzat.

Zergatik emakumeak eman dezake gizonezkoak baino gutxiagotan?
Emakumeak hilekoa daukanean odola galtzen duelako, hain zuzen, urtean zehar emanaldi bateko odolaren baliokidea, gutxi gorabehera.

Eman daiteke odola "hilekoa" edukita?
Bai. Gorputzaldi txarra eduki ezean behintzat, ez dago inolako eragozpenik odola emateko.

Eman dezaket odola hepatitisa izan badut?
Bai, inolako eragozpenik gabe hepatitisa 11 urte bete baino lehen izan bazenuen. Dena dela, Transfusioko Euskal Zentroko medikuarekin kontsultatzea duzu onena; berak aztertuko du zure kasu partikularra eta esango dizu zein den jokabide egokiena.

Eman dezaket odola atzerrian ibilia banaiz?
Atzerrian zein herrialdetan eta noiz ibili zaren jakin beharko da. Lurralde jakin batzuetan arrisku endemikoa dago odola emateko ezgai bihurtzen duten gaixotasun infekzioso batzuk harrapatzeko, adibidez, Paludismoa edo Chagas-eko Gaixotasuna. Kasu horietan "koarentena" aldi bat egin beharra dago. Lurralde hauen zerrenda oso luzea denez, atzerrian ibili berria bazara, TGEEZeko pertsonal sanitarioari galdetzea duzu onena.

Odola eman dezaket "piercing" edo tatuajeren bat egin badut?
Material ez esterilaz gauzaturiko tatuajeak eta larruazal zein mukosen zulatzeak (belarritakoak, "piercing", depilazio elektrikoa, etab.) egin ondorengo lau hilabeteetan ez dago odola ematerik.

Odola eman dezaket medikamentu edo produktu homeopatikoren bat hartzen ari banaiz?
Bai, kasu gehienetan. Oso gutxi dira odola emateko kontraindikazioa duten produktuak. Beste batzuetan gaixotasuna bera izaten da eta ez tratamendua odol emaitzarik ez egitea gomendatzen duena. Dena dela, pertsonal sanitarioari galdetzea duzu seguruena; eurek argituko dizkizute zalantzak.

Odola emateko baraurik egon behar al da?
Ez. Alderantziz, gosalduta etortzea gomendatzen da eta, batez ere eguraldi beroa bada, likido asko hartzea gomendatzen da odola eman aurretik eta ondoren.

Zergatik ez da eman behar bazkalondoan?
Digestioa egin bitartean odolak aparatu digestibora joateko joera duelako eta horregatik arrisku handiagoa dagoelako kontrako efektuak jasateko (ondoezak).

Zer analisi egiten dira odola emateko?
Odol emate konbentzionalaren aurretik "kobre sulfatoaren proba" egiten da anemiarik edo globulu gorrien eskasiarik ez dagoela ziurtatzeko. Gero, emandako unitate guztietan honako proba hauek egiten dira: odol taldearen zehaztapena, eta antigorputz irregularren proba, HIES-aren proba (anti-GIB antigorputza eta GIB-aren PCR), B hepatitisaren markadoreak (HBs Ag) eta C hepatitisarenak (Ac anti-GIB antigorputza eta GIB-aren PCR), RPR sifilisa detektatzeko proba, eta transaminasen (GPT) determinazioa, gaixotasun hepatikoaren adierazle espezifikatu gabeko gisa.

Jakinarazten al zaio emaileari bere odolean egiten diren analisietan anomaliaren bat detektatzen bada?
Bai. Arazoren bat aurkituz gero, emailearekin harremanetan jartzen gara eta, erabateko diskrezioaz, aurkitu denaren berri ematen zaio eta beste berrespen analisi bat egiten da emaitza egiaztatzeko. Gehienetan "gezurrezko alarmak" izaten dira, baina benetan gauza larriren bat aurkitu bada, emailea jakinaren gainean jartzen dugu eta zer urrats eman behar dituen adierazten diogu.

Zergatik hainbeste galdera, gero odol unitate guztiak analizatzen badira?
Egiten diren analisiak oso fidagarriak diren arren, gaixotasun infekzioso batzuek, hasierako analisietan emaitza negatiboak izaten dituzte, nahiz eta gaixotasuna hor egon eta odolaren bidez kutsagarria izan. "Aldi leihoa" deritzona da, alegia, gaixotasuna kutsatu denetik organismoak gaixotasun hori eragiten duten agenteen aurkako antigorputzak, laborategian detektatzen direnak, sortu bitartean igarotzen den denbora. "Aldi Leihoa" saihesteko era bakarra odolik ez ematea da aipatu gaixotasunen kutsapen hipotetiko bateko jarduera arriskutsuren bat izan ondoren. Horregatik da hain garrantzitsua emaileak zintzotasunez erantzutea odola eman aurretik egiten dizkioten galderak.

Zer da hobe ematea, odola ala plasma?
Egunero behar izaten dira odol eta plasma emaileak. Kontua ematea da! Baina denbora gehixeago edukiz gero, plasma dohaintzak emanaldi bakoitzean plasma kantitate handiagoa lortzea ahalbidetzen du, eta horrek abantaila handiak suposatzen ditu gaixoarentzat. Bestalde, hemoglobina eskasia badaukazu (ohikoa emakumeengan) ezin dezakezu odolik eman, plasma ordea, bai (ez dira hartzen globulu gorriak). A edo AB taldeetakoa bazara ere bereziki interesgarria da plasma eman dezazun.

Zergatik egin plasma eta/edo plaketen emaile?
Plasma dohaintza batean lortzen den plasma kantitatea (600 ml) hiru bider handiagoa izaten delako odol dohaintza konbentzional batean lortzen dena baino (200 ml), eta sei bider handiagoa plaketei dagokienez, eta hori organismoarentzako inolako efektu negatiborik gabe, oso denbora gutxian berreskuratzen baititu. Hau oso garrantzitsua da odolaren osagai horiek hartzen dituenarentzat, bolumen bat beraren transfusiorako emaile gutxiago behar direlako. Horrela, transfusioaren segurtasuna areagotu egiten da gaixotasun infekziosoak kutsatzeko arriskua eta errefus arazoak murrizten direlako.

Txandaka daitezke odol eta plasma emateak?
Bai, txandaka daitezke odol eta plasma emateak, medikuak kontrakorik esaten ez badu. Gure emaileetako batzuek halaxe egiten dute, urtean 2-3 bider odola emanez eta 4-6 bider, plasma.

Utz dakioke odola emateari nahi denean?
Bai. Odola ematea borondatezko gauza da eta inor ezin daiteke inolaz ere behartu bere nahiaren aurka odola ematen jarraitzera.

Segurua al da odol transfusioa?
Bai, gaur egun transfusio terapia erabat segurua da dohaintza-transfusio prozesu guztian hartzen diren arreta neurriei esker. Dena dela ere, beti egongo da hondar arrisku minimo bat, praktikan "zero arriskua" ezinezkoa delako.

Azken eguneratzea: 2018/05/16