Amezketatik edo Zaldibitik baldin ba goaz Auza Gaztelu aldera, Ausokoi lepoan, Ausokoi II izeneko trikuharria ikus dezakegu.
Auza Gazteluko tontorraren parean dagoen malda gora igoaz, eta tontor horren SSEan, Atauru Gañe izeneko parajean Ausokoi trikuharria dago. Hemendik bertan, 170 m SSE aldera Atauru Gañe izeneko monolitoa edo menhirra aurkitzen da. Lurrean etzanda dago.
Hemendik Uidui aldera goazela, trikuharri multzo bat aurkituko dugu. Multzo honetan, Aranzadi, Arraztarangaña, Jentillari, Argarbi, Uidui, Zearragoena eta Uelogoena izeneko trikuharriak daude.
Azken bi trikuharri hauen ondoan, Supitaitzko monolitoa dago, hau ere izen bereko bizkarrean. Zutarri hau Uiduiko trikuharritik 150 m hego sartaldera eta Uidui II trikuharritik 150 m SSW aldera aurkitzen da.
Zearragoena eta Uelogoena trikuharritara iristeko Uidui sarobeko sartaldean dagoen malda zabaletik igo behar da. 600 bat metrotara, itsasotik 1024 metroko altueran, Zearragoena trikuharria dago.
Gorago, Zearragoenatik 360 m NNE aldera Iparraldeko Uelogoena eta Hegoaldeko Uelogoena trikuharriak daude. Bata bestearen ondoan.
Hemendik Alotzako larrekitan barneratzen bagara, Saltarri monolito ederra ikus dezakegu. Hau ere mendi belardian etzanda. Gorago, Arrubin beste zutarri bat dago.
Alotzatik Irazustako lepotik irteten bagara, lepoaren ondoan Irazustako Lepoa izeneko zutarria ikus dezakegu.